“Mugimendu handiak ari dira ematen orain. Dirulaguntzak aktibatu egin dira eta jendea sagastiak jartzen hasi da. Ekimen honek lehen sektorea jarri du martxan”.
Euskal Sagardoari esker, jatorri izendapenen multzoan sartu da sagardogintza sektorea...
Unai Agirre. Aspalditik ari ginen horren atzetik. Eta garrantzia handia du urrats horrek. Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako sagardo zein sagar elkarte guztiek onartzea lortu dugulako. Horrek ez du esan nahi sagardotegi guztiak sartu direnik. Baina elkarte guztiak bai, batu egin dira. Elkarlanean aurkeztu dugu eta hori ere azpimarratzekoa dela uste dut, sektoreak horrelako zerbait behar zuelako.
Jatorri izendapenak eragin zuzena izango du sagardoaren ekoizpenean, ezta?
Konpromiso sendo bat hartu dute izendapenean sartu diren sagardotegiek. Urte batzuren buruan, %100ean jatorri izendapenaren baitan ekoizteko konpromisoa hartu dute. Orain portzentaje batekin has daitezke, kontrola kupelka doalako. Baina 10-15 urteko epean, sagardo guztia jatorri izendapenaren arabera ekoiztera konprometitu dira.
Urrutiko epea dirudi, baina sagastiak sagarra produzitzen hasteko ia 10 urteko epea behar du.
Bertako sagarrarekin egindako sagardoa. Hori izango da Euskal Sagardoaren etiketa daramanak bete beharko duen baldintzetako bat. Sagarrondo gehiago landatu beharko da...
Eta lehenbailehen. Mugimendu handiak ari dira gertatzen orain. Dirulaguntzak aktibatu egin dira eta jendea sagastiak jartzen hasi da. Plan orokor baten barruan sartzen da hau guzti hau. Lehen sektorea behintzat, martxan jarri du. Hemengo sagarra, kalitatezko sagarra behar dugulako sagardoa egiteko.
Sagastien kontrola ere areagotu egingo da, ezta?
Hala da. Sagasti asko dago hemen, baina profesionalizatutakoa ez hainbeste. Eta hori behar da, dauden sagastiak profesionalizatzen joatea. Eta horrez gain, sagasti berriak jartzea. Hasi dira jada, baina beste 300 bat hektarea gehiago beharko dira oraindik.
Sagardo botilaren prezioa baxua dela diote sagardogile batzuek. Prezio minimo bat ezarri beharko litzatekeela uste dute. Jatorri izendapenaren baitan, landu al duzue gai hori?
Sagardoaren sektorea duindu egin behar da: itxuran, kalitatean eta prezioan. Bestela ez genuke sektorearen gainontzeko kate guztietan eragiteko ahalmenik izango.
Ez dut uste jatorri deituraren apustua izan behar duenik, sektore osoarena baizik. Denon artean ahalegin handi bat egin beharko dugu produktuari duintasun bat emateko. Zezen horri ere heldu egin beharko diogu.
Kalitatezko bi zigilu:
Hemendik aurrera, kalitate-bermea izango duten bi zigilu publiko eta ofizial egongo dira merkatuan:
- • Euskal Sagardoa: Bertako sagarra bakarrik erabiliz egindako sagardoa, eta kalitate-bermea duena. Eusko Label sagardoaren lekukoa hartuko du. Kontseilu Arautzaileak kudeatuko du marka eta bertan sagargile zein sagardogile sektoreak eta administrazioek izango dute ordezkaritza.
- • Gorenak: Bertan egina han-hemengo sagarrak erabiliz, eta kalitate-bermea duena. Lehen dozena inguru sagardotegik erabili zezaketena, orain publikoa izango da; hau da, baldintzak betetzen dituzten sagardogile guztiek baliatu ahal izango dute.
Euskal Sagardoa zein Gorenak marken kalitatea bermatzeko, HAZI Fundazioak ziurtatuko du prozesua. Botila-lote guzti-guztiek pasa behar dituzte kalitate-kontrolak.