Konfiantzaren Pedagogia lantzen ari dira Zubimusu ikastolan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko urt. 13a, 01:00

Irailean, Konfiantzaren Pedagogia oinarrian hartuta abiatu zuten ikasturte berria Zizurkilgo Zubimusu ikastolan, espazio ireki eta hezkuntza proiektu berriarekin. 

Duela bost urte, orain arteko hezkuntza eskaintzak XXI. mendeko hezkuntza eskaerei erantzuten ez ziela sumatuta, hausnarketeta prozesuari ekin zioten Zubimusu ikastolan. Edukietan oinarritutako ikasketetatik, konpetentzietan oinarritutakoetara jauzi egitea erabaki zuten orduan eta EKI proiektua jarri zuten abian Villabonako Zubimusu ikastolan, DBHn. Aurtengo irailean, berriz, Zizurkilgo Zubimusu ikastola goitik behera eraldatu ondoren, Konfiantzaren Pedagogia martxan jarri dute. “Duela bost urte aldaketaren beharra sumatu genuen ikastolan, egiten genuen jardunarekin ez baikeunden erabat asetuta: Umeen mugimendua garrantzitsua dela jakinik, betiko espazio itxiek ez die erantzuten haurrak mugitzeko duen beharrari. Haurra bere ikaskuntza prozesuaren ardatza dela ulertu arren, tradizionalki ez du behar adina protagonismo izan eta praktikak gehiegi gidatzeko joera egon da”, adierazi du Nerea Urdanpilleta irakasleak. Behin Arrasateko Arizmendi ikastolako esperientziaren berri izan ondoren, Zubimusuko HHko irakasleak esperientzia hura gertutik ezagutzen aritu dira azken lau urteotan. Heziketa trinkoa jasota, motibazioz beteta ari dira pedagogia berritzailea Zizurkilen txertatzen. “Zizurkilgo ikastolak dituen ezaugarriek asko erraztu digute proiektua abian jartzea. Azken batean, eraikina txikia baita eta ikasle kopurua ere tamainakoa”, zehaztu du. 

 

Konfiantza, harremanak, gaitasunak

Konfiantzaren Pedagogiaren giltza, haurrak bere buruarengan, besteengan eta testuinguruarengan konfiantza izatea da, horrela garatuko baititu gaitasunak. Familia, komunitatea, herria nahiz gizartearen eta ikastolaren arteko harremana funtsezkoa da. “Ondorioz, ikastolako ateak guztiz irekita daude eta edozein etor daiteke nahi duen ordu eta denbora tartean. Haurrak ikastolako hezitzaile eta bere familiaren artean harreman ona dagoela ikusi behar du; konfiantzazko giroa”, Nerearen esanetan. Haur beraren inguruan lan egiteko, familiak eta hezitzaileak, hezitzaileak eta familiak denek bat izan behar dutela dio Ane Urroz Zubimusuko irakasleak eta proiektu honetan haurren arteko harremanak bultzatzeko eta garatzeko baldintzak bermatzeak garrantzi handia duela.

Umeak dituen gainontzeko gaitasunak ahalik eta gehien garatzeko baldintzak sortzea ere proiektuaren beste oinarri garrantzitsuetako bat da eta horretarako, besteak beste, espazioa jartzen da proiektu pedagogikoaren zerbitzura.  “Adibidez, umeen berezko sena da adin ezberdinetako kideen arteko harremana. Hormak desagertzean eta espazioa irekitzean, mugimendua ahalbideratzeaz gain, umeen arteko erlazioa bultzatzen eta erreforzatzen da adin aniztasunean. Erlazio horretan txikienek, helduagoengandik imitazioz ikasten dute eta helduagoek zaintzarako sena garatzeaz gain, autoestimua eta konfiantza indartzen dute txikiagoei lagunduz”, azaldu dute Nereak eta Anek. Bestalde, adin ezberdinetako haurrekin egoteak rol ezberdinak esperimentatzeko aukera ematen diela ere gaineratu dute. Adin ezberdineko haurrak nahasita egiten dute lan Zubimusun, baina ez egun guztian zehar. Haurra ikastolara etorritakoan, bakoitzak bere kabuz aukeratzen du zein txokotara joan. “Familia bat etortzen zaigunean, tartea hartzen dugu haiei denbora eskaintzeko. Harrera malgua dute eta denak batera etortzen ez direnez, pertsonalizatua ere bada. Kontuan hartzen dugu  haur bakoitzaren egoera eta beharren eta interesen arabera gune ezberdinak dituzte, esplorazio nahiz esperimentazioaren bitartez, haurra bere osotasunean garatzeko. Espazio guztia libre izaten dute, modu autonomoan nora joan erabakitzeko. Lehen ordu eta erdian haurrak nahasian ibiltzen dira jolas librean eta taldeka biltzen gara gero, jarduera ezberdinak lantzeko: musikakoa, ingelesekoa edo egokitzen dena…”, argitu dute irakasleek.  Arratsaldean jolas librean oinarritzen dira gehiago eta elkarrekin ibiltzen dira guztiak.

 

Espazio zabala

Pedagogia berria txertatu aurretik, gela ezberdinetan banatuta zegoen Zizurkilgo ikastolako eraikina; espazio zabal eta bakarra da egun, eta gune edo txoko ezberdinak biltzen ditu: Besteak beste, familientzako gunea, 0-1 urte bitarteko haurrentzako gune berezia, liburutegia, imaginarium-a, lo gunea, garbiketa guneak, gune motorra, esperimentazio gunea, eraikuntza gunea, adierazpen plastikorako gunea edota gune sinbolikoa… Gune horiek guztiak garatutako oinarri teoriko batetik abiatuta jarri dituzte abian. Epe laburrean, ikastolako kanpoaldeko espazioa diseinatzeko asmoa dute, barruko diseinuaren ildoari jarraituz eta familiekin auzolanean. 

Euskal Herri osoan barrena, hogeita hamar ikastola pasatxotan egiten dute lan Konfiantzaren Pedagogia proiektuaren baitan eta balorazio oso onak egin dituzte orain artean. “Besteak beste, pedagogia hau erabiltzen duten ikastoletan bat egiten dute gatazka kopurua jaitsi egiten dela esaterakoan. Eraikinaren goxotasunak eta espazio irekiek ahalbideratzen dute hori neurri handi batean, mugimenduaz gain, lasaitasuna nagusitzen baita”, azaldu du Nereak. Zizurkil nahiz Villabonako ikastoletan, bietan egiten du lan Anek, eta “nire begiekin ikusten dut egunero espazio ireki batean egoteak haurrarengan duen eragin positiboa. Haurren  beharrak ulertu eta aintzakotzat hartzen ditugunean, eta horretarako, baldintzak eskaintzen ditugunean, haurra dela bere ikaskuntza prozesu propioaren jabe”, ondorioztatu du.

 

Inplikazioa, familia eta irakasleentzat

Ikastolako familien inplikazioa nabarmendu eta eskertu nahi dute Zubimusu ikastolako irakasleek, pozarren baitaude erantzunarekin. “Eraikina berritzen laguntzeaz gain, ideiak ematen edota ekintzak gauzatzen asko laguntzen digute haurren familiek. Pozik gaude haien erantzunarekin, ondo ulertu baitute filosofia berriaren zentzua: proiektuko partaide izatea, alegia”.

Familientzat bezala, proiektuak inplikazio handia eskatzen du irakasleentzat ere eta halako dimentsioko egitasmoa aurrera eramateko talde konprometitua behar dela uste dute Nereak nahiz Anek, “talde eraginkorra osatu dugu eta gogoz ari gara lanean. Oso motibatuta gaude. Lan egiteko beste bide berri bat zabaldu zaigu. Ordu asko eskaintzen diogu lanari, baina ilusioz”, diote. Pedagogia berria txertatzeaz gain, aurtengo beste berrikuntza aipagarria, ikastola 0-2 urte bitarteko haurrei zabaltzea izan da. Egitasmoak harrera ona izan duela aipatu dute eta gustura daudela onarpenarekin.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!