Zizurkilgo Zubimusu ikastola berritua inauguratu dute

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko urt. 17a, 01:00

Joan zen larunbat eguerdian, Zizurkilgo Zubimusu ikastola berritua inauguratu zuten herritarren aurrean, erakundeetako kideak bertan zirela. Konfiantzaren Pedagogia lantzen ari dira bertan:

Argazkiak

Nerea Zumeaga Villabona eta Zizurkilgo Zubimusu ikastoletako zuzendari gerenteak pozarren adierazi zuen nola ikasturte honetan Konfiantzaren Pedagogia lantzen hasi diren Zizurkilgo ikastolan, eraikina guztiz berrituta, espazio zabal eta irekia osatu ondorenean. Saiakera eta lan handia izanagatik, esker oneko eta ilusioz agertu zen, merezi izan duelako.

Ikasleek Aurreskua eskaini zieten Zubimusu ikastolako, Ikastolen Elkarteko edota Zizurkil nahiz Amasa-Villabonako Udaletako ordezkariei eta Ikastolen Elkarteko lehendakari Koldo Tellituk hartu zuen hitza. Zorionak eta eskerrak eman zizkien Zubimusu ikastolako kideei, haien konpromisoa eredu delako eta isilean baina eraginkor, ikastolen nortasuna mantentzeagatik egindako lanagatik.


"Agintariok. Zubimusu Ikastolaren arduradunok. Ikastolen eta euskararen lagunok.


Zoriontzeko eguna dugu gaur. Zorionak nola ez Zubimusu Ikastolari ametsak, berriro ere, errealitate bihurtzeagatik. Zorionak eta mila esker, Euskal Herriko Ikastolen izenean. Zorionak eta eskerrik asko Zubimusu Ikastolako kide guztiei, baldintzarik gabeko konpromisoagatik.


Ez dira garairik onenak konpromisoarentzat, konpromiso sozialarentzat. Ongi dakigu. Baina badira konpromisotik desertatu ez dutenak, badira konpromisoan konbentzituta bizi direnak. Zubimusu ikastola da horren lekuko.
Gaurko zabalkunde ekitaldia da guzti horren lekuko. Zuentzat da hitz apal hauen omenaldi zintzoa.


Oraindik ere ikastoletako hezkuntza proiektuak aurrera ateratzen dira familiek, hezitzaile taldeek eta langileek egin duten lanari eta gizarte elkartasunari esker. Horrela, ikastolak erronka berrietara erantzuteko egokitu dira eta aurrera pauso nabarmenak eman dira hainbat gaitan, esate baterako, IKTn ezarpenean, eleaniztasunean, integrazioan eta aniztasunaren kudeaketan, kalitatearen ezarpenean, eta nola ez gure instalazioen hobekuntzan, gaur egiten dugun moduan.
Eta guzti hau zergatik?, aipatu dudan esfortzua zergatik?, Ba ondo dakizuen moduan, finantzazio publikoa oso labur geratzen zaigulako ikastolok dauzkagun benetako gastuaren kopuruari aurre egiteko. Eta zer esanik ez instalazioen kasuan.


Eta zein da aitzakia?, publikoak ez garela. ez ditugu jasotzen behar ditugun baliabide publikoak eta horregatik, lehen aipatu dudan moduan, behin eta berriro jo behar dugu konpromisora.


Guk Publikotasun kontzeptu berritzaile bat aldarrikatzen dugu, Hezkuntza Zerbitzu Publikoaren kontzeptua, hau da, zerbitzuari lotutako publikotasuna, hain zuzen, ez titularitateari; izaera publikoa izaera estataletik bereiziko duena, herritik sortua. Gaur egungo sistemaren eredua gainditu beharra dago, zer ikusirik ez daukalako gure herriak eskatzen duen hezkuntza-sistema propio batekin.


Azken finean, gurea baino publikoagorik bada? Herritik sortutako ikastetxeak gara, ekonomia sozialean oinarrituak (hau da kooperatibak gara), aberasteko asmorik ez dugu eta Zerbitzu publiko bat eskaintzen dugu. Ondorioz, zer eskatzen dugu Ikastolentzat, gaur egun dagoen finantzazio publiko hobetzea, hots, zentroko gastuak funts publikoetatik ordaintzea.
Gora zuek, konpromisoari inoiz muzinik egin gabe, hezkuntzaren bidetik, kulturaren bidetik, isilean baina eraginkor, ikastolen nortasunari eusteagatik.
Zuekin gaude!".      


Azken ikasturtean, Mikel Ugarte zizurkildarrak hartu du Emeren Gelbenzuren eskutik Zubimusu ikastolako Artezkaritza kontseiluko ardura (biak elkarrekin argazki albumeko azken irudian). Zizurkilgo ikastola biziberritzen egin duten lana eta jaso duten emaitza gogoan, barru-barrutik osatutako hitzaldia eskaini zuen. Oso-osorik, jarraian irakurgai:


"Egun on guztioi… zuetako asko bertako gurasoak zarete, beste batzuk aldiz ez… ongi etorri guztiak.

Zein polita geratu zaigun ikastola! Aurreko urteetan ikasle berriak erakarri nahi genituenean, gurasoekin hitz egiten hasi eta “txikia eta goxoa” zela esaten genuen, “ikasle-irakasle gertutasuna” bezalako arrazoiak erabiltzen genituen. Orain aldiz, begira zer daukagun. Teilatu berria, leiho berriak, zoru berria… asko kostata alajaina. Eta ez diru aldetik bakarrik. Bilera sorta bat egin behar izan dugu, batekin hitz egin, bestearekin… jira, bira, tira… eta tira. Eta lortu dugu. Eraikin zahar bat, eraberriturik dugu. Baina hori baina askoz ere gehiago daukagu. Hemen, auzolanean egindako hainbat lan daude. Irakasleen gelako armariotxoak… Egurrezko egitura hori esaterako... eskalatzeko buldertxoa… sokekin egindako pasadizoa… Irakasleek pentsatu, zekienak egin, ez genekienak lagundu, eta gure umetxoek gozatu. Kooperazioa.

Hau guzti hau itxuraldatzeko, ezinbestekoa izan da hemen gure artean dugun irakasle talde berri honen inplikazioa. Ordu asko eta asko dedikatu behar izan dituzue, eta oraindik ere dedikatzen ari zarete, gurasook pentsatzen eta eskatzen genuen aldaketa baina askoz ere sakonagoa den proiektu bat aurrera eramateko, eta gai izan zarete. Zuek bakarrik dakizue zenbat denbora eskatu dizuen nolako eraikina nahi zenuten definitzeak. Hilabeteak? Urteak? Beraz, esanda geratzen da, milesker irakasle zaretenoi.

Hau ez da erreforma soil bat. Proiektu pedagogiko baten etxetxoa da. Zuek ohartu zineten gizartea aldatzen ari dela, eta ikasgaietan soilik oinarritutako hezkuntza zaharkiturik geratu dela. Urte gutxitan teknologiak aurrera pausu ikaragarriak eman ditu, zer esan eskura dugun informazio kantitateari buruz… lan egiteko moduak aldatu dira, gizartearen beharrak ere aldatu dira… baina hezkuntza sistema hamarkadetan ikasleak seriean fabrikatzen zituen berbera izaten jarraitzen zuen. Buruz ikasi genuen: Jupiter, Saturno, Urano, Neptuno eta Plutón. Atomo, neutron, protón, elektrón. Txin klun, txin klun… Ba Plutón ja ez da planeta, eta elektroiak baina txikiagoak diren partikulak ere aurkitu dituzte. 2+2 = 4 da bai, baina beti? 2 sagar + 2 sagar, 4 sagar dira. Baina 2 sagar + 2 lagun, zenbat da? hamaiketako bat… eta zer egiten dute bi lagunek hamaiketako batean… ba diskutitu pluton planeta den ala ez…

Eta zer pasako da eztabaida horretan? batek bere mobila atera eta google-n begiratuko du. Garrantzitsuena ez da planeta den ala ez jakitea, baina bai eskuragarri dituen baliabideak erabiltzen jakitea, ulertzeko gai izatea, eta bere lagun horri planeta zergatik ez den esplikatzeko gai izatea. Hau da garrantzitsua. Gaitasunak lantzea. Behar duen horri irtenbidea bilatzeko gai izatea. Eta hori hala izan dadin, pertsona horrek konfidantza behar du. Seguru sentitu behar da bere inguru artean, familia, lagun eta gainerakoen aurrean, bere buruan konfidantza izan behar du. Ekintzaileak, prestatuak, euren buruaren jabe direnak, erantzunkizunari heltzen diotenak, lan-taldean moldatzen dakitenak… horrelako gazteak nahi ditugu. Baina galdera da: Nola lortu? Zer irakatsi? Nola erakutsi pertsona konpetentziadunak izan daitezen? Zein da irakaslearen rola? Eta ikaslearena? 

Galdera hauei pedagogikoki erantzun ahal izateko, Zizurkilen eredu berritzaile bat ezartzea lortu dugu. Proiektu honen zatirik ikusgarriena eta nabarmenena, Ikusten duzuen espazio hau da, berria, erakargarria, polita, haurraren garapenak espazioarekin ere lotura badu eta. Orduak ematen dituzte horma hauen artean. Baina esan dugun moduan, hemen eraikin berri bat baina askoz ere gehiago lortu dugu,

Espazio hau Konfiantzaren Pedagogia eredua martxan jartzeko egokitu dugu, ez da soilik paretak botatzea izan, denak zentzu bat du. Benetan sinesten dugu gaur egun gure seme-alabei eskaini diezaiekegun eredurik hoberena eta aurreratuena dela. Harrokeriarik gabe, baina harrotasun osoz esaten dugu proiektu hau oso indartsua dela, bere garaian ikastolek egin zuten moduan, hezkuntza ereduan salto kualitatibo bat emango duena, erreferente izango dena.

Zizurkilen eman den urrats hau aurki Txerminen ere emango da. Gabonetako oporrak aprobetxatu ditugu hall-a eta lehenengo solairua margotzeko eta pixkanaka Konfiantzaren Pedagogia Txerminera zabaltzen joango gara.

Lehen, hasieran aipatu dut auzolanean hainbat lan egin direla Zizurkilgo eraikin honetan. Mila-mila esker lan hauetan parte hartu eta lagundu zenuten guraso guztiei. Ez dute gutxiago merezi Gabonetan Txermingo eraikinean pintaketa lanetan aritu diren gurasoak. Txalotzekoa guztien inplikazioa eta borondatea. Bejondeigula!!! Hauxe da gure izaera, gure identitatea, gure indarra. Zuzendaritza, irakasle eta gurasoak elkar harturik, norabide berean lanean, gure seme-alaben etorkizunen zutabe izango den hezkuntzaren alde. Ez da broma. Errealitate bat da, konbikzio osoz esaten dugu eredu berri hau ikastolaren ibilbidean jauzi garrantzitsu bat dela, norabide bat markatzen duelako.

Zubimusu Ikastola ausarta izan da. Egoera aztertu eta onurak ekarriko dizkigula argi ikusi dugunean, erabakiak hartu dira. Orain bi urte kooperatiba osatu genuen. Honek ikuspegia, proiektuak eta baliabideak zabaldu dizkigu. Sendotu egin du gure hezkuntza proiektua. Eta aurrera begira, bide horretatik jarraituko dugu. Ahal dugun hobekuntza guztiak barneratzen. Gure erronka, esan bezala, umetan hartzen ditugun pertsonak gaitasunez jantzi eta gizarterako prestaturiko gazte konpetente bihurtzen laguntzea delako.

Mila esker bidelagun zaituztegun guztioi, irakasle, guraso, herritar, elkarte, eta nola ez, Villabonako eta Zizurkilgo Udalak. Elkarlanak beti ateak zabalik ditu eta ziur nago guztion artean eraikitzen dugun etorkizuna, bakarka eraiki dezakeguna baino askoz ere hobea izango dela.

Zailtasunak zailtasun, desafioak desafio, Zubimusu Ikastola berpiztu egin da eta gu guztiok ikastolarekin. Zubimusu garelako.

Eskerrik asko".


Hitzaldiak amaituta, lau ikaslek Zubimusu ikastolaren kantua eskaini zuten bertaratuen aurrean eta amaitu aurretik, Zizurkilgo ikastola berritua eta lantzen duten Konfiantzaren Pedagogia ezagutzeko, urtarrilaren 18tik 21era bisita gidatuak antolatu dituztela gogoratu zuen Nerea Zumeagak. Interesa dutenek, aurrez eman behar dute izena.

Ekitaldian izan ziren Zubimusuko guraso, irakasle eta zuzendaritzaz gain, Zizurkilgo eta Villabonako alkate eta zinegotziak. Ikastolen Elkartetik ere hainbat lagun bertaratu ziren Koldo Tellitu lehendakariarekin batera. Bertan izan ziren Patxi Olabarria, Beñat Azurmendi eta Mikel Egibar, baita hainbat ikastoletako zuzendariak ere.

I. Jardunaldi Pedagogikoak: Hezkuntza eraldatzen

  • Konfiantzaren Pedagogiaren inguruko hitzaldia, Arizmendi ikastolako Amaia Anteroren eskutik. Urtarrilak 17, asteartea. 18:00. Villabonako Subijana etxea.
  • Zizurkilgo ikastolako Konfiantzaren pedagogia proiektua ezagutzeko bisita gidatuak. Urtarrilak 18, 19, 20 eta 21. Zizurkilgo ikastola.
  • Haur masajea tailerra, Nerea Mendizabalen eskutik. Urtarrilak 18, asteazkena. 10:00-12:00. Villabonako kultur etxea.

 

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!