Piano doinuez gozatzeko garaia

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko urt. 27a, 01:00

Urtarrilaren 30etik otsailaren 5era luzatuko da Andoaingo XII. Piano Jaialdia. DEIadar elkarteko Txitxu Castro, Myriam Ulanga eta Ainhoa Aiertza buru-belarri ari dira antolakuntza lanetan.

Aurkeztuko al duzue Andoaingo XII. Piano Jaialdia?

Txitxu Castro: Piano-jotzaileen emanaldiez gozatzeko aukera paregabea izango da otsailaren 4 eta 5eko asteburuan, baina X. edizioan hasi bezala, aurreko astelehenean emango diogu jaialdiari hasiera. Urtarrilaren 30etik otsailaren 5era, astebetez luzatuko da, beraz, Piano jaialdia. (Egitaraua osorik, alboan).

Myrian Ulanga: Urtarrilaren 31ko eta otsailaren 1eko kontzertuak nabarmendu nahiko nituzke, hiru musikariak –Mikel Urdangarin, Carlos Rubio eta Imanol Iribarren–, gure eskolatik ateratakoak baitira. Mikelek karrera amaituta dauka eta biolina jotzen du. Carlos Rubio Musikenen goi mailako ikasketak burutzen ari da. Emanaldi berezia prestatu dute biek elkarrekin urtarrilaren 31rako. Imanol Iribarren, berriz, Musikenen goi mailako piano ikasketak amaitu eta tronboi-jazz estiloa lantzen ari da bertan. Emanaldi berezi eta modernoa eskainiko du Musikeneko beste hainbat musikarirekin batera, otsailaren 1ean. Andoainen musikari onak ateratzen ari direla azpimarratzea gustatuko litzaidake.

T.C.: Myriam eta bion piano ikasleek otsailaren 2an eskainiko dute emanaldia, asteburukoaren atariko bezala.

Ainhoa Aiertza: Aurten, Piano Jaialdiaren osagarri, Labeque ahizpak etorri ziren abenduan Basterora eta oso esperientzia aberasgarria izan zen. Nazioarte mailan aritzen badira ere, gertutasun handia erakutsi zuten gu guztiokin eta oso gustura geratu ginen.

Zer aurreratuko zenukete otsailaren 4-5 asteburuaz?

M.U.: Sei urtetik 18 urte bitarteko 758 partaide izango dira guztira aurten eta 29 saio eskainiko dituzte asteburu osoan zehar. Saio horietatik epaimahaiak berezien jotzen dituztenekin, 30. emanaldia osatuko da; amaierako kontzertua, hain zuzen.

T.C.: Saioak goizeko 09:30etan hasi eta 21:00ak aldera arte luzatuko dira larunbat eta igandean. Piano maratoia izaten da.

 

Zein da Piano Jaialdiaren helburu edo sorburua?

T.C.: Pianoa, berez, bakarkako musika tresna denez, ikasleak jotzera bultzatzeko helburuarekin sortu genuen jaialdia.

M.U.: Aurrez, kontserbatoria izan zen Andoaingo musika eskola eta programazioa nahiz eman beharreko pauso guztiak markatuta zeuden. Baina musika eskoletako legea aldatu zenean, ez zegoen egitarau zehazturik. Herri bakoitzak bere erara bideratzen zuen lana eta guk batu beharra sumatu genuen. Bestalde, beste musika-tresnek kalera ateratzeko aukera zutela ikusten genuen, pianoak ez bezala. Izan ere, pianoa eszenatokian jotzeko tresna da, finkoagoa. Zer egin pentsatzen hasi eta ikuspegi berdinak batzeko tokia behar genuela erabakita, jaialdia antolatzeko pausoa ematea erabaki genuen.

T.C.: Hamar bat lagun Elgoibarren biltzen hasi ginen orduan eta Bastero orduantxe eraiki zutenez, bertan egitea erabaki genuen, azpiegitura aldetik aukera handia ematen duelako. Lehen urtean, larunbatarekin, egun bakarrean antolatu genuen. Bigarren urtean parte hartzaile kopurua bikoiztu egin zenez, asteburu osoa hartu genuen. Oihartzuna hartuz joan da geroztik jaialdia.

 

DEIadar elkarteko kideak arduratzen zarete jaialdiaren antolakuntzaz. Nortzuk osatzen duzue elkarte berri hori?

T.C.: Orain artean Seiasle elkartea arduratu izan da jaialdia antolatzeaz, baina aurten, hainbat aldaketa izan da eta izena ere aldatu egin diogu elkarteari. Myriam Ulanga, Ainhoa Aiertza eta hirurok osatzen dugu DEIadar elkartea eta geroni arduratzen gara antolakuntza lanez.

A.A.: Baina hiruon artean ezin dugu antolakuntza lan guztia aurrera eraman. Eskerrak, beraz, Andoaingo musika eskolako ikasle izandako kideak jailadian laguntzeko beti prest agertzen diren. Eskertu beharrekoa da hori. Guztion artean familia bat osatzen dugu eta guztion lanari esker antolatzen dugu Andoaingo Piano Jaialdia. Ikusleek kanpotik jaialdiaren inpresio ona jasotzen badute, oraindik eta politagoa da barrutik bizitzea, oso giro oneko talde polita osatu baitugu eta lan handia izanagatik, oso gogo onez egiten baitugu.

Modalitate ezberdinetan banatuta dago jaialdia. Kontaiguzue…

A.A.: Bi, lau edo sei eskutara, hots, bakarka, binaka edo hirunaka, hiru modalitate ezberdin lantzen dira jaialdian. Gainera, adinaren edota obraren kategoriaren arabera, A, B eta C kategoriatan banatzen da. www.andoaingopianojaialdia.eus gunean ikus daitezke obra guztiak (ia 800 guztira). Irakasle bakoitzak aukeratzen ditu bere ikasleentzat.

M.U.: Jaialdiko errepertorioan oinarrituta, martxoan Donostian egiten den piano lehiaketan jotzeko aprobetxatzen dituzte ikasle ugarik obra horiek. Andoaingo jaialdian parte hartzea tranpolin modukoa izaten da haientzat, prestakuntza modura. Gainera, jaialdia entzun eta bertan parte hartu ondoren, zer ikasten jarraitu nahi duten aukeratzen dute ikasleek. Eta horrekin prestatzen dute ikasturteari amaiera emateko audizioa ere. Erreferente handia da.

A.A.: Jaialdi honetan sei urtetik aurrerako gaztetxoek hartzen dute parte eta jendaurrean aritzeko beldurra galtzeko baliagarria izaten da. Gainera, koladun pianoa jotzeko aukera oso erakargarria da haientzat, gela itxi batean eta jende askoren aurrean. Giro polita sortzen da, errespetua nagusitzen baita; isiltasuna. Motibagarria da gazteentzat. Gainera urtetan lagun egin dituzten beste piano-joleekin elkartzeko aitzakia ere bihurtu zaie.

T.C.: Ikasle, guraso eta irakasle elkartzeko topagune bihurtu da jaialdia.

 

Gipuzkoatik haratagoko mugak ere gainditzen ditu jaialdiak…

T.C.: Bai, hala da, baina gipuzkoarrak dira parte hartzaile gehienak, nabarmen. Bizkaitarrak, nafarrak eta arabarrak ere gerturatzen dira eta aurten iparraldekoren bat ere bai, baina Gipuzkoakoak nagusiki.

 

Oihartzuna handia hartu du Andoaingo Piano Jaialdiak. Ezagutzen al duzue Euskal Herrian halako dimentsiorik duen beste jaialdirik?

M.U.: Erreferente bihurtu da Andoaingo Piano Jaialdia programazio aldetik. Guk zabaltzen dugun programak ikasle bakoitzaren ikasturte osoa antolatzeko aukera ematen baitu eta, zentzu horretan, musika eskoletako pianoko irakasleentzat erreferente da.

T.C.: Nik ez dut antzeko beste jaialdirik ezagutzen. Pixkanaka hasi ginen, baina oihartzun handia hartu du urtez urte.

M.U.: Bilbon edota Donostian lehiaketak badira, baina lehiatzeko helbururik ez duen jaialdi bakarra da gurea. Parte hartzaile guztiei ematen zaie domina; sinbolikoki, urrezkoa, zilarrezkoa edo brontzezkoa. Nabarmendu d(ir)enei, hori bai, jaialdiaren amaieran aipamen berezia egiten zaie eta itxierako emanaldia eskaintzen dute.

 

Jaialdia antolatzen hasi zinetenean pentsatuko al zenuten halako indarrik har zezakeenik?

T.C.: Ezta pentsatu ere. Ilusio handiz hasi ginen eta proiektu berria zenez, oso motibatuta geunden, baina ez genuen halakorik espero. Baina hamabi urtez hementxe ari gara.

A.A.: Oso jaialdi polita da eta barrutik ezagutzen duenak asko maite du. Parte hartzaileek ere piano jaialdiarekiko fideltasuna mantentzen dute eta lan asko eskatu arren, merezi duela uste dut.

M.U.: Bizi garen gizarte honetan entzuten diren kontuen aurrean, Andoaingo Piano Jaialdian, pertsona pertsona dela erakusten dugu. Musika hizkuntza espresabidea da eta ikasleen beste hizkuntza hori garatzen dugu: Musikarekin hitzekin esaten ez dena esatea, hain zuzen. Jaialdian. entzulea hunkitu eta familia musikaren inguruan osorik inplikatzea lortzen dugu. Zaila da hori lortzea.

 

Asteburu horretan Andoaiera jende asko gerturatzeaz gain, Andoaini begira egoten dira komunikabideak ere. Jaialdia herria sustatzeko aitzakia ere bihurtu al da?

T.C.: Dudarik gabe. Gu barruan aritzen gara eta ez dugu kanpoko giroa ikusten, baina esaten digutenez, haur eta gazteak kolore bereko zapia bizkarrean jantzita, oso giro polita sortzen da herrian zehar eta baita tabernetan ere. Asko eskertzen dute merkatari nahiz tabernariek. Urteren batean elur arriskua zela eta, nekazal etxeren batera etorri ziren parte hartzaileetako batzuk. Egonaldia ziurtatu egin nahi zuten badaezpada, ez baitzuten jaialdirik galdu nahi.

 

Egun horietan Andoainera gerturatzeko garraioari begira, gomendiorik luzatzen al duzue?

A.A.: Autoz etortzen da gehiengoa eta ez da arazorik izaten. Larunbateko merkatua Makaldegi plazan egin beharrean, egun horretan Goikoplazan egitea erabaki zuen Andoaingo Udalak eta, modu horretan, autoak aparkatzeko lekua izaten da bertan. Gainera, Borda Berri industriagunea asteburuan lasaiago izaten denez, han ere izaten da nahikoa leku. Seinaleak jartzen ditugu etortzen direnek non aparkatu jakin dezaten. Bi gune horiek Basterotik oso gertu daude eta parte hartzaileak nahiz ikusleak orduka gerturatzen direnez, mugimendu handia izaten da.

 

XII. Jaialdia izanik, esperientziak lasaitasuna ematen al dizuete edo urduritasunik sumatzen al duzue?

T.C.: Esperientzia izan arren, hasi artean beti izaten da tentsioa edo urduritasuna. Eguna aurrera joan ahala erlaxatzen gara pixkanaka.

A.A.: Azken batean zazpi eguneko jaialdia denez, egunez egun joaten gara aurrera. Aurten gainera, bada aldaketarik: Iaz astean zeharreko emanaldi gehienak erakusketa gelan egin baziren, aurten, otsailaren bukaera arte okupatuta dagoenez, ekitaldi aretoan izango dira astelehenetik ostegunera bitarteakoak, eta auditorioan ostiralekoa.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!