Etxegabetzea saihesteko negoziazioa abiatu dute

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko urt. 20a, 01:00

Andoaingo Kaleratzeak Stop Desahucios erakundea herriko Banco Santander erakundearen atarian bi egunez jarraian bilduko zela iragarri eta ordu gutxira, Andoainen mailegua izenpetuta zegoen etxebizitza baten etxegabetzea saihesteko negoziazioak abiatu ziren, herri mugimenduaren eta banketxearen artean.

Pertsona hori Andres Balerdi Etxaniz da eta Ormaiztegin erosi zuen etxea ordaintzeko Andoaingo Santander banketxean mailegua eskatu zuen. Garraiolaria ogibidez, iraupen luzeko langabetua da eta honezkero maileguari aurre egitea ezinezkoa zaio. Gaur egun bere arrebarekin bizi da Lasarte-Orian.
Mailegua ordaintzeari utzi dionean, Santanderrek haren aurka jo eta gaur egun haren etxebizitza enkantean jarri dute. Enkantea nonbait urtarrilaren 19an amaituko da, arratsaldeko 18:00etan.
Bere diru sarrera bakarra Ormaiztegiko etxebizitza hori da, alokairuan duelako. Baina alokairutik jasotzen dituen 490 euroak baino kopuru handiagoa da maileguan hilero ordaindu behar duena.
Andoaingo Kaleratzeak Stop Desahucios erakundeak mobizilaziora deitu du: “Saihesten ez badugu, Andresek bere etxebizitza galdu eta bankuari 54.000 euro ordaintzera behartuko dute. Bizitza osorako kondena litzateke hori”. Internet atari batean agertu da etxebizitza enkantean, eta hori jakin zutenetik Stop Deshaucios erakundeak idatziz negoziatzeko aukera luzatu dio banketxeari: “Dazio ordainketa edota enkante adostua lirateke akordiorako proposamenak. Enkante adostuarekin, esaterako, banketxea etxebizitzarekin geratuko litzateke eta Andres inolako zorrik gabe. Ez dugu inolaz ere onartuko Andres bizitza osorako zordun bilakatzea 136.000 euroko mailegua eskatzeagatik, banketxeak berak etxebizitza hori 186.907 eurotan baloratu zuenean. Gehiegikeria honen aurrean herritarren eta erakundeen inplikazioa eskatzen ari gara. Gogoan hartu nahi dugu Andoain eta Gipuzkoa etxegabetze eta enkanterik onartzen ez duten herrigunea eta herrialdea direla”.
Stop Desahuciosek mobilizazioak deitu zituen aste hasierarako, baina negoziaziorako aukera zabaltzean kaleko protestak bertan behera utzi zituen.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!