Pankrazio, titulurik gabeko albaitaria

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko urt. 23a, 01:00

2016ko Sorabillako jaien esku-programak erretratu zahar bat erakutsi zuen, eta berarekin, baserri giroko auzolanarekin zerikusia daukan historia azaleratu. 
1975ekoa da irudia, eta bertan Sorabillako baserritarrak ageri dira, omenaldia eskaini zioten Pankrazio Urkaregi inguratuz.  Pankrazio Urkaregi ‘Bazkardo Txiki’ 14.a da.

{{IMG-37035}}

Omenaldi ekitaldi haren antolaketan jardun zuen Mariano Soroak jarri zion eskura Sorabillako jai batzordeari argazkia. Soroa 2016ko martxoaren 15ean hil zen, 86 urte zituela, eta aste batzuk lehenxeago eman zuen argazkiari buruzko lekukotza. Izan bedi harentzako gorazarre txikia ondorengo erreportajea. 

1975eko ekainaren 21ean burutu zen argazkian ageri den ekitaldia, Borda jatetxean, eta bertan Sorabillako baserriak ordezkatzen zituzten baserritarrak bildu ziren auzokide zuten Pankrazio Urkaregiri esker oneko omenalditxoa eskaintzeko. Izan ere, Pankraziok makina bat alditan lagundu zien ganadu kontuetan, batez ere umatzeko garaietan-eta. Eskuzabaltasunik handienarekin beti.

Pankrazio Urkaregi Iriondo
Ganaduzale amorratua

Deban jaio zen Pankrazio Urkaregi Iriondo, baina 1935ean andoaindartu zen. Hain zuzen ere, Bazkardo Txiki baserriko alaba zen Natividad Laka izan zuen emaztea. Laka familiak Debako jendearekin bazeukan harremanik, han senitartekoak baitzeuzkan, eta era horretan ezagutu ziren biak. Sei seme alaba eduki zituen Natividad Lakarekin: Joxepa, Joxe Antonio, Axentxio, Pantxika, Juan eta Jesus Mari.
Bazkardo Txikin bertan hartu zuen bizilekua Urkaregi Laka familiak. Pankraziok Sapa lantegian lortu zuen lanpostua berehala, baina baserritar gisara ere jardun zuen. Emaztea, berriz, umeak hazteaz, etxeko eta baserriko lanetaz arduradu izan zen. Nahiz eta maizterrak izan, Oria ibaira bitarteko lur emankorrak zeuzkaten, eta bertan babarruna, artoa, garia eta bestelako jakiak ereiten zituzten. Pankraziok ganadua ere zaindu ohi zuen baserrian. Nekazaritzaren bizimoduarekin oso lotua bizi zen Pankrazio, eta bere seme Juan Urkaregik gogoan daukanez, “etxean askotan entzuten genuen jabeak baserria salduko zuela egunen batean, eta kalean geratuko ginela”. Beldur hori halako batean gauzatu egin zen, inguru hura industri eremu izendatu zutenean udalerriko arau urbanistikoetan, eta Kaletxikira joan behar izan zuen familiak bizitzera. Pankrazio 1979an hil zen, ez berak nahiko lukeen tokian, nekazari bizimodutik urrun baizik.

Titulurik gabeko albaitaria, 
hogeita lau orduz lanerako prest

Lantegi eta baserriko zereginez gain, Pankraziok bazuen titulurik gabeko hirugarren ofizio bat: albaitariarena.
Baserritar ganaduzaleek bazeukaten Pankrazioren prestutasunaren berri, Juan Urkaregik azaldu duenez: “bere abereren batekin gauzak aldrebesten bazitzaizkien, maiz etortzen ziren gure etxera ate joka; Sorabillako baserritarrak ziren hurbiltzen zitzaizkionak, baina baita Andoaingo beste baserri-auzoetakoak ere. Baziren albaitari profesionalak orduan, baina igual ez molestatzeagatik edo, gure aitarengana jotzen zuten. 
Berdin zion eguna nahiz gaua izan, etxean harrapatzen bazuten, behar zuen tresneria hartu eta abisuarekin etorri zenarekin abiatu ohi zen tapa-tapa. Ibilera horiekin, normala zen lo faltarekin ibiltzea zenbaitetan”.

Auzolana baserrietan
Pankrazioren jarrera hori ulertzeko baserritarren artean auzolana ohikoa izaten zela hartu behar da kontuan, Juan Urkaregiren esanetan. “Beti izaten dira salbuespenak, baina normalean Sorabillako auzotarrak denak ondo moldatzen ginen elkarrekin. Orduan auzolana gauzarik naturalena zen, norberaren errendimendua ez zen begiratzen hainbeste. Nahikoa zen ikustea aldamamenekoak ari zirela soroa prestatzen, artoa egiten, mendi bazterrak garbitzen e.a.; han ez zen abisurik pasa beharrik. Mantalak jantzi eta agudo joaten ginen familiako denak. Txerria hiltzen zenean ere, puskak banatzen ziren bizilagunen artean”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!