Sei udalen arteko kooperazio hitzarmena

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko urt. 27a, 01:00

Beterri-Buruntzako sei udalek (Andoain, Astigarraga, Hernani, Lasarte-Oria, Urnieta eta Usurbil) lankidetza hitzarmena sinatu dute, sustapen ekonomikoa eta enpleguaren alorretan eskualdean abian dauden programak eta zerbitzuak modu bateratuan eskaintzeko.

Andoaingo udaletxean gaur gauzatu dute kooperazio hitzarmena, sinatzearen protokoloarekin. Bertan izan dira sei udaletako alkateak: Ana Carrere (Andoain), Zorion Etxezarraga (Astigarraga), Luis Intxauspe (Hernani), Jesus Zaballos (Lasarte-Oria), Mikel Pagola (Urnieta) eta Xabier Arregi (Usurbil)

Ekitaldiaren hasieran Ana Carrere Andoaingo alkateak sei udalerrien izenean adierazi duenez, “hitzarmenak lau urteko indarraldia du, eta denbora horretan, garapen agentzia sortzeko urratsak egiteko konpromisoa hartu dugu”. Izan ere, gogoratu behar da eskualde hori dela Gipuzkoa osoan garapen agentziarik ez duen bakarra.

Akordio berria sinatu ostean, sei udalek erronka nagusi baten aurrean daudela aitortu dute: “udal bakoitzak toki garapena, sustapen ekonomikoa eta enpleguaren alorretan egun dituen baliabideak hobeto aprobetxatzea eta eskualdeko herritarri eta enpresei zerbitzu bateratua eta hobea eskaintzea” da erronka hori.

Orain arte, sei udalerriek ez dute eduki eskualde izaera duen egiturarik, eta bere kasa jardun izan dute planak eta politikak garatzen, aipatu alorretan. Hutsune hori betertzera dator, hortaz, lankidetza hitzarmen berria. Eskualdeko herritarri eskaini izan zaizkien zerbitzuak ez dira bikoiztuko aurrerantzean, eta gainera, egoitzak, lokalak eta eraikinak partekatzeko, eta, zerbitzuen eta langileen kontratazioa zentralizatzeko aukera eskainiko du hitzarmenak.

Sei udalek elkarlanean abian jarriko dituzten eskaintzen artean daude tokiko enplegu planak, ekintzaileentzako eta enpresentzako zerbitzuak eta sektoreetako foroak.

Udal guztien ordezkari politikoekin osatutako Batzorde Kudeatzaile bat eratuko da laster ekimen guztiak aurrera eramateko. Batzorde hori udalen ekarpenekin hornituko da. 2017an, sei udalek 1.290.976 euroko aurrekontua bideratuko dute.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!