EH Bilduren lore eskaintza Adolfo Lozano eta Alberto Beaufourti

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko urt. 27a, 01:00

Gaur nazi-faxistek eragindako holokaustoaren biktimak gogoratzeko nazioarteko egunean, Amasa-Villabonako EH Bildu koalizioak lore eskeintza egin die Adolfo Lozano eta Alberto Beaufout Mauthausen-en egondako billabonatarrei:

Argazkiak

Holokaustoaren biktimen memoriaren egunean, EH Bilduk lore eskeintza egin die Adolfo Lozano eta Alberto Beaufourt billabonatarrei

Urtarrilaren 27an Nazi-faxistek eragindako biktimak gogoratzeko nazioarteko eguna da eta mundu osoan zehar Naziek egindako genozidio krudelaren milioika biktimak gogoratzeko ekitaldi eta ekimenak egiten dira.

Herritar askok ez badaki ere, Amasa Villabonan ere badira holokaustoaren biktimak, zehazki Mauthausen kontzentrazio eta sarraski eremuan egondako Adolfo Lozano eta Alberto Beaufourt. Adolfo Lozano Mauthausenen bertan hil zuten eta Alberto Beaufourt-ek berriz, bizirik irtetea lortu zuen.

2015eko abenduan, La Ilusión eta Aritza memoria historikoa lantzen duten elkarteetako lagunek elkarlanean antolatutako ekitaldi hunkigarri batekin batera, oroimen plaka bana jarri zituzten Kale Nagusian dauden bi biktima hauen jaiotetxeen aurrean, lurzoruan.

Amasa Villabonako EH Bilduk lore eskaintza egin die gaur nazi-faxismoaren bi biktima billabonatarrei, eta ekimen xume honekin, pasa den mendean fanatismo faxistak eragindako sarraski eta genozidio izugarriaren memoria presente edukitzeak duen garrantzia azpimarratu nahi du koalizio abertzale eta ezkertiarrak.

"Ez dugu hau inoiz ahaztu behar, bestela historia berriz errepikatzeko arriskua baitago. Oso arduratuta bizi dugu gaur egun Europan eta Estatu Batuetan gertatzen ari den intolerantziaren, arrazismoaren eta ultra-eskuinaren igoera, eta uste dugu gaitz hau historiara begiratuta sendatzen dela. Guk gure herrian faxismoa pairatu behar izan dugu 40 urte luzez iraun zuen Francoren diktadurapean eta ez dugu ahazten, era berean eta horregatik, gure izaera antifaxistan eta antiarrazistan berresten gara. Faxismorik inoiz gehiago ez!". 

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!