Ikimilikiliklik erakusketa ikusgai Basteron

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko urt. 20a, 01:00

Kanpai-hotsak urrunean, haizearen zurrunbiloa, hitzak hegan… Modu iradokitzailean abiatzen da Joxan Artzeren inguruko bideo instalazioa. Eta giro horretan jarraituko du amaierara arte. Konturatu orduko, bisitariak Joxan Artzeren unibertsoan murgilduta ikusiko du bere burua.

Alberto Lizarraldek eta Carlos Rodriguezek zuzendu dute erakusketa, Donostiako San Telmo museoak, EHUko Mikel Laboa katedrak eta Morgancreak lagunduta. Instalazioa, Joxan Artzeren ibilbidean egindako bidaia bat da. 

Iradokitzailea
Luze zabal hitz egin daiteke Joxan Artzeren unibertso poetikoaz. Bideo instalazio honetan ordea, iradokizunetan dago mezuaren indarra. Beraz, ahaztu ohiko erakusketaren mekanika. Bideo-instalazio honek bestelako kodeak jarraitzen ditu. Lau pantaila, pareta eta zorua ari dira solasean. Artze ari du ezker eskuin, Artze ari du goian behean. Era honetan, poetaren irudi poliedrikoa agertuko zaio begien aurrean bisitariari. Artzeren unibertsoaren erakusgarri.

‘Hartzabal’ garaia
Hartzabal, Hartzut, JA Artze… Garaiaren arabera, aldartearen arabera, izen edota izengoiti ezberdinak baliatu ditu poetak. 2013an plazaratu zituen bi liburuak, ordea, Joxan Artze bezala sinaturik zetozen.
Laboaren itzala
Txalaparta ezinbesteko doinua izan da Artzeren ibilbidean. Eta txorien kantua. Ziurrenik, horiek dira bere soinu bandaren ikur nagusienak. Ikimilikiliklik JA Artzeren unibertsoa erakusketan, trumilka datoz hitzak, txalaparta doinuak eta txorien hegaldiak.
Soinu bandaz ari garela, Mikel Laboaren kantuek ere pisu handia dute erakusketan. Azken batean, Laboaren kantuak Artzerenak beste dira. Eta erakusketan, jakina, Laboaren itzala ageri da. Maite ditut maite abestiaren doinuarekin abiatzen da, hain zuzen, ‘Hartzabal’ izeneko atala. Erakusketaren hasierako ataltxo honetan, Usurbilgo argazkiak, 60 eta 70etako gertaerak eta Ez Dok Amairuko irudiak uztartzen dira.
Garaiko grabazioei esker, Ikimilikiliklik bidekidekariaren audio zatiak entzuteko parada du bisitariak. Eta hitzen eta irudien bitartez, 1975-1978 urteetan eginiko ikuskizun haietara garamatza erakusketak. Eta konturatuko gara aitzindaria izan zela idatzitakoa paperera eramaten, eta baita idatzitakoa plazaratzen ere. “Lanalanalana” bucle-aren bitartez ohartuko gara performance delakoak egiten ere aurrenetakoak izan zirela Artze anaiak (eta konpainia). Orain hain ohikoa zaigun definizioa –performance delakoa– erabiltzen ez zen garaian.

Collage ikusgarria
Hitz-jokoak, hitz loturak, maiz ageri dira poetaren ibilbidean. Eta bideo instalazio honen egileek ederki asmatu dute horretan. Hitzak txirikordatuz, San Telmoko pantailetan collage ikusgarriak osatuz.
Artzeren ibilbidean erreparatzen hasi eta pentsaezina litzateke Hegoak ebaki banizkio poemaz ez akordatzea. Ageri da erakusketan, hura ere modu iradokitzailean. Joxan Artze albora begira ageri da. Eta poema hori bera du ahotan. Ez gaztetako Joxanen ahotsean. Gaurko Joxanen ahotsean baizik. Hitzez eta irudiz. Erakusketa honetarako propio eginiko grabazioa dela ematen du. Eta Artzeren bozak harrapatuta, poemarekin batera datozen hitzekin, irudiekin eta doinuekin bustitzen joango da ikuslea. Xirimiri betean. Artze ari du Basteron. Eta Mikel Laboa, eta Ez dok Amairu, eta Jexux anaia. Artze ari du Basteron. Artze, goian behean.
Erakusketa otsailaren 16ra arte egongo da zabalik, ohiko ordutegian. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!