Behar Zana elkarteak Caritasi eman dio Gabonetako errifen zozketako azken saria

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko urt. 30a, 01:00

Joan zen larunbatean, urtarrilak 28, Behar Zana elkarteko lehendakari Agustin Aizpuruak, Caritas elkarteko Hilario Urdanpilleta eta Kontxi Arozenari eman zien abenduan, Behar Zana elkarteko Gabonetako errifen zozketan hutsik geratu zen saria, oso-osorik:

Igaro abenduaren 19an banatu ziren Behar Zana elkartearen Gabonetako errifetako sari nagusia eta beste bi sari txikiagoak. Hirugarren sariaren irabazlea, ordea, –Larrea okindegian saldutako 9304 zenbakiaren jabea­–, ez da azaldu eta ondorioz, Behar Zana elkarteak Caritas elkarteari saria oso-osorik ematea erabaki zuen. Behar Zanako lehendakari Agustin Aizpuruak larunbatean eman zien jaki eta edariz osatutako saskia eta Oria merkatal elkarteko saltokietan erosketa egiteko 200€ko erosketa txartela Caritas elkarteko ordezkariei. Esker-onez jaso zuten Hilario Urdanpilleta eta Kontxi Arozenak saria eta beharrean dauden herritarren artean banatuko dutela jakinarazi zuten.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!