Urnietatik Kolonbiara, kafearen arrastoan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko urt. 20a, 01:00

Kafea aitzakia, Eusko Jaurlaritzaren beka bat baliatuta, gauza berriak bizitzeko grinak bultzatuta, Pasto hirira joan zen iaz Aritz Arano. Kolonbiako bake prozesua gertu-gertutik ezagutu du, baita hango jendearen bizimolde eta ohiturak ere, bertakoen egunerokoa goratzeraino. 

 

Urnieta aldean dabil, oraingoz, baina bere pentsamenduak sarri egiten du jauzi Atlantikoaren beste muturrera. 

Aritz Arano urnietarrak 9 hilabete egin zituen Kolonbian pasa den urtean. Sei hilabeterako joan zen, eta bederatzi eman. Gabonak arte etxean geratzeko bueltatu zen, eta hala egin du. Eta orain zer? Batek daki ze bide hartuko duen Aritz Aranok (30 urte). Gure egunerokoan jendeak normalean hartzen dituen erabakiak ez, kontrakoak hartzen baititu Eroso-Txiki etxean jaiotako mutilak. Salesiar ikastetxean goi mailako ziklo bat egin eta praktikak nazioartean Euskal Herrian baino lan handiagoa egiten zuen enpresa batekin egin zituen. Lau urte aritu zen jardun horretan, “baina aspertu egin nintzen, edo motibazioa galdu, eta ikasten segitzeko erabakia hartu nuen”. Enpresa administrazio eta zuzendaritza gradua egin zuen Deustuko Unibertsitatean, Donostian. Beste lau urte. 2015eko ekainean bukatu zituen ikasketak, ekintzailetza eta berrikuntzako titulazioarekin, graduaz aparte.

Eta orduan zer? “Bazeuden aukera batzuk, baneukan atzerrira joateko gogoa, errealitate ezberdinak ezagutzeko gogoa”. Jaurlaritzak daukan beka batean jarri zuen arreta, Global Training izenekoa. “Alboan eta Suyusama Fundazioen bitartez informazioa bildu nuen (Suyusama hitzak eskualde ederra esan nahi du ketxueraz), gustatu zitzaidan euren planteamendua, eta plaza hori lortzeko aurkeztu nintzen”. 

Deustuko Unibertsitatera enpresa asko etortzen da ikasle bila, baina “niri, une hartan, ez zitzaidan erakargarria egin. Bai ordea Global Training delako beka. Atzerrira joan nahi nuen, baina beka bat behar nuen, diru aldetik-eta lasai egoteko, batez ere”. Deustuko Unibertsitateak ere asko lagundu zion, papergintzan eta beste. Hautaketa proba bat pasa zuen, eta aurrera. Hegazkin batean sartu eta munduaren bestaldera joatea, prozesu horretako azken lana.
Eta zergatik Kolonbia? “Ba kafearengatik. Ikasketetako azken 6 hilekoan, espezialidadean, Mexikoko kafe kooperatiba batentzat lan bat egin nuen, eta gustatu zitzaidan. Suyusama Fundazioak, bestalde, kafearen ardatz ekonomiko-produktiboaz gain, ardatz sozial, politikoa eta ekologia arlokoak ere lantzen ditu. Alegia, integrazio lana egiten dute nekazari komunitate behartsuenekin. Nire heziketarekin bat egiten duen proiektua da, kafearentzat halako komertzializazio alternatiboa duena helburu, eta halaxe joan nintzen, hori garatzeko asmoarekin”.

Zer esaten zioten Aritzi etxean, lagunek? “Batzuk 'eroa zaude', besteek 'ze aukera polita'. “Etxean beldur pixka bat sumatu nuen, ze ez da gauza bera Londres edo Ingalaterrara joatea, edo Kolonbiara joatea. Ez da izen ona daukan herria...”. ‘Zertara zoaz hara’, eta antzekoak entzun zituen.

Pastoko gizartean sustraitua
Pasto hirian (Nariño eskualdeko hiriburua), laguntza handia eman zioten bertako Jesuitek: “Hango dinamikara ohitu bitartean: etxea, hizkuntza, ohiturak...”. Adibide bat. Han ez dute argiaren ordaina bankutik domiziliatzen, norberak joan behar du ordaintzera... “Xehetasun txikiak dira, baino jakin beharrekoak”. Aritz errespetuz joan zen hara, ikasteko asmoarekin, baina beldurrik gabe. Pastok 700.000 bat biztanle ditu, eta 2.000 metrora dago,  Andeetan. Hiria handia da, baina probintzia herri txikiz zipriztinduta dago. “Euskal Herriaren orografiaren antzekoa da, Galeras, 4.200 metroko sumendiaren inguruan zabaltzen da”.

Zein zen bere egunerokoa Paston? “Kafearen komertzializazio alternatibo baten estrategia diseinatu, eta martxan jarri, edo pausoak zehaztu”. Bertako kafe ekoizleen ongizatea eta bizi-kalitatea hobetzea, azken finean, diru-sarreren hazkuntzaren bitartez. “Beraiek kafearen kalitatea hobetzeko ahaleginean ari dira, baina hango salmenta sistemak ez dizkie etekin asko ematen. Federación Nacional de Cafeteros delakoak diru asko poltsikoratzen du, itxuraz garden-gardenak ez diren jarduerekin. Egoera hori iraultzeko bidea kafea kalitatezko lehengai bilakatzea da –Kolonbian diferenciado esaten dute–”. Eta hori nola lortzen den? “Merkatuko erabakiguneetan murgilduz”. Gabezia, ordea, handia da, erronka horretan. Ekoizleek, berez, ez dute zirrikiturik halakorik lortzeko: “Jakintza mugatua dute, logistika bezala, eta mugitzen duten bolumenarekin ere zaila da erabakimenetan indarra izatea”.
Astelehen eta asteartetan bulego lana egiten zuen Aritzek, lan administratiboa: tailerrak prestatu, bezero potentzialekin kontaktuak egin, dokumentazioa garatu... “eta asteazken-ostiraletan bulegotik kanpoko lana. Auzo jakin bateko ekoizle txikien arteko bilerak antolatu, elkarlana sustatu, taldean bakarka baino indar handiagoa dutelako, sinergia onak sortu...”.

Bake akordioa
Ekonomikoaz gain, beste arlo batzuetan ere murgildu da urnietarra, hiru ardatzetan, hain zuzen ere. Horietako bat ardatz soziala izan da: “Alegia, emakumearen integrazioa, edo emakumeari egun ez dauzkan zereginak ematea. Gazteekin ere lana egiten genuen, tailer bide antolakuntzaz, elikadura subirautzaz, kreditua eskatzeko kooperatiba pribatuak nola sortu, betiko bankuetara joan ez zitezen..., eguneroko mekanismo txikiak, haien bizitza hobetu zedin”.
Arlo politikoan, herri mailan eraginkorrak nola izan erakusten zieten, udalekin eduki beharreko harremanak-eta nola landu, “batez ere finantziazio kontuetan”. Arlo ekologikoan ere aritu zen: uraren erabileraz, kutsaduraz... 

Aritz Arano Kolonbian zegoela herri hartako urteetako gatazka armatuari bukaera eman dion bake akordioa sinatu zen, eta herritarrek akordio horri eman beharreko baiezko edo ezezkoaren prozesua gertutik bizi izan zuen. “Mugimendu soziala ez da handia izan. Bai telebistan, baina kalean, halako prozesu garrantzitsua izanda, ez zen giro berezirik sumatzen. Abstentzio maila handia izan zen, %63koa. Izan liteke politikariek sinesgarritasun txikia dutelako izatea. Bake plana oso ondo zegoen idatzia, baina eraginkorra izango ote zen edo ez, ez zegoen garbi. Santos lehendakariak legegintzaldi hasieran landaguneetan aplikatu beharreko neurri, konpromiso batzuk ere iragarri zituen, baina ez dira gauzatu. Ez da ezer egin, eta konpromisoak betetzen ez badituzu, ba jendeak ez dizu sinisten”. Ezezkoa gailentzeaz, honatx, bere hausnarketa: “manipulazio mediatikoa handia izan da. Prentsan manipulazio handia egin dute Alvaro Uribe presidente ohiak eta bere prentsak, bake akordioaren aurka zeudelako. Besteak beste, soldadu izandakoei betirako soldata bat bermatzen zitzaiela saldu zuten, egia ez zenean. Jendeak, ordea, sinistu egin ditu halakoak, eta noski, ezezkoa bozkatu”.

Heziketa falta ere garrantzitsua da: “Alfabetizazio maila bajua bada, irizpide propioak edukitzea ez da erraza. Gu, guretzako benetako errealitatea zenaren informazio gardena ematen saiatzen ginen, euren kabuz irizpide propioa eraiki zezaten. Suyusama Fundazioak bake akordioaren aldeko politika egin zuen”. Eta beste ondorio esanguratsu bat: “Gatazka gordinen sufritu duten landa guneek baiezkoaren alde bozkatu zuten, konfliktoa bukatzea nahi zutelako: tiroketak, koka landatzera behartu, mehatxua..., hori guztia amaitzea nahi dute”.

Denboraren balioa
Kolonbiarrak ondo ezagutzeko aukera izan du Aranok 9 hilabetetan. Jende oso umila ikusi du, baliabide gutxikoa: “Goserik ez dago, are gutxiago landa guneetan. Kafearekin beste elikagaiak erosteko nahikoa lortzen dute. Luxurik ez dago, baina gosea ere ez. Gauza materialik edukitzeko nahi handirik ere ez dute. Halako kosmo-ikuspegi bat dute, naturarekiko lotura, beste bizi-estilo bat...”. Bertakoak oso abegitsuak omen dira. “Ni atzerritik iritsi nintzen, eta den-dena eskura izan nuen. Salda prestatzeko oiloa hil behar bazuten, ba hil egiten zuten. Jende ona da, eta zer pentsatua ematen du, gure jendartea berekoia delako. Haiek nahiago dute zuk oilaskoa jatea, beraiek jan gabe geratzearen truke baldin bada ere. Arazo txikiei guk baino askoz garrantzi txikiagoa ematen diote. Osasuna eta arroz plater bat baldin badute, kito, ez dute ardura gehiagorik”.
Hangoek euren etorkizuna beltz samar ikusten dute, gazte gehienak hirira joaten direlako landa guneak utzita. “Batzuk ikastera, besteak diru errazaren bila garden-gardenak ez diren jardueretara... Horiek landa-eremuan geratzeko ahalegina ere egiten da”. Dena den, aukera handiko herrialdea dela dio Aranok: “Mexiko orain dela 15-20 urte, edo Brasil orain dela 10 urte zena, euskal enpresentzat oso egokiak ziren. Halaxe da Kolonbia orain. Estrategikoki kokapen ona dauka, gainera”.

Etxera bueltan, harritzeko moduko gauza asko bizi izan ditu Aranok. “Donostiara joan eta gurea ze gizarte kontsumista, berekoia den ikustea. Momentu txikiak baloratzen ikasi nuen han. Zoriontsua zara eguneko lana bukatu eta mahai gainean ron apur bat edanez, hiru ordu eztabaidan eta gozatzen egonda. Baloratua sentitu naiz. Dirua joan eta etorri egiten da, baina denborak balio handiagoa dauka han, eta hori asko baloratzen dute”. Denborak hemen balio ez duena berriro Kolonbian bilatuko ote duen galdetuta, enigmatiko mintzatu da Arano: “denborak esango du hori”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!