Urrian hasi zen gorpuzten emakumeen futbito taldea osatzeko ideia. “Jokalari ginen garaitan zeinen gustura ibiltzen ginen gogoratzearekin batera, tarteka elkartu eta berriz ere jolasten hasteko ideia sortu zitzaigun. Horretara animatuko litzateken emakume gehiago ere egongo zela pentsatuta, kartelak jarri genituen inguruko herrietan, eta pixkanaka, taldea gorpuzten joan zen”, azaldu dute.
Federatutako jokalariak izanak dira ekimeneko zenbait partaide, beste batzuk aldiz, “auzoko lagunen arteko partidetan aritzen ginen. Neska-mutilez osatutako taldeetan jolasten genuen futbolean, gustura asko. Zeinen ondo pasatzen genuen gogoratuta, berriz ere futbolean aritzeko gogoa piztu zitzaigun”. Esan eta egin, hilean behin elkartzen hasi dira.
Gogotsu
Abenduaren 12an finkatu zuten lehen hitzordua, “eta ez zen berehalakoan iritsi. Gogo biziz ginen. Lau emakume bakarrik azaldu ginen, baina badakigu jende gehiagok ere baduela interesa eta gogoa. Datorren hitzordurako jende gehiago espero dugu, eta pixkanaka, geroz eta emakume gehiago animatzea nahiko genuke”.
Oso gustura ibili ziren guztiak ere: “Aspaldiko partez futbolean aritzea, kirola egin eta hain ondo pasatzea, ikaragarria izan zen guretzat, oso berezia. Musuak gorri-gorri eginda eta izerdi patsetan bukatu genuen, baina poz-pozik”. Giharretako mina ere izan zuten hurrengo egunean, “baina horrek ere poza eman zigun; aspaldian kirolik egin gabeak ginen eta giharretako min hori zerbait egin izanaren seinale baitzen”, gaineratu dute.
Hilean behin
Urtarrilaren 9an dute hurrengo hitzordua, izan ere, hilabetean behin biltzeko asmoa baitute: “Gehienok umeak ditugu eta, hasteko, hilean behin elkartzea nahikoa izango zela iruditu zitzaigun. Denborarekin, nolanahi ere, ez dugu baztertzen maizago elkartzea ere. Hastea zen kontua, eta orain, martxaren arabera eta taldekideen gogoaren arabera joango gara moldaketak egiten”. Hileko bigarren astelehenetan jarri dute futbitorako hitzordua. 19:00etatik aurrera, ordubetez aritzen dira Asteasuko pilotalekuan.
Deialdi irekia
Asteasun elkartzen badira ere, ez da asteasuarrei mugatutako ekimena. “Aiztondo bailaran jarri genituen deialdiko kartelak, guztiz irekia delako. Nahi duen emakume orok dauka gerturatzeko aukera. Futbitoa gustatzea eta ondo pasatzeko gogoa izatea da baldintza bakarra”. Momentuz ez dute lehiarako asmorik, “guretzako tartea hartu, eta futbolean aritzea da lehendabiziko helburua. Hala ere, ez dugu baztertzen etorkizunean, sortuko balitz, beste talderen baten aurka aritzea”.
Lesioak izateko beldurrak atzeratu omen ditu zenbait emakume, “eta ondo ulertzen dugu hori. Egungo bizimoduan darabilgun erritmoan, lesio bat oztopo handia izan daiteke, eta emakume batzuren artean kezka sortu du gai horrek. Izan ere, kontaktuzko kirola da futbitoa eta gerta daiteke. Hala ere, lagun artean ari gara jokatzen, eta ez zaigu iruditzen arriskua hain handia denik”, azpimarratu dute.