Fleming eskolako Kultur Astea

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko ots. 1a, 01:00

Astelehenean hasita, hainbat ekintza burutu dute dagoeneko Flemingo Kultur Astearen baitan. Ostiralera arte luzatuko dira saioak, baina orain artekoaren berri igorri dute Flemingo irakasleek:

Argazkiak

"Astelehenean kultur asteari hasiera emateko, 6. mailako ikasleek Gipuzkoako odol emaileen eskutik tailer interesgarri bat izan zuten; tailer honetan odolaren beharrez jabetu ziren. Aldi berean 5. mailakoek, zahar egoitzatik igo ziren aiton-amonen  istorioak entzuteko aukera izan zuten. Harrera, ikasleek aurreskua dantzatuz egin zieten eta beraien artean giro polita sortu zen.

Arratsaldean berriz, Arroako plazara gerturatu ziren guztiak, gynkanan parte hartu eta txokolate beroa hartzeko aukera izan zuten. Ekintza honek arrakasta izugarria izan zuen eta, eguna ondo bukatzeko, ikasleek joan den astean landutakoaren osagarri, gurasoek, Lilima taldearen eskutik “Sexuen hezkuntza seme-alabekin lantzeko” tailerra burutu zuten.

Asteartean aldiz, GUREA antzokiko erakusketa gelan, “Haurrekin heriotzaz nola hitz egin” Nerea Mendizabalen eskutik entzuteko aukera izan genuen eta jende ugari gerturatu zen.

Bestalde gaur, asteazkena, Funky emanaldia izango da eskolako ikasleen eskutik eta “Pirata Garrapataren istorioak” ikuskizuna ikusteko aukera izango dugu. Bihar berriz, “kolore guztiak” festa  (aurpegia eta eskuak margotu, txapa tailerra, musika, janari tipikoak…) eta ostiralean, asteari bukaera emateko, danborrada, buruhandiak, erraldoiak eta bokata jatea izango dugu. Ikusten duzuenez, era guztietako ekintzak daude, beraz, animatu eta gerturatu zaitez!".

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!