Begirale eskola martxan da

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko urt. 26a, 01:00

Zizurkilgo gazte talde baten ekimenez jarri dute martxan begirale eskola. Hogeita bat gazte elkartzen dira, larunbatero, formakuntza teoriko eta praktikoa jasotzeko.

Urrian hasi zuten gazteek begirale izateko formakuntza prozesua. Zizurkil Goiko Iriarte etxean elkartzen dira geroztik larunbat goizetan, sei orduko saio teoriko-praktikoak egiteko. Ekaina arte luzatuko dute ikasketa prozesu hori eta ondoren, praktikaldia ere egingo dute. Begirale eskolan parte hartzen ari den gazteetako bat da Irati Egibar zizurkildarra: “Titulua eskuratu ahal izateko, memoria bat idatzi beharko du gutako bakoitzak eta Eusko Jaurlaritzara bideratuko da memoria hori”. Prozesu osoa ondo betetzen dutenek, begirale titulu ofiziala jasoko dute.

Umeekin saioak
Zizurkilgo Ziotza elkarteak jarri zuen martxan begirale eskola, baina beste hainbat eragileren laguntza ere jaso dute. “Zubimusu ikastolak, esaterako, laguntza eskaini digu, eta Zizurkilgo Udalak ikastaroaren erdia ordainduko digu zizurkildarroi”, argitu du Iratik. Diru-laguntza horren truke, herriari ekarpenak egiteko eskaera jaso zuten gazteek. Horri lotuta, deialdia luzatu zieten herriko haurrei abenduaren 30ean. Intxaur pilotalekuan elkartu, eta joko ezberdinak egin zituzten haiekin.
Pozik agertu dira gazteak haurrekin egindako lehen saioaren balorazioa egitean. Bittor Hernandez gazteak azaldu duenez, “oso gustura ibili ginen. Hogeita hamar ume inguru bildu zen, eta oso ondo pasa zuten; baita guk ere. Hasieran kosta egin zitzaigun pixka bat giroan sartzea, baina behin hori lortutakoan, oso goiz ederra pasa genuen. Amaieran, txokolate beroa eskaini genien parte hartzaileei. Arazotxo bat izan genuen txokolatea prestatzean, eta atzeratu egin zitzaigun dena. Horregatik, joko gehiago prestatu behar izan genituen momentuan bertan, eta nahiko txukun aritu ginela esango nuke. Errepikatzeko moduko esperientzia izan zen”.

Hurrengoa, otsailean
Otsailaren 18an izango dute haurrekin elkartzeko bigarren aukera. “Zizurkilgo Elbarrenan egingo dugu saioa. Gure helburua goiko eta beheko haurrak elkartzea da, eta baita adin aniztasuna lortzea ere. Abenduko saioan ongi bete genuen bigarren helburu hori, baina beheko ume gutxi gerturatu zitzaigun. Ea oraingoan lortzen dugun denak elkartzea”, azpimarratu dute gazteek.

Teoria eta praktika
Ikastolen elkartearen baitako Aisiola taldeak bideratzen du formakuntza prozesua, eta gai ezberdinen inguruan aritzen dira gazteak larunbat goizetako saioetan. Janire San Sebastian ikastaroko partaideak azaldu duenez, “atal ezberdinak lantzen ditugu; psikologia, kultura, dinamika, zuzenbidea edo legedia…, alderdi teorikoa izaten dute saioek, baina baita jolas bidez bideratutako ikasketa ere”. Gustura daude gazteak, ikasteko modu atseginean ari direlako lanean. “Ez genuen uste horrenbeste gauza ikasiko genuenik. Oso aberasgarria izaten ari da guztiontzat. Merezi zuen”. Praktikaldia ere egingo dute. “Elkarteak bideratuko gaitu praktikaldia egiteko garaian”, azaldu dute.

Lan-giro polita
Talde ederra sortu dute begirale eskolan parte hartzen dutenen artean. “Oso gustura gabiltza. Aurrez ere elkar ezagutzen genuen gehienok, eta ikastaroan zehar oso giro polita sortzen joan da. Saioak eskaintzera etortzen direnek ere askotan esaten digute hori igarri egiten dela. Gure artean euskaraz hitz egiteko dugun joera ere nabarmendu dute behin baino gehiagotan”.  


{{IMG-37082}}
Iñigo Amenabar, Ruben Calvo, Nagore Arin eta Itxaso Erasun, begirale eskolan dabiltzan gazteak.

Elkarrizketa
Eskualdeko gazteak bildu dira begirale eskolan eta gustura ari dira larunbat goizetako formakuntza prozesuan. Amasa-Villabonako Nagore Arin, Andoaingo Ruben Calvo eta Zizurkilgo Itxaso Erasun eta Iñigo Amenabarrek eman dituzte azalpenak.

Abenduaren 30ean egin zenuten lehendabiziko saioa haurrekin. Zer moduz joan zen?
Itxaso Erasun:
Hasieran urduri samar ibili ginen. Talde bezala zerbait egiten genuen lehendabiziko aldia zen, baita haurrekin ekitaldiren bat antolatzen genuen lehena ere. Pixkanaka, urduritasunak alde batera utzi, eta jokoetan sartzen eta parte hartzen hasi ginen.
Nagore Arin: Ilusio handiz bizitu genuen eguna. Gogo hori sortzen denean, gauzak errazago egiten dira. Parte hartzeko gogoa eta ekimena badugula erakutsi genuela iruditzen zait. Umeek oso ondo pasa zuten, eta guk ere gozatu egin genuen.  
Iñigo Amenabar: Umeei deialdia zabaltzeko garaian nahiko berandu xamar ibili ginen, eta Elbarrenatik guk espero baino ume gutxiago etorri zen. Hala ere, talde polita elkartu ginen; adin tarte ezberdinetako haurrak elkartu genituen, eta oso polita izan zen.

Begirale lanetan aritu izan al zarete beste inoiz?
N.A. eta I.A.:
Malkar astialdi taldeko kideak gara, eta ostiral arratsaldero saioak egiten ditugu Amasa-Villabonako eta Zizurkilgo gaztetxoekin. Asteburu-pasak ere egiten ditugu haiekin eta Ollogoiengo udalekuetan ere aritu izan gara begirale lanetan. Formakuntza jaso gabe aritu gara lan horretan, eta aurreko belaunalditakoek erakutsitakoarekin moldatu izan gara. Gu baino zaharragoak direnekin elkarlanean aritzeak asko lagundu digu horretan. Orain, gure formakuntza hori gorpuztuko dugu, eta titulu ofiziala ateratzeko aukera ere izango dugu.
I.E.: Nik aurrez ez nuen sekula haur eta gaztetxoekin lanik egin izan. Ikasturte honetan, pilota eskolak ematen hasi naiz Zizurkilgo Intxaur pilotalekuan. Ostegun arratsaldetan elkartzen gara bertan.
Ruben Calvo: Nik ez dut esperientziarik. Lehengusinaren bidez jakin nuen begirale eskola antolatzekoa zutela, eta parte hartzera animatu nintzen. Oso gustura nabil hemen; merezi izan du aukera hau aprobetxatzeak.

Formakuntza teorikoa amaituta, praktikaldia ere egingo duzue…
I.E.:
Bai, 120 orduko praktikaldia bete behar dugu titulua eskuratu ahal izateko. Nolanahi ere, garbi esan digute titulua eskuratzerako garaian oso garrantzitsua izango dela gure jarrera. Orduak betetzea ez da nahikoa izango, ez badugu jarrera parte hartzailea erakusten.
N.A.: Praktikaldi horretan lana egin behar da eta umeekin jarrera egokia erakutsi. Alferrik pasako ditugu 200 ordu teoria ikasten, gero gaztetxoekin nola jokatu ez badakigu. Jarrera egoki hori lortzeko garaian, zerikusia izan dezake gure arten lortu dugun giro jator horrek.
I.A.: Askotan azpimarratzen digute oso talde polita osatzen dugula, eta lanerako dugun gogoa ere aipatzen dute. Alderdi teorikoaren erdi-bidera iritsi gara, gutxi-gora behera. Asteburu batean, aterpetxe batera joatekoak gara gainera, gure formakuntzarekin jarraitzera. Lan-giro ezberdina lortzea da irteera horren helburua. Gogotsu gaude horretarako ere.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!