Erraustegiaren alde eta kontra

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko urt. 13a, 01:00

Zubietako erraustegia zeresan handia ematen ari da aspaldian, eta bereziki azken garaiotan. Foru Aldundian gobernu ardurak dituen alderdiarentzat egitasmoarekin aurrera egin beharra dago. 

Imanol Goenaga, Mari Jose Izagirre
EAJ-PNV Andoaingo zinegotziak

“Lurralde aurreratuenen pare edo gainetik egongo gara”
 

Epe laburrean hasiko dira Zubietako erraustegia eraikitzen, Andoaindik kilometro gutxira. Zein iritzi duzue gaiaren inguruan?

Pozik sentitzen gara, gipuzkoarrekin hauteskundeetan hartutako konpromisoa betetzen ari delako. Hondakinen kudeaketari “itxiera” integral bat eskainiko zaio; modu honetan, lurraldeak duen arazo nagusienetako bati konponbidea emanaz. Pasa den legealdian, gaia “eztandarazi” zen inolako alternatiba erreal edo egingarririk proposatu gabe, sestra eta desgaste politikorako erabiliaz. Konfrontazio eta iskanbilatik, arazoei aurre egin eta erantzun integrala ematera pasa gara.

 

Zein abantaila ekarriko luke erraustegiak?

Gipuzkoarrak gai izango gara gure zaborra osotasunean kudeatzeko, guk sortzen duguna guk kudeatuko dugu. Hondakinak modu integralean landu ahal izango ditugu, bilketa selektibotik hasi, jasotzen den hori ahalik eta gehien birziklatuz, eta birzikla ezin daitekeen hori erraustuz. Azken fase honek aukera berriak eskaintzen dizkigu, hondakinak arazo gisa tratatu beharrean energia sortzeko lehengai gisa erabiliko direlarik. Zubietako plantan gauzatuko den erreketa prozesutik sortuko den beroa energian eraldatu ahalko da, eta balorizazio energetiko horrek urtean 45.000 familia hornitzeko adina elektrizitate sortuko du. Honenbestez, hondakinak arazo ordez aukera moduan kudeatuko dira. Lurralde eredugarria izan nahi dugu, eta zabortegi berriak irekitzea ez da alternatiba baliagarria. Zubietako plantarekin Europako lurralde aurreratuenen pare edo gainetik egongo gara. Gero eta autosufizienteago bilakatzen gara; hondakinak kudeatzeaz gain, gure dependentzia energetikoa murrizten lagunduko du.

 

Erraustegiaren aurkako plataformak lanean ari dira eskualdean. Zer pentsatua eman al dizuete haiek zabaldutako datuek?

Datu ugari zabaldu dituzte, erraza baita datuen “objetibotasunaren” aitzakian manipulazioa eta desinformazioa egitea. Zubietako erraustegiaren ustezko osasun kalteak justifikatzen eta janzten saiatu dira, politikotik gehiago dute zientifikotik baino. Ezin liteke beste hamarkada batzuetako eta teknologia guztiz ezberdina duten soluzioekin alderaketak egitea, aztergai ezberdinak dira. Errealitatea oso bestelakoa da, Gipuzkoako azpiegiturak puntako teknologia erabiltzen baitu, osasun berme guztiak nabarmen betetzen dituelarik, lizitatu den soluzio teknikoa Europa mailan aitzindaria da.

 

Kezkarik sentitzen al duzue erraustegiak sor ditzakeen ondorioen inguruan?

Ez dugu inolako kezkarik sentitzen. Are gehiago, konfiantza osoa dugu gure erakunde publikoengan eta hura osatzen duten agintari zein teknikariek egindako lanean. Badakigu konpromiso berezia izan dela berme guztiekin aurrera egiteko: osasun edo ingurugiro alorrekoak, ekonomiko finantzieroak… Adibide bat ipintzearren: gauzatuko den proiektuak hobekuntza handia eskaintzen du isurketei dagokienez, Europako araudiak dioxina isurketetarako ezartzen duen muga %70 gutxituz. Hau da, araudiak baimentzen duen dioxina kopuruaren heren bat isuriko du gehienez ere. Erabiliko den teknologiari esker aplikatuko diren exijentzia maila eta bermeak, arauek beste industria motetarako ezartzen dituztenak baino askoz ere altuagoak izango dira. Esate baterako, Zubietako plantaren isurketak, araudiak zementu fabrikentzat ezartzen duena baino 15 bider txikiagoak izango dira, siderurgiarako baimendutakoa baino 10 bider txikiagoak, eta industria kimikorako aplikatutakoa baino 75 bider txikiagoak.

 

Nolako giroa sumatzen duzue Andoainen erraustegiari dagokionez?

Edozein proiekturen aurrean beti izaten dira alde ala kontra agertzen direnak. Tamalez, hondakinen inguruan politizazio handia egon da, eta askok argumentuak aztertu beharrean “hoolinganismo” politikoa egiten dute. Bada gehiengo isil bat, hondakinen aferari konponbide bat ematearen alde dagoena, eta Zubietako proiektua hobesten duena. Gipuzkoan EH Bilduk autokritika egin beharko luke, aurreko legealdian ez baitira gai izan alternatiba errealik praktikan ipintzeko. Eskainitako soluzio posible bakarrenetariko gisa, Andoaingo harrobietan zabortegia irekitzea planteatzen zuten, ustez inertea den zaborra poltsetan pilatzeko. Hori al da andoaindarrek nahi dutena? Zabortegi berriak irekitzea herrian? Ziur gaude ezetz, andoaindarrek hondakinen kudeaketa eraginkor baten alde egiten dute, eta hala adierazi zuten hauteskundeetan. 
 


{{IMG-36960}}
Arantza Zabala, Maite Barandiaran
Erraustegiaren aurkako Aiztondoko plataforma

“Osasunean izango duen eraginak kezkatzen gaitu”
 

Erraustegiaren inguruko kezkak bultzatu zituen Aiztondo bailarako zenbait herritar plataforma batean elkartzera. Maite Barandiaran eta Arantxa Zabala plataformako kideetako bi dira. Erraustegiaren inguruan, hiru kezka nagusi azpimarratu dituzte: “Batetik, erraustegiak gure osasunean izango lukeen eraginak kezkatzen gaitu. Mediku talde batek erraustegien ondorioen inguruko artikuluen bilaketa egin du munduko zientzia hedabide onenetan, eta garbi dago eragina badutela gure osasunean. Kezka sortzen digun bigarren arloa, ekonomikoa da. Erraustegia eraikitzeak herri bakoitzari ekarriko dion gastu ekonomikoa ikaragarria da”. 

Hirugarren kezka nagusia etorkizuna da: “Zer utziko diegu gure ondorengoei? GuraSOS taldeak lantzen du bereziki arlo hori, eta lan handia egiten ari dira”, diote. 

Maite Barandiaranek eta Arantxa Zabalak garbi dute erraustegiaren aurkako bidea hasi besterik ez dela egin: “Oraindik erraustegia gerarazi dezakegu. Gaia gizarteratzen ari da eta orain jendea mugiarazi egin behar dugu. Jendeak informazioa jaso dezala, jakin dezala zein izango den erraustegiaren eragina, eta antolatzen diren mobilizazioetan parte har dezala; horixe nahi dugu”. 

Eragile ezberdinengana joko dute orain erraustegiaren aurkako plataformako kideek. “Gure inguruan erraustegiaren ondorioak jasango dituztenengana joko dugu. Ikastetxe, udal, sindikatu, enpresa…, gizarteko eragile ezberdin askorengana. Esaterako, erraustegiak izango duen eragina ezagututa, lasai erosiko al dugu eragin eremuan landatutako porru bat? Eragina, beraz, oso zabala izango da, eta ondo aztertu beharrekoa. Bakoitzak bere eremutik lan handia egin dezake”, azpimarratu dute.

 

Kalera ateratzeko deia

Etsipena antzematen dute Maitek eta Arantxak herritarrengan: “Badirudi ez dugula ezer egiterik; ez dugu sinesten herritarrok erraustegia gerarazteko indarrik badugunik. Italian, esaterako, egin dute. Politikariei botuak interesatzen zaizkie, eta botu horiek galtzeko arriskua ikusten badute, atzera egingo dute. Garbi erakutsi behar diegu ez dugula erraustegirik nahi”.

Arantxak eta Maitek garbi dute hondakinen aferak baduela beste konponbiderik. “Kontrakoa sinestarazi nahi badigute ere, badaude beste bide batzuk. Ezinbestekoa da birziklapenaren aldeko apustua egitea. Erraustegia elikatzeko beharrezkoa da ahalik eta errefusa gehien sortzea, eta horretara doaz azkenaldian ezartzen ari diren bilketa sistemak. Zenbat eta gehiago birziklatu, orduan eta zentzu gutxiago izango du erraustegiak”.

Aferak daraman bide judiziala ere aipatu dute: “Bide luzea izango da hori ere. Prozedura arazoak, ingurugiro txostena…, prozeduratan zulo batzuk ageri dira. Nolanahi ere, oraindik ez dakigu juridikoki zuzena izan den edo ez, baina argi dago, etikoki eta moralki ez dela batere prozedura zuzena izan”. 

 


{{IMG-36961}}
Zubietako erraustegiaren afera, kalean eta epaitegietan

2016ko maiatzean aurkeztu zuten GuraSOS mugimendua. Erraustegiak sor ditzakeen eraginen inguruan kezkatutako guraso talde batek abiarazi zuena. 

Gipuzkoako Foru Aldundiko egungo agintariek erraustegia martxan jartzeko prozedura gerarazi dezakeen bakarra izan daiteke GuraSOS elkartea, gaurko egunez. 2016ko maiatzean Beterri-Buruntzako guraso talde batek sortua, auzia eztabaida politikotik ateratzea eskatu zuten. Eta abokatu talde baten eskutik bide penala lantzen ari dira. Zehazki, gaurko egunez, Aldundian eta Jaurlaritzan jarritako bi helegiteen bitartez.

Zalaparta saihestuz, elkarrizketaren bidean sakontzea izan da euren bigarren estrategia. Egun hauetan alderdi politiko guztiekin erronda egiten ari dira, baita errauskailuarekin aurrera egitea erabaki duten EAJ-PNV eta PSE-EE alderdiekin ere.

 

Bi helegite

Epaitegietako bidean, Foru Aldundiak hondakinen kudeaketaren inguruko partehartze prozesua ireki ez izana salatu du GuraSOS-ek EAEko Justizia Auzitegi Nagusian. 

Hauxe da GuraSOSek salaketa hori egiteko baliatzen duen argudio nagusia: Gipuzkoako Hiri Hondakinak Kudeatzeko Plan Orokor berria izapidetzen ari da Foru Aldundia, eta plan berri baten aurrean, partehartze prozesua zabaldu behar du Aldundiak, Foru arau batek hala aginduta. Aldundiak, ordea, ez du gai honen inguruko prozesu partehartzailerik zabaldu, oraingoz. “Hiri hondakinak kudeatzeko plan orokor berrian erraustegi planta aurreikusten bada, zabal dezagun partehartze prozesu bat, non eztabaidatuko den sistema horren egokitasunaz instituzio, herritar, herri eragile zein adituekin”, azpimarratzen dute GuraSOS mugimenduko ordezkariek. 

Urtarrilaren 5ean, Donostiako epaitegiak lanen lizitazio prozesua gerarazteko eskatu zion Aldundiari, Auzitegi Nagusiak GuraSOSen salaketaren inguruko erabakia hartu arte. Horrek ez du esan nahi prozesua bertan behera geratu denik, bai ordea, Auzitegiak erabakia jakinarazi arte prozesuak ez duela aurrera egingo. GuraSOS mugimenduko ordezkariek adierazpenak egin zituzten Donostiako epaitegiaren aurrean: “elkartu eta hitz egin behar dugu eta hurrengo bilerak ez du izan behar epaitegietan, Foru Aldundian baizik”. 

GuraSOSek badu beste salaketa bat EAEko Justizia Auzitegi Nagusian, kasu horretan Eusko Jaurlaritzak emandako ingurumen baimenaren aurka. EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzietarako salak tramitera onartu ditu GuraSOS elkarteak ingurumen baimen bateratuaren aurka jarritako helegitea eta horren kautelazko etetearen eskaera. Auzitegi Nagusiak ez du erabakirik hartu oraindik. Tramitean jarraitzen du eta urtarrila amaierarako edo otsaila hasierarako espero da erabakia.

Ertz asko dituen gaia da erraustegiarena. Azken asteotan abiadura bizian iritsi dira haren inguruko albiste eta ebazpenak eta litekeena da datozen asteetan ere hainbat berri iristea. 

Estatu mailan esleituko den obra publiko handiena da Zubietako erraustegiarena. Urbaser enpresa lehiaketako lehen postuan aurkitzen da egun. Baina lehiaketa horren harira zalaparta berria sor daiteke. Izan ere, 2011n lehiaketa irabazi zuen FCCren ustez, eurei dagokie obrak burutzeko eskubidea.

 

Liskar handia Gipuzkoan azken hamarkadan

2008ko abenduan Gipuzkoako Batzar Orokorrek onartutako Gipuzkoako Hiri Hondakinen Planak erraustegiaren eraikuntza aurreikusi zuen, EAJ, EA, PSE eta PPren aldeko botoekin. 2011n jarri zuten lanen lehen harria, baina urte bereko maiatzean egindako hauteskundeek aldaketa ekarri zuten Gipuzkoako Aldundian, EH Bildu koalizioak lortu baitzuen gehiengoa. 2013n erraustegia eraikitzeko lanak gerarazi egin zituen Aldundiak.

2015eko maiatzeko hauteskundeetan, EAJ alderdiak hartu zuen berriz ere Gipuzkoako Foru Aldundiaren gobernuaren ardura, PSE alderdiarekin batera. Errauskailua eraikitzeko prozesua berriz ere martxan jartzeko erabakia hartu zuten. 2016ko abenduan, Zubietako erraustegia eraikitzeko lanen lizitazio prozesuaren hasiera iragarri zuen Gipuzkoako Hondakinen Kontseiluak. 
 

“Irtenbiderik onena izango da ingurumen eta ekonomia arlotik”

Abenduaren 27an egindako prentsa agerraldian, Markel Olano Ahaldun Nagusiak erraustegiaren inguruko adierazpenak egin zituen: “Arazoa konpontzeko konpromisoa hartu genuen eta hemen dago irtenbidea. Egingo genuela esan genuen, eta ondo egingo dugu. Irtenbiderik onena izango da ingurumen eta ekonomia arlotik. Hori dela eta, Europako hiriburuekin alderatuta, ziurta dezakegu Gipuzkoak errauskailurik aurreratuena izango duela. Irtenbide honek konpondu egingo ditu Gipuzkoako beharrak soluzio moderno eta eraginkor batekin. Eta horri esker, Gipuzkoa Europako lurralde aurreratuenen pare edo gainetik egongo da. Eta hori guztia baldintza ekonomiko egoki eta lehiakor batzuekin egingo dugu, gipuzkoarrei dirua aurreztea ahalbidetuko diotenak”. Olanok prentsaurrean azpimarratu zuen Urbaseren eskaintzak gaur egun dagoen arazketa sistema aurreratuena duela eta % 70ean gutxituko dituela Europako araudiak ezartzen dituen dioxina isurketak.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!