Danena Txirrindularitza taldea aurkeztu dute

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko urt. 30a, 01:00

Martxoan emango dituzte lehen pedalkadak Danena Txirrindularitza eskolan parte hartuko duten gaztetxoek. Gaur egin dute ekimenaren aurkezpen ekitaldia Zizurkilen, eta Aiztondo bailarako gaztetxoei zuzenduta egongo da txirrindularitza eskola. Errepideko txirrindularitza ez ezik, kirolaren beste zenbait modalitatea ere landuko dituzte infantil maila arteko neska-mutilek. Ikastetxeen bidez zabalduko dute deialdia, eta Plazida Otaño liburutegian ere izango da izena emateko aukera.
 

Ander Altunak azaldu duenez, "dagoeneko 11 urte dira Aiztondo bailaran ez dagoela txirrindularitza eskolarik. Villabonako Irrintzi izan zen aukera hori eskaintzen zuen azkena. Egoera horri buelta eman, eta txirrindularitza gustuko duten gaztetxoei aukera eman nahi genien". Oarsoaldeako txirrindularitza eskola izan dute eredu. Urko Munduate, Oarsoaldeako eskolako arduradunak eman ditu azalpenak: "Hilero modalitate ezberdina aukeratzen dugu. Eguraldiaren arabera, argi-ordu kopuruaren arabera..., ahalik eta modu egokienean antolatzen saiatzen gara entrenamendu saioak". Zizurkilen ere modalitate ezberdinetan trebatzeko aukera izango dute gaztetxoek, neska eta mutil.

Izena emateko aukera dagoeneko zabalik da, eta momentuz, sei gaztetxok eman du izena. "Danena taldetik gonbitea luzatzen diegu bailarako gaztetxoei; gertura daitezela txirrindularitzara, mutil eta neska".

Martxoan hasiko dituzte entrenamendu saioak, eta irakasleen artean izango da Jokin Alberdi zizurkildarra. "Asteburu honetan Ziklokroseko munduko txapelketa jokatzen ari da Luxenburgen. Erreferente izan daiteke gaztetxoentzat, eta guk luzatutako gonbita onartuz, entrenatzaile lanetan arituko da".

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!