Euskararen lan mahaia abian

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko ots. 1a, 01:00

Euskararen lan mahaia bildu zen atzo arratsaldean Amasa-Villabonako udaletxean. Martxoaren 30etik apirilaren 9ra luzatuko den Korrika festaz gain, 2018-2022 urteetarako Euskara Plan berria izan zuten mintzagai.

Maite Arregi euskara teknikaria, Ibon Ariznabarreta EAJko alkate-ordea, Xabat Laborde EH Bilduko zinegotzi eta Korrikako bultzatzailea, Andoaingo AEK, Tolosaldeko Ataria, Banaiz Bagara elkartea, Amasa-Villanonako Haurreskola, Fleming, Zubimusu eta Erniobea ikastetxeak, Billabona Futbol kirol elkartea nahiz Aiurri aldizkariko ordezkariak bildu ziren atzo arratsaldean Amasa-Villabonako Udalak deitutako Euskararen lan mahaian.

XX. Korrika apirilaren 4an, 09:13etan iritsiko da Amasa-Villabonara eta herria girotu nahiz festa indartzeko ekimenak antolatzeko, otsailaren 7an, datorren asteartean, Korrika batzordea elkartzeko deia egin zen. 19:00etan udaletxeko balio anitzeko gelan izango da lehen bilera, herritar guztiei zabaldua. Kilometroen salmenta, ohi denez, Udaleko Euskara Zerbitzutik bideratuko bada ere, Korrika laguntzaile edota Korrika lagun kanpainak batzordetik jarriko dira abian eta baita bestelako kultur ekintzaren bat ere.

Bestalde, datozen lau urteetarako Euskara Sustatzeko Ekintza Plan berria egin behar da eta, Udaleko kideek, herriko eragile ezberdinei dei egin zien bakoitzak bere alorrean sumatzen dituen beharrak antzemanda, 2018-2022 urte arteko plana osatzeko. Gainera, bost urtez behin egiten den euskararen erabilera neurtzeko kale neurketaren emaitzak jasoko dira aurtengoan eta datu horiek ere plana osatzeko lagungarri izango dira.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!