“Gure Sagardo Berria” oihu eginda, Eneko Atxa sukaldariak 2017ko txotx bolada ireki zuen Astigarragako Zapiain sagardotegian, Sagardoetxeak antolatzen duen XXIV. Sagardo Berriaren Egunaren ospakizunean. Aldez aurretik, omendu bakoitzak egin ohi duen bezala, sagarrondo berri bat landatu zuen Sagardoetxeako sagastian.
2016ko uztak Euskal Herrian 12,5 miloi litro sagardo inguru ekoiztea ahalbidetu du, iazkoaren antzeko kopurua. Sagardoa dastatuta, aurtengo uztari buruz Sagardoetxeak honako ondorioak atera ditu:
• Aurreko urteetako sagardoak baino kolore gehiago dauka uztaren ezaugarri tanikoak direla eta.
• Gorputz handiko sagardoa da, ahoan lehortasun ona ematen duena.
• Era berean sagardo natural oso aromatikoak dira, zitriko usainetatik hasi eta fruitu helduaren usainetaraino iritsiz, sagardotegi bakoitzak egindako barietateen nahasketen arabera.
• Orokorrean, oso sagardo afrutatua da, edalontzian txinparta ezin hobea duena.
• 2016ko sagardoak edan errazak eta amaiera lehor eta ederrekoak dira.