Zuberoako Maskaraden garaia

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko urt. 15a, 01:00

Datorren udaberrian maskaradak jokatuko dira Aiztondon, eta antolatzaileak, lanean ari dira bailarako eskola eta hainbat talderekin batera, herritarrek festan parte har dezaten.

Azaroaren amaieran, Adunako Kultur Astearen baitan aurrena eta Larraulgoan gero, Iparraldeko Dantzarien Biltzarreko kide Johañe Etxebestek ‘Zuberoako maskaradak. Pertsonaiak eta zentzua’ hitzaldia eskaini zuen, Maskarada eskualdera iristen denerako, herritarrek festaren funtsa ondo uler dezaten. Aiztondo bailarara ailegatu aurretik, ordea, urtarrilaren 22an abiatuko dira aurtengoan Zuberoko Maskaradak eta tradizio horren berri hobeto ezagutarazteko asmoz, hitzaldi hartan eskainitako argibideekin osatu da ondoko erreportajea.

 

Udaberriaren berpiztea

Lehenik eta behin, Maskaradak Zuberoako Ihauteri herrikoiak direla jakin behar da; udaberriaren berpiztea ospatzeko sinesmen zaharrei lotutako ohitura eta festa. Dantza, kantua, musika eta antzerkia ditu oinarrian eta gazteek antolatu ohi dituzte iniziazio errito bezala. Johañe Etxebestek argitu zuenez, “aurten Zuberoako Ezpeize-Ürdüreine herriko gazteek antolatuko dituzte eta urtarrilaren 22an hasita, igandero herriz herri ibiliko dira, 15 herritan”. Zuberoan Ihauteriak ospatzea pozgarria da bere ustez, zaila baita bertan euskara mantentzea eta Maskarada oso lagungarri baita bultzada horretan.

Urtero, festa antolatzen duten gazteen herrian izan ohi da Maskaradako lehen eta azken saioa, eta hala izango da aurten ere, baina aurtengo edizioak, aipatu bezala, izango du berezitasunik: Ezpeizekoaz gain, Zuberoatik Gipuzkoara jauzi egin eta Aiztondo bailaran plazaratuko baita Maskaraden azken saioa.
 

Gorriak eta beltzak

Maskaradako parte hartzaileengana etorrita, pertsonaia askok osatzen du festa, baina bi talde handitan sailkatzen dira nagusiki. “Gorriak: txintxoak, txukunak, garbiak, dantzari onak…, baina mutuak dira, ez dute hitzik egiten. Beltzak: Zikinak, basatiak, baldarrak…, baina hitzaren jabe dira eta kritika egiten dute. Gorriek herritarrak irudikatzen dituzte eta aldiz, beltzek, atzerritarrak, kanpotik etortzen direnak”, jakinarazi zuen Etxebestek.

Kalez kale lehen postuetan joaten diren pertsonaia gorriak aitzindariak dira eta urtez urte dantza teknikoak ikasten dituzte paper ezberdinak betetzeko: 

  • Txerreroa: Zaldi ileekin eginiko erratza eskuan eta zintzarriak bizkarrean, beti taldea eramaten duena. 
  • Gatuzaina, gatuaren zaintzailea. Orain dantzariaren papera betetzen badu ere, antzina bihurrikeriak egiten zituen. 
  • Kantiniersa, bere barrikotarekin. Antzina pertsonaia hau ere ez zen dantzaria, prostituzio lanetan aritzen zen armadan. 
  • Zamaltzaina: Rol handia du eta oso dantzari azkarra izan behar du. Naturari aurre hartu nahi dion pertsonaia da metaforikoki. 
  • Entseriaria edo banderazaina: Zuberoako bandera eramaten duena. 

Aitzinarien ondoren suita joaten da: alkatea ezpatarekin eta haren emaztea. Haien atzetik pertsonaia herrikoi eta herritarrak edota laborari emakume eta gizona.  

Beltzen taldeko pertsonaiek jarraitzen dituzte gorriak:

  • Kerestuak: Biarnesak. Okzitanoz hitz egiten dute.
  • Txorrotxak: Buru gainean urtxintxa dutela. Zorroztaileak dira eta bertsolariak. Kantuan aritzen dira.
  • Buhameak edo ijitoak: Azken urteotan integratu dira maskaradako pertsonaia bezala. Iaz, emakumeek bete zuten buhame papera lehenengoz.
  • Kautereak edo kaldereroak: Gipuzkoan ezagutzen direnak baino bihurri edo gaiztoagoak.
  • Bedezia edo medikua: Funtzio handia betetzen du, Pitxu berpiztuz. 
  • Hartza: Azken urteetan berreskuratua, berriz ere.

 

Barrikadak goizean

Goizez barrikadekin hasten da Maskarada eguna, etxez etxe edo auzoz auzo dantza saioak eskaintzen dituzte partaideek. Maskaradako dantzariek eta herrikoek parez pare egiten dute dantza, lehian bezala. Bospasei saio izaten dira barrikadetan eta txanda bakoitzean dantza ez ezik, jan-edana ere banatzen da. “Txirula, ttunttuna edota atabala lagun, musika bera jotzen da goizez. Gorriak zuzen aritzen dira, beltzak ez hainbeste”, Johañeren hitzetan. Goizeko festa bertsoak abestuz, jan-edanarekin eta parte hartzaile guztiak elkarrekin dantzan bukatu ohi da. 

 

Emanaldi nagusia arratsaldean

Etxeetan edo jatetxean bazkaltzen dute Maskaradako kideek eta arratsaldeko ikuskizuna aurrez hitzartutako lekuan izaten da. Urtean zehar herri horretan gertatutako kontuak plazaratzen dira orduan eta ikusleak ere festako partaide bihurtzen dituzte sarritan. “Marexal edo ferratzaileek zamaltzaina ferratzen dute emanaldiaren aurretik eta aitzindarien dantzarekin hasten da saioa. XIX. mende bukaera XX. hasieran armadara joan ziren xiberoarrek ekarritako dantzak dira eta aipatu dantzen aurretik dena erritoa edo antzerkia zela esaten zen. Gerora dantzek leku dotorea hartu zuten, estetikoa. Txorrotxek, bertso bidez aurkezten dute zein pertsonaiak hartuko duen parte eta bakoitzak bere eszena egiten du”, jakinarazi zuen Johañe Etxebestek. Pitxu, Kautere beldurgarrien Kabana nagusiaren ikastun xelebreak, agerpena egingo du tarteka. Leku garrantzitsua du arratsaldeko saioan eta une berezi eta jakinetan azalduko da. Bralia dantzatzen da gero, Maskaradako dantzarik garrantzitsuena, Godalet dantzarekin batera. “Beste herrietan Soka-dantza moduan ezagutzen denari, Bralia esaten zaio Xiberuan eta borobilean dantzatzen da, ikusleek ere parte hartzen dutelarik. Kakoillatzea ondoren, Euskal Herri osoan bezala, dantzariek osatutako arkutik pasaz”. Buhameen txanda izatenda gero, oihuka sartzen dira plazara dantzan, edanez eta euren burua aurkeztuz. “Munduan itzulia egina dute eta plazan kontatzen dituzte ikusitakoak. Aurten, besteak beste, Trump hizpide izango dutela pentsa daiteke. Itzulipurdika bukatu ohi dute”, aurreratu zuen Johañek. Labagota dantzatzen dute ondotik beti, Frantziako kortetik antzina Euskal Herrira ekarritako dantza. Txorrotxek bertso bidez euren burua aurkeztu eta gero, Pitxuren umore inprobisatuaren txanda izaten da eta segidan, gorrien Godalet edo basoaren dantza ikusgarriarena. Azken zatia kautereek edo kaldereroek eskaintzen dute, burdina lantzen dutenek, plazaren erdian sua piztuz. Kautereen buru Kabanak bere kideak aurkeztu eta aktualitatea kritikatzen dute, bata bestearen gainean botaz, metak osatzen dituztela. Pitxu eta Kabana arduratzen dira Xiberuako berri emanaz, piperra eta gatza zabaltzeaz. Jaunari pertza gaizki egin ondoren, Pitxu hil egiten da eta testamentua egiten diote. Baina bedezi edo medikuari deitu, espantu handiko ebakuntza egin eta, natura bezala, Pitxu berpiztuta bukatzen da Maskarada. Aipatu bezala, naturaren edota udaberriaren metafora baita ikustea merezi duen ospakizun berezi hau. Herritarrak elkarrekin abestuz eta dantzan bukatzen da festa. 

 

Parekotasunak Europan

Zuberoako Maskarada Europa osoko adierazpen folkloriko aberats eta osoenetarikotzat jotzen da. Baina Europan barrena, parekotasun ugari aurkitu da Maskarada eta beste hainbat lurraldetako Ihauterietako ohituren artean, Moldaviakoekin esaterako. Animalia eta gizakia, herria eta hiria festaren oinarri hartzen dira, musika eta dantza uztartuz.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!