Tolosaldea eskualdeko herri gehienek osatzen duten Mankomunitateak helarazitako datu ofizialen arabera, hauek dira emaitzak: “urrian, edukiontzi berriak ipini eta hilabete eskas batera, gaikako bilketaren portzentajea %82raino iritsi zen, eta azaroko hurrengo analisian ere ehuneko laurogeiaren muga gainditu zen (zehazki %80,75). Urtearen azken hilabetean, Gabonak direla eta hilabete konplikatua izaten den horretan, %78,02ko portzentajea lortu zen”.
Datu horiek guztiak aurreko urteetako laginketa-prozedura berdina erabiliz bildu dira. Azaldu dutenez, “goratik gainditzen dituzte Villabonan atez ateko sistemak lortutako gehieneko datuak (%75), eta goratik betetzen dute Mankomunitateak berak datozen urteetan %70eko portzentajea lortzeko finkatutako helburua”.
Amasa-Villabonako Udaleko gobernu taldeak (EAJ) oso balorazio ona egin du orain arteko datuen inguruan. Maite Izagirre alkatearen esanetan, “sistema ezarri eta berehala, egoera berrira egokitzeak ekartzen dituen arazo logikoekin ere, %82ra iritsi izanak edukiontzien sistema eredu atsegina, erosoa eta birziklatzearen aldekoa dela erakusten du”. Agintari billabonatarraren iritziz, lortu diren portzentajeek herriaren borondateak adierazten duena arretaz zaindu behar dela erakusten dute, eta “gurea bezalako herri txiki batean, desberdintasun politikoen gainetik era bateko lehentasuna eman behar zaiela herritarren interesei”.
Gobernu taldeak portzentaje horiek sendotzeko ahaleginak egiten jarraituko duela iragarri du eta, birziklatzea sustatzeko ildo honetatik herritar guztiei gogorarazi nahi die badela denbora bat Liburutegiko sarreran (udaletxeko beheko aldean) materia organikoa jasotzen duen edukiontzi marroirako poltsa biodegradagarriak doan ematen dituen makina ipini zela.