Hiritar merezimenduaren saria

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko urt. 20a, 01:00

Urrezko danborraren polemikak ia dena estali badu ere aurtengo San Sebastian eguneko sarien atala, ez dugu ahaztu hiritar merezimenduaren dominak ere banatzen direla. Andoaingo ikastolan irakasle den Ainitze Errazti izango da domina jasoko duenetako bat. Berak azaldu digu merezimendu sari horren zergatia.

 

Zer dela eta domina Antiguako Jakintza ikastolako bederatzi ikasle ohiei, eta tartean zuri?
Ainitze Errazti:
1982an, A5. mailako ikasleak ginen, 10 urteko neska koskorrak. Iritsi ziren San Sebastian eguneko entseguak, eta patioan denok elkarrekin entseiatu genuen. Baina gero esan ziguten neskek ezin genuela atera, legez. Sutan jarri ginen eta egundoko matraka eman genien irakasleari, danborradaren arduradunari eta zuzendariari. Haiek ezetz, arauek debekatu egiten zutela gure partehartzea. Nola edo hala aditzera izan genuen CAT erakundeak antolatzen zuela festa. Orduan, zera erabaki genuen: denen artean txanponak bildu, eta gutako lau taxi batean egoitzaraino joatea protesta egitera. Abentura osoa izan zen hura guretzat. Izan ere, bizitza osoa Antiguan egiten genuen, tunela apenas igarotzen genuen. 
CATen egoitzara sartu, eta builaka ekin genion harrapatu genuen aurreneko langileari. Danborradan atera nahi genuela eta atera nahi genuela. Honek eskatu zigun zaharrenak hitz egin zezala, zer nahi genuen azaltzeko. Azkenean, goi arduradunaren batekin egon ginen eta hark etxera itzultzeko eskatu zigun ondoren. Hori goizean izan zen, eta arratsaldean ikastetxean egunduko errieta egin ziguten.

Ondoriorik izan zuen protestak…
A.E.:
Hurrengo urtean, 1983-1984ko San Sebastian egunean, arauz, mistoak bihurtu ziren ikastetxe guztietako danborradak. Baina jakina, guri ez ziguten irteten utzi, 6. mailakoak ginelako! A ze amorrua hartu genuen! Ikastolan hamalau urte pasa arren, parte hartzerik ez genuen eduki danborradan! 

Helduen danborradak lehentxoago egin ziren parekideak…
A.E.:
Urte bete edo bi lehenago. Pixkana eta naturaltasunez egin da aldaketa. Ez da Bidasoaldeko istilurik gertatu, zorionez.  

Nola hartu duzue aitormena?
A.E.:
Harrituta, egia esanda. Ez dakigu zer pentsa, gure pare jarri baitituzte Aspanogi, Kemen eta Uliako Gimnastika elkarteak eta Javier Hernaez Altzako apaiza. Horiek denek urteak daramate lanean, eta gurea berriz, ekintza puntual bat izan zen. Ez zaigu iruditzen Donostiako neskek guri esker parte hartu ahal izan dutenik danborradan; izatekotan ere, bultzadatxo bat eman ahal izan genuen. 
Edonola ere, beste modu batera baloratu dute gure erreakzio hura udalean, eta tira, pozik gaude zeharo. Ikasle ohiak elkartzeko eta San Sebastian eguna beste modu batera gozatzeko aukera eman digute. 

Nola izango da domina ematearen zeremonia?
A.E.:
Normalki bezperan, hilaren 19an (osteguna) izan ohi da ekitaldia, baina urrezko tanborraren xextra dela-eta, 20rako atzeratu dute. Haurren danborrada eguardian ateratzen da Alderdi Ederretik eta orduan izango da ekitaldia. Protokolokoek lau minutu eman dizkigute nahi duguna esateko, eta neri tokatu zait hitz hartzea denen izenean. Bezperan, neska taldea afari batean bilduko gara, eta ondoren Konstituzio Plazara abiatuko gara bandera igoerara. Bi egunetako ekitaldi nagusi horiek balkoietatik ikusteko pribilegioa edukiko dugu. San Sebastian eguna beste perspektiba batekin gozatzeko aukera…  

Danbor zale izaten jarraitzen duzu?
A.E.:
Bai, noski! Niretzat bizitzan bizi daitezkeen bizipenik hoberenetakoa da. Izugarri gustatzen zait danborra jotzea, eta oilo-ipurdia jartzen zait azala San Sebastian martxaren hotsa entzun orduko. Gabonetatik itzuleran jendea buru makur ikusi ohi da lantoki eta eskoletan, baina niri kontrakoa gertatzen zait, badakidalako berehala hasiko direla entseguak.  

Festa nola ospatu ohi duzu normalki?
A.E.:
14 urte betez geroztik hartu izan dut parte Antiguako danborradaren batean: gazteekin lehenbizi eta Marruma eta Txirain elkarteekin ondoren. Hogei ta lau orduko jaia da, intentsoa benetan, eta bete-betean gozatzen dut. Lau orduz jotzen dugu gure danborradarekin, baina gainerako orduak beste danborradak ikusiz igarotzen ditut, nola doazen jantzita eta abar. 

Zer esango zenioke egun hori bizi ez duen edozein gipuzkoarrari?
A.E.:
Badakit ez dela erraza ulertzen Donostiakoa ez den batentzat. Edonori gomendatuko nioke. Etor dadila Donostiara, eta goza dezala milaka danbor joleek hartutako kale giroarekin. Gainera, ez dezala ahaztu Antiguan festak ospatzen ditugula egunotan.

Nola ikusi duzu urrezko danborraren inguruko saltsa guztia?
A.E.:
Angeles Barcelo kazetariak eman dit pena izugarria. Berak merezi ez zuen tratua eragin diote. Udaleko eta ostalaritzako ordezkariek nahiko zabar jokatu dute, eta espero dezagun hurrengo urtetan gauzak diskrezio handiagorekin egitea.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!