Kontzertu bikainak, Piano Jaialdiaren atarikoak

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko ots. 1a, 01:00

Oroith Abesbatzak eta Rubio, Urdangarin eta Ulanga Andoaingo hiru musikariek kalitatezko kontzertuak eskaini dituzte aurreko egunetan. Gaurkoan, Imanol Iribarren eta bere taldeak jazz kutsuko kontzertua eskainiko dute. Piano Jaialdiaren atariko kontzertu-zikloaren eskutik datoz emanaldi horiek.

Argazkiak: Oroith | Rubio, Urdangarin, Ulanga

Oroith abesbatzaren emanaldi bikaina

Ordiziako Oroith Abesbatzak eman zion hasiera asteburuko piano jaialdia girotzeko antolatu den kontzertu-zikloari. Izen handiko abesbatza da Ordiziakoa, Europan barrena makina bat alditan eskaini izan dituena emanaldiak (Austria, Frantzia, Italia…); maiz jaso izan ditu sariak jendeaurrean eskaintzen duen ahots kalitateagatik.

Kontzertua berez erakargarria egiten zuen kalitatezko ezaugarri horri bigarren bat erantsi beharrekoa zen, nahitaez, Oroith abesbatzaren kasuan: Andoaingo Musika eskolako irakasle den Katrin Ituirralde da bere zuzendaria. Andoaingo musikazalea ohituta dago Iturralde Andoaingo gazte eta helduen abesbatzekin ikustera, baina ez bere jaioterriko abesbatzarekin.

Oroith abesbatzak ez zion hutsik egin Andoainera zekarren ospeari, eta egundoko kontzertu eskaini zien Basteroko ekitaldi aretora azaldu ziren entzuleei, horretarako egile eta errepertorio anitza hautatu eta gero. Ahotsez interpretatzeko zailtasunagatik nabarmentzen diren hainbat egileren (Ruther, Gjeilo, Chilcot Sarasola, Lauridsen, Abba) obrak landu zituen taldeak, eta ezin airosoago jardun zen guztiekin ere.

Abesbatzak Myriam Ulanga piano jotzailea eta Ander Zulaika perkusio jotzailea izan zituen laguntzaile.

 

Urdangarin eta Rubio, etorkizun handiko musikariak

“Oso-oso gutxitan antola litekeen kontzertua entzuteko pribilegioa eduki dugu gaur, hemen, Basteron; izan ere, biolina, marinba eta bibrafonoa oso musika tresna zailak dira jotzeko orduan, eta ez hori bakarrik, aukeratu dituzten piezak ere ez dira edonolakoak”. Hitz horiekin eman zion amaiera Andoaingo hiru musikarien musika emanaldiari Karmen Urkolak, Piano jaialdiko laguntzaileetako bat den Lartundo fundazioko ordezkariak.

Mikel Urdangarin Castrok biolina jo zuen eta Carlos Rubio Amondarainek marinba eta bibrafonoa; Myriam Ulanga izan zuten pianoarekin ondoan, ezin egokiago modaltu zelarik biekin.

Urkolak zehaztu zuen bezala, musikari gutxi ausartzen diren egile eta errepertoriari heldu zioten bi gazteek. F. Kreisler (Liesbesleid) eta C. Franck (Sonata en La Mayor) sortzaileen piezak jo zituen Urdangarinek, Gordon Stout (Mexican dances for marimba) eta Alexej Gerasimezenak (Piazzonore) Rubiok.   

Publikoak txalo zaparradaz erantzun zien hiru mus¡ikariei egindako ahaleginagatik, eta horiek, opari gisa, egutarauak jasotzen ez zuen abesti alai batekin eman zioten amaiaera kontzertuari; hain zuzen ere, John Philip Sousaren Washington Post aukeratu zuten.

Gazteak dira Rubio eta Urdangarin, eta asteartean argi utzi zuten ibilbide luze eta emankorra daukatela aurretik oraindik.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!