Euskaltzale eta bertsolari Oionen

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko urt. 21a, 01:00

Arabako azken bi bertsolari txapelketa nagusietan kantatu izan du Unai Bengoetxea Mujika Gorostidi baserriko (Buruntza auzoa) semeak. Arabako Oionen bizi da azken urteetan bikotearekin eta seme txikiarekin, eta Eguberrietan etxera egin duen azken bisitaldia baliatuz elkarrizketa eskaini dio Aiurri astekariari.

Nolakoak izan ziren zure hasierak bertsolaritzan?
Unai Bengoetxea:
Umetan, Unai Zatarain, Andoni Azpillaga eta hirurok Andoaingo bertso eskolan hasi ginen, Joxe Manuel Oiartzabal irakasle genuela. Denok berdintsu ibiltzen ginen, euskal giroan heziak, alegia: batek esku soinua jotzen zuen, besteak panderoa… Arreba eta biok dantza sueltoan ere aritzen ginen. Modu naturalean emandako pausoa izan zen. Poliki-poliki, Hernaniko tabernetara joan eta puntuka jarduteko kapaz izatera iritsi ginen, bi zurito edan ostean. Laugarren urtean utzi egun genuen eskola, hala ere. Ikasleetatik, Aitor Mendiluzek egin zuen aurrera; bete-beteak egiten zituen bertsoak!

Urtetan utzita eduki zenuen bertsoa…
U.B.:
Bai. Egia esanda, geroztik Zaldibiko herriko tabernan lanean bost bat urte egin nituen, eta hura ere eskola polita izan zen niretzat. Goizeko ordu txikietan Patxi Iraola, Altzo Txiki (Jexux Mari Jauregi) eta horien kideak, denak bertsolariak, azaltzen zitzaizkidan, eta haiekin barraren bi aldetan jardunez berpiztu zitzaidan bertso sena. Patxik zera esaten zidan: “Hi gaztea haiz, baina aritzen haiz, aritzen haiz!”.
2005ean Oion herriko emakumea ezagutu nuen, eta bertan bizitzen jarri nintzen. Bertso eskola bazela herrian jakin nuenean, hasieran lotsak eta konplexuak uxatu ezinik ibili nintzen, baina bertaratzea erabaki nuen azkenean. Gogoan daukat lehenbiziko eguna: atetik sartu eta Iñaki Viñasprek bertsoa botatzeko eskatu zidan, “bota zak, bota zak!” berdin ziola nolakoa zen. Kantatu nuen ahal nuena lotsa-lotsa eginda, eta erantzun zidan, “Hi txapelketarako hago!”.
Batez ere neuk euskaraz mintzatzeko espazio bat eduki ahal izatea eta Oionen euskara Oingo kaleetan zabaltzen laguntzea izan zen nire asmoa. Orduan saiatzen nintzen jendeari esplikatzen ez naizela bertsolaria, bertsozalea baizik, eta ikuspegi horri eusten diot.

Urrunetik ikusita, zertxobait exotikoa egiten zaigu Oionen bertso eskola bat…
U.B.
Txandrio du izena eskolak, Errioxa eskualdeko izaera dauka eta hiru ikaslek osatzen dugu gaur egun, Viñasprez gain: Orlando Arreitunaindia, Iker Olabarrieta eta hirurok. Kanpotarrak gara hirurok ere, egia esan. Kalera atera behar genuela erabaki genuen hasieratik, eta berehala konturatu ginen oholtza jarri eta handik kantatzen hasita ez genuela inor erakarriko. Hortaz, geu kalera irten eta, tabernetan sartzen gara kanta saioak eginez.

Txandrio hitza nondik atera duzue?
U.B.
Euskarazko hitza da. Txandrion aritzea, zirikatzen edo okerrak egiten aritzea esan nahi du.

Zenbat plaza egiten duzu urtean?
U.B.
Hamar-hamabi bat saio urtean bai, Araban denak.

Andoainen jarduteko aukerarik ez al zaizu egokitu inoiz?
U.B.
Ez, egia esan. Ulertzen dut nik han egindakoak sona ez edukitzea hemen. Andoainen nire belaunaldikoek eta jende gehiagok ezagutzen naute, baina akaso ez hainbeste bertsolariaren fazetan. Nolanahi ere, proposamenen bat baletor, ni prest nengoke jaioterrian kantatzeko. Seguru nago nerbioak aidean ibiliko nintzatekeela, baina saiatuko nintzateke entzulea asetzen.
 
Arabako bertso txapelketan aritutakoa zara.
U.B.:
2013 eta 2015eko txapelketetan hartu nuen parte. 2017ko txapelketarako sailkapen fasean jardun berria naiz, baina ez dut lortu puntuazio nahikorik. Ilusioa egiten zidan sailkatzeak, baina hurrengo batean izan beharko du!

Plaza gizon sentitzeko moduan al zara, txapelketako bizipenaz geroztik?
U.B
. Betegarria da esperientzia bezala! Bertso afari edo mahai baten bueltan kantatzetik, antzoki batean eta 200 pertsonen aurrean kantatzera igaro nintzen, kamerak, fokuak eta zera guztiak tartean zirela! Ordurako, baina, ikasia neukan trukoa jendeaurrekoaren bertigo horrek ez atzentzeko, hasieran egin ohi zidan moduan. Orlandok azaldu zidan erremedioa: “Hi jendeari begira egoten haiz, eta galdu egiten dek kontzentrazioa. Erreferentzia fijo bat hartu behar dek, inguruan daukaken lorontzi, farola edo dena delakoa”. Aholkuak ederki balio izan dit harrezkero.

Zein ariketetan sentitzen zara gustura?
U.B.
Ofizioetan, kolpe motzean; puntu-eratzun motzean aritzen naiz sueltoen. Bestelako kontuak dira bakarkako lanak; bertsoa luze bete behar horretan, gauza asko azaldu behar izaten da, eta hor hasten dira komeriak, galdu samar ibiltzen naiz.

Arabako maila norainokoa da?
U.B.
Garbi dago Araban bertsolaritza ez dagoela beste herrialdeekin lehiatzeko moduan. Badira bost bat bertsolari finaletara iristen direnak eta gainerako guztion gainetik daudenak: Asier Otamendi, Oihane Perea, Manex Arregi, Iñaki Viñaspre. Kalitatez, eskola gehiago daukate. Dena den, iruditzen zait Euskal Herri mailan marjinatu samar geratzen dela Araba; Txapelketa Nagusirako orain kuotaz sartzen uzten diren gutxi horiek baino gehiago beharko luketela izan, alegia.   

Oiongo herritarrek nola ikusten zaituzte?
U.B.
Bertso potearen formatuari ekin genionean, batzuei iruditu zitzaien lan polita egiten ari ginela euskararen alde. Beste batzuk, euskara ulertzen ez dutenek, “zer arraioetan dabiltza horiek?” galdera egitetik gu errespetuz hartzera pasa dira asko, denboraren poderioz. Ohitu egin dira bertsoa entzutera, Oingo errealitatearen zati bat dela ulertzera. Gainera, lortu izan dugu hogeita bost bat lagun gure atzetik joatea entzule gisa. Are gehiago, behin, Real Madrid-Bartzelona futbol partida telebistan ari zela, taberna batean sartu ginen. Bertakoek zer egingo eta, ahotsa kendu! Han zeuden bezero guztiak geuri begira jarri ziren arretaz.

Zein egoeratan dago euskara Errioxan?
U.B.
Urte mordoa igaro da San Bizente ikastola Oionen sortu zenetik, eta 35 urtetik beherako gazte gehienek han ikasi dute euskara. Oihana Perea ere ikastolara etorri ohi da bertsolaritza erakustera. Baina betikoa: nahiz jakin eta nahiz elkarrizketa bat segitzeko moduan izan asko eta asko, gutxi erabiltzen da kalean. Ez da ahaztu behar Logroñotik lau kilometrora bizi garela, eta Gasteiz, berriz, ordu laurdenera daukagula autoz. Gazteekin lanketa egiten dugu, baina adin batetik aurrera, goi ikasketak direla eta, herritik bi hiri horietara aldegiten dute. Zaila daukagu dinamika bizi bat sortzea euskararen eta bertsogintzaren inguruan, baina ez dugu etsitzen. Euskara maite dugu, eta gure ilusioa Errioxan noizbait euskara normalizatuta ikustea da.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!