Etenaldia Urnietako mendi lasterketan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko urt. 14a, 01:00

2017an ez da Urnietako mendi lasterketarik izango. Egungo antolatzaile nagusi Joseba Labakak etenaldia iragarri du. Arrazoia antolakuntzarako nahikoa lagun ez dagoela da.

Elkarrizketa:

Urnietakoa, Jokin Lizeaga mendi lasterkari handiaren herria, maila handiko mendi lasterketa izatera iritsi da. Bost urte eta gero, ordea, antolatzaileek etenaldia iragarri dute. Proba egin ahal izateko ardura handiena oso lagun gutxiren esku dagoela eta, nahikoa indarrik ez dute batu aurtengoa egin ahal izateko. Joseba Labakak antolatzaileen argudioak eskaini dizkio Aiurri astekariari.

Urnietako Mendi Lasterketaren bosgarren edizioa eta gero, etenaldia izan da. Lehen lau edizioak Xoxokan abiatu eta amaitu ziren, eta iazkoan San Juan plaza erdigunea izan zen. Zer dela eta etenaldia?
Joseba Labaka.
Nahiz eta proba egunerako dozenaka bolondresen laguntza izan, lasterketa hasieratik bukaeraraino antolatzeko behar diren hilabete horietarako oso lagun gutxi geunden. Lan karga handia da, azken bi urteetan gure lekukoa hartuko zuketen lagunen bila aritu gara eta ez dugu kiderik topatu. Arrazoi pertsonalak eta errelebo falta, horiek dira lasterketa ez antolatzeko arrazoi nagusiak.

Aldiz, iazko edizioaren aurkezpenean lasterketa egonkortuta zegoela adierazi zenion  Aiurriri...
J.L.
Lasterketaren oinarria hor dago, lan hori abiapuntu oso aproposa da baita etorkizunerako ere. Oinarri sendoa duela esan nahi dut. Lan asko dago, itzaleko lan handia, eta horri guztiari jarraipena emango dion talde lana behar da. Joseba Labaka eta Borja Granado hor gaude, baina ez da nahikoa. 

Mendi lasterketari esker, goraldi ederra izan da Andoaingo eta Urnietako kirolarien artean. Dozenaka egongo lirateke aurtengo mendi lasterketaren zain. Atsekabetuta egongo da bat baino gehiago. Zer esango zenieke?
J.L.
Urnieta-Adarramendi lasterketa egiten zenean eskualdeko partaidetza askoz apalagoa zen, eta Urnietako Mendi Lasterketarekin kopurua ehunera iritsi zen ia. Lasterka dabiltzan horientzat motibazio ona zen Urnietako proba, baina eurek ere ikusi behar dute mendi lasterketa antolatzeko lana gogotik egin behar dela.

Etenaldiaren erabakia zehazki noiz hartu zenuten?
J.L.
Laugarren edizioa egin genuenean lasterketaren antolaketari talde itxura ematen ahalegindu ginen. Eta bosgarrenerako beste bide batzuk jorratuz, taldea osatzeko bigarren saiakerari ekin genion. Jaso genituen erantzunak, oro har, positiboak ziren, baina gero ordua iritsi zenean ez ziren taldeko dinamikan murgildu. Kontuan eduki behar da lasterketaren antolaketa ez dela asteburu bateko kontua, lauzpabost hilabeteetako lanaldia baizik. 
Iazko lasterketa eguna maiatzaren 1a izan zen. Otsaila-martxorako proba ahalik eta ondoen egiteko indarrak batu genituen, baina ordurako argi genuen hura izango zela guretzat azken edizioa.

Proba antolatzeko talde lanaz ari zarenean, zenbatekoa da talde egonkor hori osatzeko buruan duzuen pertsona kopurua?
J.L.
6-8 lagunekin oso lan ona egin daiteke. Finantziazio aldetik Udalak ekarpen polita egiten du, baina lasterketak aurrekontu mugatua du. Eta kontuak berdintzeko lan komertzial handia egin beharra dago edariak, janaria eta gainerako hornikuntzak ahalik eta preziorik baxuenean lortzeko.

Probak izaera solidarioa izan du hasieratik. Probaren etenaldiak zertan eragiten dio Super H taldeari?
J.L.
Urnietan sorturiko elkartea da Super H, eta beti gauzak herrian egitearen aldekoak izan gara. Baina herrian bezala, beste ekimen batzuetan ere murgilduta bagabiltza Urnietatik kanpo. Esaterako, berriro ere Bartzelonako San Joan de Deu ospitalean 14.000 euroko diru ekarpena egin dugu. Donostiako Ospitalean egitasmo garrantzitsu batean murgilduta ere bagaude.
Urnieta garrantzia handikoa da Super Hrentzat, babes ikaragarria jaso dugulako. Elkarteak bere dinamikarekin jarraituko du lanean.

Eta lasterketa ez egiteko erabakia behin betikoa al da? 2018an probari berrekitea aztertuko al zenukete?
J.L
. Oraingo planteamenduarekin eta gaur egun lanerako dugun eskasiarekin behintzat ez. Eredu hori agortu da. Taldea osatuko balitz, eurek nahiko balute gu babesteko prest geundeke. Argi dagoena da guk dagoeneko ez dugula ardura handiena hartuko. Erabaki hori behin betikoa da.

Urnietan Zanpatuz taldea bidea egiten ari da. Horrelako talde baten esku egon liteke probaren etorkizuna?
J.L.
Duela gutxi sortu den taldea da,  herrian babes handia duena. Super H edota Urnietako Mendi Lasterketarekin gertatzen den bezala, taldearen martxa eramateko oso lagun gutxi daude Zanpatuz elkartean. Lasterketa antolatzen jarraitzeko euren atea jo genuen, baina haien erantzuna jende aldetik eskas samar zebiltzala izan zen.

Erabakia hartzeko garaian Donostialdean berriki martxan jarri diren mendi lasterketa ezberdinek zuengan eragina izan al dute?
J.L.
Donostialdean, Beterrin..., erreferentziazko lasterketa Urnietakoa da. Eta hori Lezon, Ulian edota Orion lasterketa politak egiten direla. Izena emateko gehienezko kopurua gure lasterketaren edizio guztietan gainditu da. Mendi lasterkarien goraldia berria da, eta guk hasiera-hasieran hartu genuen. Horregatik bilakatu gara erreferentzia.

Pentsatzekoa da harridura aurpegi asko aurkituko zenuela urnietarren artean, lasterketa egingo ez dela adierazi duzun aldiro...
J.L.
Halaxe da. Jendea galdezka datorkit, lasterketa zein datatan izango den jakin nahian. Kontuan izan urtarrilaren 1ean ireki ohi zela izena emateko epea. Dagoeneko, halere, mendi lasterkari askoren artean ahoz aho zabaldu da albistea.

Lasterketa honek kendu bezala, eman asko eman dizu...
J.L.
Niri sortutako burutazioa izan zen. Ikusi nuen mendi lasterketak bazuela halako erakarmena eta gogoan dut David Nielfari Urnietako mapa eskatu niola. Bi edizio ezberdin eman zizkidan eta haien gainean ibilbidea irudikatzen hasi nintzen. Barru-barruan daramat Urnietako Mendi Lasterketa.
Etorkizunean beste talderen batek lekukoa hartuko balu tristura pixka bat sentituko nukeen, baina bestalde inork ez hartzeak ere pena emango lidake.

Zerbait gehiago erantsi nahiko al zenuke?
J.L.
Eskerrak emango nizkieke urte hauetan guztietan proba aurrera ateratzeko babesa eman diguten guztiei. Hutsean sortutako lasterketa izan zen eta berehala erreferentzian bilakatu zen. Niretzat oso pozgarria izan da berrogeitik gora urnietar mendi lasterketan atera izana. Ez da gauza bera Behobian edota San Silbestren ateratzea. Mendiz mendi lasterka aritzea oso gauza serioa da, 30 kilometro dira mendian! Lasterketa prestatzeko dedikazio handia eskaini behar zaio eta hori niretzat oso pozgarria izan da. Haiei guztiei eskerrak emango nizkieke, eta baita haien inguruan mugitu diren senide eta lagunei. Xoxoka edota San Juan plaza jendez gainezka ikustea oso pozgarria izan da niretzat.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!