Herritarrek aukera izango dute urtean zehar beraien auzo eta kaleetarako garatu nahiko lituzketen proiektuak eta ideiak proposatzeko. Nahi adina proposamen egin ditzakete aste hauetan zehar. “Herritarrek proposatutako proiektu horiek inbertsioen atalera pasatzea da helburua”, azaldu zuen Mikel Pagola alkateak parte hartze prozesuaren aurkezpenean.
Proposamenak egiteko, urnietarren etxeetara bidalitako eskuorria bete beharko dute eta herriko puntu ezberdinetan dauden kutxatan utzi beharko dute: Bertan, Lekaio, Kiroldegia, Jubilatuen Egoitza, Anbulatorioa, Egape ikastola, Azkorte, Presentación de Maria eta Salesiarrak ikastetxeetan, hain zuzen. Horrez gain, herrian zehar jarrita dauden buzoietan edota Udalaren webguneko formulario digitalaren bidez ere egin dezakete. Urnietan erroldaturiko 16 urtetik gorako edozeinek du proposamenak aurkezteko aukera.
Behin eskaerak eginda, Udaleko teknikariek proposamenen bideragarritasuna teknikoki eta ekonomikoki aztertuko dute, gauzatuko diren proiektuak lehenesteko. Parte hartze prozesuaren azken pauso gisa, partaidetza-prozesuaren emaitzak eta hartutako erabakiak jakinaraziko dizkiete herritarrei.
Kontuan hartu beharrekoa
Pagola alkateak ohartarazi du dagoeneko inbertsioen zerrendan sartuta dauden proiektuak ez dituztela aintzat hartuko, eta beraz, ez errepikatzeko, horiek 2017ko aurrekontuan dagoeneko txertatuta daudelako.
KONTUAN HARTU
BEHARREKO EZAUGARRAK
Hainbat baldintza bete beharko dira proposamenak balekoak izateko:
1. Udal-eskumenekoak diren proposamenak, jarduera-arlo hauei lotuta: obrak, hirigintza eta mantentze-lanak.
2. Ekonomia edo/eta teknika aldetik bideragarriak diren proposamenak. Gauzatzeko 20.000€ baino gehiagoko kosturik ez dutenak.
3. Iraunkortasun ekonomikoa eta finantzarioa bermatzen dituzten proposamenak.
4. Urnietan bizi diren herritar guztien interesa norberaren interesen gainetik jartzen duten proposamenak.
5. Udalerriko auzoen arteko oreka bermatzen duten proposamenak.
6. Udal-eskumenekoak diren proposamenak.
Informazio karpak
Zalantza guztiak argitzeko eta proposamenak helarazteko informazio karpak jarriko dituzte datorren astean:
- Otsailak 3, ostirala:
- 10:00-14:30 Etxeberri plaza.
- 17:00-20:00 Guria ondoan.
- Otsailak 4, larunbata:
- 10:00-14:30 San Juan plaza.
- 17:00-20:00 Kiroldegia.