Elurte plana martxan jarri dute

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko urt. 13a, 01:00

Andoaingo Udalak Elurte Plana martxan jartzea erabaki du. Datozen egunetan erruz jaitsiko dira tenperaturak. Izotza bota eta elurra egiteko aukerak ere handiak direla azpimarratu dute.

Aholkuak:

  • Ahal den neurrian, norberaren ibilgailuaren erabilera ekidin eta garraio publikoa erabili dezatela.
  • Autoa hartzekotan ere, beharrezko segurtasun neurriekin egin dezatela, segurtasun distantziak errespetatuz.
  • Ahal dela, bide publikoetan aparkatutako ibilgailuak garajetan gordetzea.
  • Izotza eta elurra eginez gero, horiek garbitzeari ekingo diote Udaleko langileek. Beraz, oinezkoek beti espaloitik joan beharko dute, kalea gurutzatzeko garaian arretaz eginez.
  • Egoerak okerrera egingo balu, etxean geratzeko gomendioa luzatu nahi die herritarrei Andoaingo Udalak.

Andoaingo Udalak gogorarazi nahi die herritarrei eta dendariei beraien etxe edota establezimenduetako aurrealdeak garbitu ahal izateko gatza dutela eskuragarri Udaltzaingoaren bulego nagusian (Galardi kalean). Gatza astelehenetik aurrera banatuko zaie herritarrei (urtarrilak 16) .

Ustekabe edo oharrik izanez gero, honako telefono hauek jarri ditu Udalak eskuragarri:

  • Udala: 943 30 08 30
  • Udaltzaingoa: 092 / 900 300 819

Udalak behar besteko baliabide jarriko ditu martxan egunerokotasuna ahalik eta gutxien kaltetua izan dadin. Edozein kasutan, elurtearena datorren bezala joaten den metereologia efektua dela gogorarazi nahi du Udalak, eta hortaz, halakorik gertatzekotan, lasaitasun eta gizalegez hartu dezatela horren eragina.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!