Hizkuntzalaria zara. Ikasketek ekarri zintuzten Euskal Herrira lehenengo aldiz…
Duela bospasei urte etorri nintzen lehenengo aldiz Euskal Herrira. Holandan ari nintzen Linguistika aplikatua ikasten eta praktikak egitera etorri nintzen Euskal Herriko Unibertsitatera. Donostian, ikerketa arloan praktikak egiten aritu ostean, Holandara itzuli nintzen, baina jarraipena emateko gogoz geratu nintzenez, eleaniztasunaren inguruko doktoretza egitera itzuli nintzen geroago Donostiara.
Joan zen ekainean aurkeztu zenuen Multilingualism in the workplace: the voice of professionals (Eleaniztasuna lantokian: profesionalen ahotsa) doktorego lana. Zer ikertu duzu zehazki?
Eleaniztasuna aztertu dugu enpresatan, eleaniztasunak nazioartean lan egiten duten enpresetan zein paper edo rol daukan ikusi nahi genuelako. Ez bakarrik Euskal Herrian hitz egiten diren hizkuntzak kontuan hartuz, baita gainerakoak ere: ingelesa, alemaniera edota kanpoko merkatuan lan egiten duten euskal enpresek erabiltzen duten beste edozein hizkuntza.
Era berean, Enpresen Admninistrazio eta Zuzendaritzako ikasleek etorkizuneko lantokiei begira hizkuntzen inguruan duten pertzepzioa ere jakin nahi genuen, jakina baita ikasleek lantokietan hizkuntzak beharko dituztela.
Bi ikerketa eremu landu dituzue, beraz…
Bai, baina enpresetara bideratutakoa nagusiena.
Nondik nora jo duzue enpresa mailan eta zein ondorio nagusi atera duzue?
Hamalau enpresa ezberdinetara jo genuen eta hogeita bost pertsona elkarrizketatu genituen, -enpresa batzuetan pertsona bat baino gehiago-. Mota ezberdinetako enpresetara joan ginen: lantegietara, zerbitzuak eskaintzen dituzten enpresetara, korporatiboetara, aholkularitza enpresa batzuetara eta hizkuntza akademia batera. Ikuspuntu ezberdinak jaso nahi genituen batetik bestera.
Ondorio nagusi bezala, eleaniztasunak enpresatan paper oso garrantzitsua daukala ikusi dugu. Nazioarteko merkatuan lan egiten duten enpresek hizkuntzak behar dituzte egunerokotasuneko lanerako. Euskal Herrian bertan lan egiteko, euskara eta gaztelania erabiltzen dituzte eta kanporako, ingelesa gehienbat. Beste hizkuntzak askoz ere gutxiago, nahiz eta enpresek esan bezeroen hizkuntza jakitea beharrezkoa dela eta, Alemaniara joanez gero, alemanez hitz egin beharko luketela edota Frantzian frantsesez. Orokorrean, ordea, batik bat ingelesa erabiltzen dute.
Enpresatan bakarriz ez, hezkuntzan ere, lehen frantsesa ikasten zen lehenik. Gero aldaketa gertatu zen eta ingelesari eman zitzaion lehentasuna. Hemengo enpresek Frantzia ondo-ondoan dagoenez, merkatu garrantzitsua dela diote eta jendeak frantsesa ikasten ez badu, zailagoa dela haiekin lan egitea. Bestalde, ikuspuntu ideologia ere nabarmendu dute. Euskal Herrian hiru hizkuntza ditugu: euskara, gaztelania eta frantsesa. Behin edo behin, frantsesa bigarren mailan geratzen den kezka aipatu dute enpresatan.
Zein mailatan sumatu dituzue euskara eta gaztelania?
Oso egoera ezberdinak ikusi ditugu, bi muturrak. Enpresa batean, esaterako, gaztelania erabiltzen zuten lan formalean, euskararik ez, denek gaztelania ondo ulertzen zutelako. Enpresaren arrazoi nagusia, euskara enpresa batean sartzeak (web orrian eta abar) kostua suposatzen duela, eta euskara ‘ez dela behar’, euskaraz dakitenek gaztelaniaz ere ulertzen dutelako. Maila informalean, berriz, langileen esku uzten zuten bakoitzak nola hitz egin euren artean. Beste muturrean, Euskara Plana oinarrian hartuta, dena euskaraz egitea zuen helburu enpresa batek. Nazioarteko enpresa bat izan arren, euskarari bere lekua eman nahi zioten. Euskara erabiltzen dute arlo guztietan eta oso eredu polita da nazioarteko enpresa bat izanagatik, euskara nola erabil daitekeen ikusteko. Bi mutur horien artean daude elkarrizketatutako gainerako enpresa guztiak. Euskarari enpresatan toki bat emateko laguntzak eta planak badaude, baita enpresako arlo ezberdinetan zein hizkuntza erabili kudeatzeko tresnak ere.
Kanpoko hizkuntzen artean ingelesa nabarmendu duzu. Zein pisu du ingelesak euskal enpresatan?
Langileei eskatzen zaizkien baldintzen artean, gaztelaniarik ez dute eskatzen, ziurtzat jotzen baitute jakin badakitela. Bestalde, gure ikerketan sumatu dugunez, enpresa askorentzat balio erantsia da euskara jakitea.
Nazioartean lan egiten duten enpresek ingeles maila jakin bat eskatzen dute, baina, oro har, langileek ikastetxean jasotako ingeles maila ez dute nahikotzat jotzen enpresan lanerako erabiltzeko. Egun, badirudi ikastetxeetan gazteen ingeles maila hobetzen ari dela. Lehen ikuspegi akademikotik ikasten zen ingelesa, baina ez zen nahikoa lanerako. Egun, enpresa batzuek, arlo horretan gazteak hobeto prestatuta iristen direla pentsatzen dute.
Gainerako hizkuntzei garrantzia gutxiago ematen zaiela aipatu duzu…
Enpresa batzuek frantsesa edo alemaniera erabiltzen dute zertxobait, baina ez da ohikoena. Ingelesez ondo defendatzea hainbeste kostatzen bada, badirudi oraindik eta zailagoa dela beste hizkuntzatan trebatzea. Momentuz behintzat, ingelesa erabiltzen da gehien kanpoko hizkuntzen artean.
Enpresatara bezala, ikasleengana ere jo zenuten ikerketa gauzatzeko. Zein bide jorratu duzue haiekin?
Ikasleek hizkuntzei buruz dituzten iritziak jaso nahi genituen, euren etorkizuneko lanari begira. Hizkuntzak erabiltzeko prest sentitzen al diren, nola baloratzen duten hizkuntzak jakitea lanari begira… Ama hizkuntza bezala euskara edo gaztelania erabiltzen ote zuten aztertu genuen, ingeles bidezko ikaskuntzan zein eragin zuen ikusteko, eta ondorio batera iritsi gara: Ikasleak geroz eta eleaniztasun maila handiagoa eduki, geroz eta jarrera positiboagoa erakusten duela euskara nahiz beste hizkuntzekiko. Ama hizkuntza euskara duten euskaldunek, gaztelaniazko hiztunek baino jarrera positiboagoa erakutsi dute. Era berean, gaztelania ama hizkuntza izan eta gerora euskara ikasi dutenek ere, euskararekiko jarrera positiboa dutela ikusi dugu.
Antzekoa gertatzen da enpresatan ere. Bi hizkuntza erabiltzeko prest dauden enpresek, begi onez ikusten dute hizkuntza gehiago erabiltzea. Zentzu horretan, beraz, elebitasunak badu gero eleaniztasunera jauzi egiteko alderdi positiboa. Ikaslea geroz eta eleanitzagoa izan, hizkuntzekiko pertzepzio hobea erakusten du, eta are hobea euskararekiko. Ingelesa, hizkuntza global moduan mehatxu bezala ikusi beharrean, geroz eta hizkuntza gehiago jakin, hizkuntzekiko oro har, eta euskararekiko bereziki, jarrera positiboagoa dela sumatu dugu. Kontuan hartzekoa da hori, agian ez baitute zertan konpetentzia izan behar, batak bestea lagundu baitezakete.
Ikasleak etorkizunerako lanari begira, hizkuntzak ikasten gehiago saiatzen ari al dira?
Ikasle askok, eskolan ikasi duten ingelesa hobetzeko, eskola kanpoan ere ingelesa ikastea erabaki dute (akademian, klase pribatuetan, estantziak kanpoan egiten, eta abar). Jarrera positiboa ikusi dugu haiengan, baina hizkuntzekiko haien abilezia balioztatzeko eskatutakoan, ez dute oso balio alturik jartzen. Zaila da jakitea, izan daiteke oso autokritikoak direlako edota benetan maila baxua dutelako. Alderdi hori ere gehiago sakontzea gustatuko litzaidake.
Tesia amaituta, bukatu al duzu ikerketa lana?
Ez. Lanean jarraitzen dut oraindik ere, zehatzago aztertu nahi baitut hizkuntza ezberdinen erabilera. Bide polita zabaldu dugu, batez ere enpresa munduaren eta hezkuntzaren arteko lotura lantzeko, ez baitira banatutako bi arlo. Bestalde, ikerketatik ateratako ondorioak gehiago sakontzen jarraitzea gustatuko litzaidake, besteak beste, enpresatara itzuli eta zehatz mehatz hizkuntzen benetako erabilera neurtuz.
Zein asmo duzu etorkizunera begira?
Ikerketarekin ez ezik, eleaniztasunaren alorrean lanean jarraitu nahiko nuke. Holandan gaztelaniako irakasle lanetan aritzen nintzen, ingeleseko irakasle eta euskara ikasle gisa Euskal Herrian. Etorkizunera begira Euskal Herriko Unibertsitatean irakasle izatea gustatuko litzaidake. Ikerketarekin lotutako hainbat saio eskaini izan badut ere, Holandako titulazioa homologatzeko zain nago horretarako oraindik.