KoopFabrika, ekintzailetza sozialerako programa

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko urt. 16a, 01:00

Beterri-Buruntzan, Oarsoaldea eta Debagoienako eskualdeekin batera, KoopFabrika proiektua martxan jarriko dute ekintzailetzari eduki sozial, kooperatibo eta eraldatzailea emateko. Otsailaren 1ean hasiko da.

KoopFabrika ekintzailetza sozialerako programa da. Hiru eskualdetan burutuko da programa modu bateratuan: Beterri-Buruntzan, Debagoienan eta Oarsoaldean, tokian tokiko instituzio eta eragile lokalen inplikazioarekin. Ekintzailetzari eduki sozial, kooperatibo eta eraldatzailea eman nahi dio KoopFabrikak, tokian tokiko sareen garrantzia abiapuntu hartuta.

Hiru profiletako jendeari zuzentzen zaio programa: proiektu edo ideiaren bat lantzen edo martxan jarri nahian dabiltzanei, orain arte elkarte moduan jardunean aritu arren, profesionalizatu edo beste era batera antolatu nahi duten taldeei, eta azkenik, enpresen baitako barne-ekintzailetza proiektuei dimentsio sozialetik ekiteko asmoa dutenei.

Formakuntzan arlo teoriko komuna lantzeaz gain, ekintzailetza sozialerako tresnen erabilpenean trebatu, martxan diren egitasmoei bisitak egin eta KoopFabrikatik irtendako proiektuei tutoretza eskainiko zaie.

Programan parte hartzea doakoa da baina plaza mugatuak daude. Datozen asteetan partehartzaileekin elkarrizketa fasea irekiko da, otsailaren 1ean formazioari hasiera emateko. 

Informazio gehiago: www.koopfabrika.eus

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!