EAJ eta PSE-EEren aldeko botoekin onartu dira 2017ko aurrekontuak

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko ots. 6a, 01:00

Amasa-Villabonako Udalak 6.303.740 euroko aurrekontua izango du zehazki, 2017 urterako. Urtarrilaren 30eko iluntzean onartu zen EAJko eta PSE-EEko zinegotzien aldeko bozkarekin. EH Bilduk aurrekontuen aurka bozkatu zuen:

Amasa-Villabonako EH Bilduk, aurrekontuen aurka bozkatzearekin batera, Osoko Zuzenketa aurkeztu zuen egun batzuk lehenago eta Ibon Ariznabarretak bertan aipatzen diren puntuei erantzunez hasi zuen Osoko Bilkura. Besteak beste, EH Bilduk herritarren parte hartzerik gabeko aurrekontuak direla esatearekin bat agertu zen EAJko zinegotzia, “Parte-hartze gabeko aurrekontuak direla dio Bilduk. Eta arrazoi guztia eman behar diogu, zeren, aurrekontu proposamena  batzordeetan azaldu genuenetik eta ezezkoa jaso duguneraino, 42 egun pasa dira. Bidean, herritar asko ordezkatzen dituen Bilduko udal taldearen proposamen bakar bat ere ez!”.
Urte guztian zehar, udaletxera herritar eta elkarteen eskaera asko iristen dela eta aurrekontua egiterakoan, proposamen horiek kontuan hartu direla nabarmendu zuen, “partaidetza jendearekin urte guztian hitz egitea da eta kontuan hartzea ere bada, ez web orrian inkesta bat jartzea bakarrik”, adierazi eta 42 egun pasa ondoren, EH Bilduren aldetik jaso duten erantzun bakarra, dena gaizki dagoela esatea izan dela mahai gaineratu zuen. “Dena gaizki egiten dugula esan bai, baina proposamen argirik ez! 42 egun zain! Ez nondik kendu, ez non jarri, ez zenbat jarri”.
Inbertsioetan EH Bilduk egiten duen kexa, proiekturik eza, 250.000 euroko parke estalirik ez egotea dela adierazi zuen Ibon Ariznabarretak, baina, “Osoko Zuzenketa arretaz irakurrita, aurkitu dugun proposamen zehatz bakarra, alkatearen soldata jaistea da. Iritzi politiko ugari, baino testu guztian ez dago proposamen bakar bat, eta, larriagoa iruditzen zaiguna, aurrekontuak atzera bota nahi izateko, ez dago partidei buruzko benetako kexarik. Oraindik ez dakigu zein den arazoa proposaturiko partidekin”.

Txukundu beharrekoak
Amasa-Villabonako EH Bilduk eginiko Osoko Zuzenketan, EAJri herri proiekturik ez izatea aurpegiratu izanaren aurrean, “tamalez, eta oraingoz, gure herri-proiektua zuek zortzi urtetan utzitakoa konpontzea da. 2016an inbertsioetarako dirurik ez zegoen, eta 2017an ere ia dena mantenua da. Gainera, oraindik ere txukundu beharreko gauzak geratuko dira”, erantzun zuen.
Herrian berrikuntza eskaera eta konponketa asko egiteko dagoela ikusirik, oraindik ere “proiektu esanguratsuak” egin nahi ote zituzten ere galdetu zien EH Bilduko kideei. “Guk argi dugu lehenengo Villabona txukundu behar dugula. Apurtua edo apurtzeko puntuan dagoena konponduko dugu, beharrezko ikusten diren lanak bultzatuko ditugu, eta ondoren hasiko gara gauza berriak egiten”.
Amaitu aurretik, aurrekontuak nola egin dituzten jakinarazi zuen eta Villabonako aurrekontuen zati handiena gastu arruntean joaten dela adierazi. “Ondoren egin duguna teknikariei bere arloetan dituzten beharrak zeintzuk diren galdetzea izan da. Bidali dizkiguten eskaerak onartu ditugu, beraiek direlako egunerokoa ondoen ezagutzen dutenak. Bilduko ordezkariak, jakin nahi genuke honekin ados zaudeten.  Hau egin ondoren, eta sobratzen den diruarekin, kontuan izanda mailegu handiena eskatzea aurreikusten dela beharrak ere handiak direlako, gure proposamena egin dugu. Azaldu mesedez ze partidarekin ez zaudeten ados, zeren, zuen dokumentua irakurrita ez dugu argi”. Eta banaka-banaka partida bakoitzarengatik galde egin zien.

EH Bilduren erantzuna
Xabat Laborde EH Bilduko zinegotziak erantzun zien Ibon Ariznabarretaren esanei. “Ez dugu esan aurrekontu honetako partida guztien kontra gaudenik. EAJk demokrazia errepresentatiboaren defentsa sutsua egiten duela ikusi dugu eta guk demokrazia parte hartzailean sinesten dugu. Garbi dago EAJ eta Bilduren artean, politika egiteko bi eredu ezberdin daudela”. 2017koak herritarren parte hartzerik gabeko aurrekontuak izan direla azaldu zuen Labordek eta informazioa emateaz gain, herritarrei parte hartzeko tresnak jarri behar zaizkiela. “Aurrekontu proiektuaren aurkezpen publikorik ez da egin, Udal barruan geratu dira. EAJk Amasa-Villabonarako proiekturik ez duela diogu, ez baita ikusten etorkizunera begira zeintzuk diren gai estrategikoak”. Frontoia berritzeari begira, egoera kaxkarrean daudela jakitun direla azaldu zuen, “baina aurrez zer egin nahi den zehazten duen proiekturen bat ikusi nahiko genuke”. Inbertsioen atalean, Larreako parke estalia gauzatzearen alde egin zuen Xabat Labordek, “eskaera historikoa delako eta aurreko legealdian eredugarria izan zen proiektu parte hartzailearen bidez gauzatu zelako. Lehetasunezko proiektua da guretzat, herritarrek hala erabaki zutelako”. Inbertsiotarako eta mantenurako diruaz gain, parkea estaltzeko eta proiektua egiteko dirurik ez dagoela erantzun zion Ibon Ariznabarretak.

Ezezkoa bozkatzeko arrazoiak
Partiden kontra ez badaude, aurrekontuei ezezkoa zergatik eman dien galdetu zion EAJko zinegotzaik EH Bildukoari, emendakinik aurkeztu ez dutenez. Xabat Laborderen erantzuna: “Iaz bezala, emendakin partzialak aurkeztu izan bagenitu, sistematikoki baztertu egingo zenituztela pentsatu genuelako. Gurekin aurrekontuak adosteko inolako borondaterik ikusi ez dugulako”. Bestalde, aurrekontuen aurka bozkatzeko beste arrazoi nagusia alkatearen soldata dela jakinarazi zuen EH Bilduko ordezkariak, “erabat onartezina iruditzen zaigulako eta Osoko Zuzenketa planteatzeko nahikoa arrazoi”. Era berean, nazio eraikuntzan ekarpena egiten duten Udalbiltza eta Gaindegia erakundeei dirulaguntzarik ez ematea ere aurka bozkatzeko beste arrazoietako bat izan zela gaineratu zuen.

PSE-EEko Maria Luisa Arijaren erantzuna
Gastu orokorretara eta herriko mantenura bideratutako aurrekontuak direla zehaztu zuen, bere aldetik, Maria Luisa Arija, PSE-EEko zinegotziak. “Egoera txarrean dauden herriko zerbitzuak berritzea beharrezkoa iruditzen zait, nahiz eta, bere garaian, Larreako parkea estaltzea defendatu nuen nik. Egia da Larreako parkea estaltzeko proiektuan, hasierako aurrekontutik egiazkora alde handia zegoela. Hurrengo urtean, kapital handiagoko inbertsioak egiteko aukera izatea gustatuko litzaidake, aurreko legegintzan EH Bildu zegoenean bezala. Baina ez dago kapitalik”, adierazi zuen. Bestalde, 2017rako aurrekontuak “bereziki onak” iruditzen ez bazaizkio ere “gestiokoak” direla uste du. “Lehentasunen eztabaida piztu da hemen eta argi dago kasu horretan gutxiengoak galdu egiten duela. Esperientziaz diot. Partidek biltzen dutena betetzea eskatzen dut nik”.

EAJ-PNVko zinegotzien sei bozkarekin eta PSE-EEren aldekoarekin onartuta geratu ziren 2017ko aurrekontuak, guztira 6.303.740 euro izango dituenak.

2017KO INBERTSIO GARRANTZITSUENAK

-Iragarkietarako taula 5.000€
-Grabaketa sistema eta mikrofonoa 25.000€
-Jubilatuen elkarterako eserlekuak 4.000€
-Irisgarritasun planeko obrak, 1/3 fasea 46.737,59€
-Zakarrontzien erosketa 3.000€
-Hapoa eguneratzea 18.000€
-Liburuak itzultzeko kaxa 2.000€
-Arotz ikastaroan hautsak jasotzeko makina 2.500€
-Liburutegirako eserlekuak 5.000€
-Gurea zinemako butakak 54.000€
-Liburutegiko liburu eta CDak 8.000€
-Frontoietako berrikuntzak 100.000€
-Arratzain futbol zelaiko obrak 15.000€
-Kiroldegia: Elbarrituentzako aldagela eta itukinak 57.000€
-Kiroldegia: Igerilekurako plakak 3.240€
-Kiroldegia: Hidromasajearen zentralita 3.200€
-Fleming ikastetxea handitzea 15.000€
-Arroako eskolan berrikuntzak 4.500€
-Arroako eskolan teilatuaren berrikuntza 9.000€
-Haurtzaindegian berrikuntzak 4.500€
-Haurreskolan karrotxoentzako txabola 6.000€
-Arratzainen kanalizazioaren proiektua 3.000€
-Komizarko mahaiak eta parrillak 5.000€
-BTT proiektuaren exekuzioa 30.000€
-Amasamendiko kudeaketa jarduerak 10.000€
-Agenda 21 ekintza planaren berrikuspena 25.000€
-Brigadarentzako furgoneta berria (5 urtez, leasing bidez) 10.500€

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!