Txapartegiren tortura salaketei sinesgarritasuna eman diete

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko urt. 31a, 01:00

Nekane Txapartegiren abokatuak igorritako oharrak dionez, "adituen ondorioa da benetakoak direla salatutako torturak, espetxean eginiko azterketaren ondoren eta agiri medikuak analizatu ostean". Istanbuleko protokoloa jarraituz egindako txostena Suitzako Justizia Bulego Federalera bidali dute dagoeneko.

Espainiak egindako estradizio eskaera ez onartzea eskatzen du defentsak, eta horrez gain, asiloa ere eskatu dio Txapartegik Suitzari. Nekane Txapartegiren abokatuak azaldu duenez, atxilo zegoenean eginiko deklarazioetan oinarrituta zigortu zuen Espainiako Auzitegi Nazionalak Txapartegi, 18/98 sumarioan. Deklarazio haiek torturapean egin zituela adierazi du Nekanek behin eta berriz. Bi adituren txostenak, sinesgarritasuna ematen dio asteasuarren salaketari.

Istanbulgo protokoloa

Pertsona bat torturatua izan den frogatzeko NBE Nazio Batuen Erakundeak erabiltzen duen  metodoa da Istanbulgo Protokoloa. Txapartegiren kasua aztertu dute Onder Ozkalipcik auzitegi medikuak eta Thomas Wenzel psikiatrak. Haien ondorioa garbia da: "Inkomunikatuta atxilotuta egon zen 10 egunetan torturatua izan zela ondorioztatu dugu, aintzat hartu ondoren [torturen] diagnostiko psikologikoak eta arrasto fisikoak".

Otsailaren 6an, bestalde, 10 hilabete beteko dira Nekane Txapartegi Suizan atxilotu zutenetik. Hori gogoan, elkarretaratzea deitu dute Adunan. Datozen bi hilabetetarako mobilizazio ezberdinak deituko dituztela ere iragarri dute.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!