Saharara bidaltzeko janari bilketa

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko urt. 19a, 01:00

Villabonako Udaleko Gizarte Zerbitzuek eta Zubimusu ikastolak Mendebaldeko Saharara bidaltzeko janari bilketaren kanpainarekin bat egiten dutela jakinarazi dute:

Zubimusu Ikastolak bat egin du Tolosaldea Sahararekin elkartearekin eta urtarrilaren 27ra bitartean elikagaiak, higienerako produktuak eta eskolako materiala jasoko du saharar errefuxiatu kanpamenduetara bidaltzeko. Momentu honetan, janari bilketa egiten ari da elkartea eta bildutako guztia antolatu eta maiatzean egingo dute bidalketa. 

"Gure helburua saharar herriarekiko elkartasuna lortzea da. Bide horretatik, gure zeregina kanpamenduetara ahalik eta laguntza gehiena eramatea da. Horretarako bide eta era ezberdinak ditugu, eta garai honetan, janari bilketa da gure lana", diote. Elkarteak hainbat proiektu jarri ditu martxan, besteak beste, elkartasun bilketak, haurren harrera programak, maiatza borrokan jardunaldiak, e.a. "baina garrantzitsuenetariko batzuk Saharar Lurralde Askatuetan, Midyc herrian, 140 ikaslentzat eraikitako lehen hezkuntzako eskola eta 200 kilometroko distantzian dagoen anbulategi bakarra" zabaltzea izan dira. 

Orain, bildu nahi duten materialaren artean daude: lekaleak, pasta, hegaluzea eta sardinak oliotan, arroza, azukrea, olioa edota eztia. Baita konpresak eta haur eta helduentzat pixoihalak ere. Eskolako materialaren artean behar dituzte koadernoak, arkatzak, ezeztekoak, txorroskiloak, margoak eta errotulagailuak, erregelak edota konpasak.

Materiala non utzi urtarrilak 27 baino lehen:

-Zubimusu ikastola: Txerminen eta Zizurkilen ikasleen ikasgeletan. Zentroan: Zatorran.

-Villabonako Udaleko Gizarte Zerbitzuen bulegoan.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!