Aurtengo berezitasuna zera da: otsailaren 4a Santa Ageda bezpera izateaz gain larunbata dela, baina horrek ez du eragotziko urtero-urtero koplak kantatzera elkartzen den ehun lagun inguru horrek bere erronda egitea, arratsaldeko seietan hasita (18:00). Irteera Larramendi Bazkunaren Dr. Huizi kaleko egoitzaren parean izango da, behin bertako mastan Santa Ageda eguna Euskal Herriko eguna dela gogorarazten duen ikurriña lau haizeetara ipini ondoren. Ikurriña mastara igotzeaz, aurten, Ramon Beraza arduratuko da, hain zuzen ere azken hogeita lau urteetan Santa Ageda bezperako abesbatza zuzentzeaz hutsik egin gabe arduratu dena.
Jarraian, herriko kaleetan barrena ibiliko dira Santa Ageda bezperako koplak kantari, baita neguko otso beltzarenak ere. Zortzi eta erdiak inguruan eman ohi diote amaiera errondari.
Santa Ageda bezpera iritsi aurreko egunetan errondan parte hartuko duten askok koplak eta kantak prestatzeko aukera izango dute, Ramon Beraza musikariaren zuzendaritzapean. Aurten, ahotsak, kantak eta soinuak prestatzeko bi saio egingo dituzte: urtarrilaren 30an izango da lehenengoa, astelehenarekin, iluntzeko zortzietan (20:00) Pio Baroja kalean dagoen Ambrosia Olabide Gizarte Zerbitzuen atarian. Bigarrena eta azkena, toki berean, otsailaren 1ean izango da, asterazkenarekin, iluntzeko zortzietan ere.
Larramendi Bazkunetik adierazi dute edozein herritarrek parte har dezakeela errondan, tradizioak agintzen duen bezala janztea eta kantatzea dela jartzen diren bi baldintza bakarrak, eta ahal dela –hori bai– entseguetara joatea.
Erronda amaitu ondoren afaria egingo dute Ama Kandida etorbideko Ontza elkartean izena aurretik ematen dutenek. Izena emateko azken eguna otsailaren 1ean izango da, iluntzean egingo den entseguan. Egunean bertan ezin da izenik eman afaritara joateko.