Andoaingo ordezkaritza Duintasunaren Kolunbarioan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko ots. 1a, 01:00

Duintasunaren Kolunbarioa inauguratu zuten astelehenean Elgoibarren, “demokrazia eta askatasuna babesteko bizi eman zutenen memoria ohoratzeko eta haien eredua goratzeko”. Bertan 1936ko gerrarekin zerikusia duten 27 gorpuzkin hilobiratu dira. Ekitaldian Ana Carrere alkateak eta Agustin Alberro zinegotziak Asuko brigadistari lur eman zioten.  

Gorpuzkin horien artean Asu baserriko inguruetan (Leizotz auzoa) faxistek erail eta lurperatu zuten errepublikanoaren arrastoak daude. Identifikatu gabe jarraitzen du oraindik, eta Elizondo familiako kideek eman zuten testigantzaren arabera, Belgikatik etorritako pertsona behar zuen izan, Errepublikaren sistema demokratikoa defendatzeko Europatik heldu ziren brigadistetako bat. Molaren tropek Andoain militarki hartu zutenean, abuztuaren 16an, Leizotz bailaran atxilotu eta Asuko lursailetan fusilatu eta lurperatu egin zuten. 2003ko azaroaren 23an azaleratu zuten, Aranzadik eta  Oroituz elkarteak elkarlanean.

27 gorpuetatik hogeita bost identifikatu gabe jarraitzen dute. Hamabi udalerrietan topatu dituzte gorpu horiek: Andoainen, Arrasaten, Azkoitian, Elgetan, Elgoibarren, Legution, Lemoan, Mañarian, Mutrikun, Gaubean, Zaldibian eta Zigoitian. 

Iñigo Urkullu lehendakariarekin batera bertan izan ziren Eusko Jaurlaritzako, Foru Aldundiko eta udalerrietako ordezkariak eta baita memoria historikoaren berreskurapenaren aldeko zenbait erakundeetako ordezkari ere. Maribel Vaquero Aldundiko Bizikidetza eta Giza Eskubideen Zuzendaritzako burua bertan izan zen.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!