Ainara Altunaren 'Ulertezinaren lanbro azpian' erakusketa ikusgai

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko urt. 16a, 01:00

Joan zen ostiral iluntzean inauguratu zen Ainara Altuna ilustratzaile lasartearraren 'Ulertezinaren lanbro azpian' erakusketa Zizurkilgo Plazida Otaño liburutegiko erakusgelan. Otsailaren 4ra arte egongo da zabalik. Artistaren hitzak, jarraian:

Argazkiak

Gurasoak galdu ondorenean, barrutik ateratako irudiekin osatu du Ainara Altuna ilustratzaile lasartearrak 'Ulertezinaren lanbro azpian' erakusketa. "Gurasoen heriotzaren inguruan osatu dut erakusketa. Gurasoak eta familiako pertsona gehiago galdu ditut  orain gutxi eta horrek sortutako ezin ulertua islatzen du 'Ulertezinaren lanbro azpian' erakusketak. Ezin ulertu hori guztia ulertu nahian egin ditut marrazki hauek". Gurasoen irudiak lan bat baino gehiagotan aurki daitezke erakusketako lanetan zehar eta haiengatiko banaketa ispilatzen dute gehienek. "Oso barneko lanak dira, beharrezkoak niretzat, barrua lasaitzeko", adierazi du. Material ezberdinak baliatu ditu erakusketako marrazkiak egiteko: arkatzak, boligrafoak, tinta txinatarra, errotulagailuak... Papera, txuria beharrean, koloreduna beti eta formato txikian.

Umetan hasi zen Ainara Altuna marrazketa lantzen, tailer ezberdinetan. Arte Ederrak ikasi zuen gerora. "Teknikari lotuta beste era batera marrazten ikasi nuen orduan, baina barrutik margotzeko prozesua nire aldetik landu nuen geroago. Arte terapia lantzen eta psikologia ikasten hasi nintzenean. Marrazketa psikologiarekin lotu nuen orduan".

Otsailaren 4ra arte egongo da zabalik Plazida Otaño liburutegiko erakusketa eta egun horretan, sentimenduak nola irudikatu tailerra eskainiko du Atxulondo kultur etxean. Haurrek bezala, tailer horretan, helduek parte hartzea gustatuko litzaioke bereziki Ainara Altunari. "Etor daitezela eta atera dezatela beldurrik gabe barruan daukatena. Marrazten jakitea ez da beharrezkoa barruko emozioak kanpora ateratzeko", jakinarazi du. Urtarrilaren 27ra arte egongo da tailerrean parte hartzeko izena emateko aukera. 12 urtez azpiko haurrek heldu baten ardurapean har dezakete parte.

Beretzat, beti marrazten du Ainara Altunak. Horrez gain, iristen zaizkion eskaerei erantzuten die. Berriki, Lasarteko Emakume Zentroarentzako marrazkiak egin ditu. Igartubeiti baserrirako ere beste bat egin berri du. Hala ere, lan puntualak eta gutxi direla jakinarazi du. Orain, haurrentzako ilustrazio liburu bat egin nahi du bere aldetik. "Ilustratzailearena ez da bide erraza. Oso zaila da honetatik bizitzea", uste du, baina ahalegindu ahaleginduko da, bere gogoko bideari jarraitzen.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!