Podemos Ahal Duguren lehen urtea Andoainen

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko urt. 31a, 01:00

Teresa Santana Andoaingo Podemos Ahal Duguko ordezkariak balantzea egin du Aiurri astekarian.

Iritzia:

Datorren urtarrilaren 30ean urte bat beteko da Podemos Andoain Ahal Dugu zirkulua aurkeztu genuenetik. Urte osoan zehar ilusio bereziarekin aritu gara udalerrian lanean, egitasmoari forma eman nahian. Bilerak eginez moldatu egin ditugu gure ideiak batzuren eta besteen ekarpenekin. Udal batzorderen batera agertu izan gara eta herriko giza mugimenduetan agerpena izaten ahalegintzen ari gara, denok pairatzen ditugun arazoak hobeto ulertze aldera.
Beste alde batetik, mahai informatiboak antolatu ditugu gure ordezkari politikoek beharrezko diren kontuak herritarren aurrean eman ditzaten, oinarrizko errenta unibertsalari buruzko mahai-ingurua ere antolatu genuen eta bertara aditu diren lehen mailako solaskideak ekarri genituen, etab.

Baina, zintzo jokatuz, urtea zaila izan da, saltoka bezala ibili behar izan baitugu bi hauteskunde kanpaina izan ditugulako: Ekainaren 26ko Hauteskunde Orokorrak eta irailaren 25eko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Gure alderdia berria denez eta militantzia aktiboa eskasa denez, gutxi batzuk biderkatu egin behar izan dugu beste askoren lana egiteko. Gure lema nagusia egi bilakatu eta ahal izan dugu.

Gure balantzea positiboa da, nahiz eta herrikide gehiagoren inplikazioa izatea nahiko genukeen, bereziki ahalik eta jende gehiagoren benetako beharrak zeintzuk diren jakin ahal izateko. Etorkizuna idazteke dago, esperientziarik ez dugu eta bidea eginez aurrera egiten ari gara.

Zangotrabatuz eta bultzakadak jasoz hilabeteak daramatzagu barne prozesuan murgilduta, Vistalegre II delakoan amaituko dena. Bertan izango gara eta oso proposamen interesgarriak eramango ditugu hara.

Vistalegre I prozesuan hauteskunde borrokarako makina izateko antolatu ginen. Orain alderdia demokratizatzea eta deszentralizatzea dagokigu.

Euskadi mailan gure ahotsari tartea ematea garrantzitsua iruditzen zitzaigun, eta baita eztabaidari hasiera behetik ematea ere. Hori dela eta EAE mailako asanblada egin dugu eta bertatik 200 proposamen atera dira. 200 pertsona aritu gara aurrez aurre eztabaidatzen eta denera 1300 lagunek gogoko zituzten proposamenen aldeko botoa eman dute. Eztabaida horren emaitza hautagaitza ezberdin guztiei helarazi diegu eta euren programatan txertatuko dutela espero dugu.

Bide demokratikoen bitartez egiten den eztabaida sanoa eta aberasgarria da. Proposamenak eztabaidatzea da garrantzitsua, eta ez hainbeste pertsonen inguruan. Ea Vistalegre IItik denak norabide berean arraun eginez irteten garen, gehiengoak aukeratu duen egitasmoari babesa emanez. Podemosen ez dago inor sobera, eta denak garrantzitsuak gara.

Vistalegre II prozesua amaitzen denean, Andoaingo zirkuluak bere lana areagotuko du. Berrikuntzaren bat eskaintzeko moduan izango gara.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!