Etxegabetze arriskua ekiditeko elkarretaratzea

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko urt. 16a, 19:40

Asteartean arratsaldeko 18:30ean hasita, Andres Balerdi Etxanizen aldeko elkarretaratzea egingo dute Bastero parean. Babes osoa agertu nahi diote Andoaingo Kaleratzeak Stop Desahucios erakundetik.

Balerdiren kasua:

Andoaingo Kaleratzeak Stop Desahucios erakundea herriko Banco Santander erakundearen atarian izango da, bertan mailegua eskatu zuen pertsona batek etxebizitza galtzeko aukera duela salatzeko.

Pertsona hori Andres Balerdi Etxaniz da eta Ormaiztegin erosi zuen etxea ordaintzeko Andoaingo sukurtsalean mailegua eskatu zuen. Garraiolaria ogibidez, iraupen luzeko langabetua da eta honezkero maileguari aurre egitea ezinezkoa zaio. Gaur egun bere arrebarekin bizi da Lasarte-Orian.

Mailegua ordaintzeari utzi dioenean, Santanderrek haren aurka jo du eta gaur egun haren etxebizitza enkantean jarri dute. Enkantea nonbait datorren urtarrilaren 19an amaituko da, arratsaldeko 18:00etan.

Bere diru sarrera bakarra Ormaiztegiko etxebizitza hori da, alokairuan duelako. Baina alokairutik jasotzen duen 490 euro hori baina kopuru handiagoa da maileguan hilero ordaindu behar duena.

Andoaingo Kaleratzeak Stop Desahucios erakundeak mobizilaziora deitu du: “Saihesten ez badugu, Andresek bere etxebizitza galdu eta bankuari 54.000 euro ordaintzera behartuko dute. Bizitza osorako kondena litzateke hori”. Internet atari batean agertu da etxebizitza enkantean, eta hori jakin zutenetik Stop Deshaucios erakundeak idatziz negoziatzeko aukera luzatu dio banketxeari: “Dazio ordainketa edota enkante adostua lirateke akordiorako proposamenak. Enkante adostuarekin, esaterako, banketxea etxebizitzarekin geratuko litzateke eta Andres inolako zorrik gabe. Gaurko egunez ez dugu erantzunik jaso eta horrexegatik mobilizazioei ekingo diegu. Ez dugu inolaz ere onartuko Andres bizitza osorako zordun bilakatzea 136.000 euroko mailegua eskatzeagatik, banketxeak berak etxebizitza hori 186.907 eurotan baloratu zuenean. Gehiegikeria honen aurrean herritarren eta erakundeen inplikazioa eskatzen ari gara. Gogoan hartu nahi dugu Andoain eta Gipuzkoa etxegabetze eta enkanterik onartzen ez duten herrigunea eta herrialdea direla”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!