SER kateko albistegietako ahotsa, andoaindarra

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko urt. 13a, 01:00

Miguel Angel Garrosa etxekoak bisitatu eta askatasun haize apur bat arnastera etorri da jaioterrira Gabonetan. Urteak daramatza eguneroko informazioaren gurpil zoroan murgilduta, Bilboko SER irrati kateko erredakzio buru jardunean.

Derion lasaitzen da, Fibi txakurra lagun banaezin duela, mendian gora eta behera, batzuetan korrika gehienetan oinez. 

Estresak itotzen duela onartzen du, eta baserri bateko baratzean lanean irudikatzen du bere etorkizuna, "diru beharrik ez banu". Aho bizarrik gabe mintzatzen da komunikabideen eraginaz, Euskal Herrian polemika gehien pizten duten gaien inguruan.

Miguel Angel Garrosa irrati umea izan zen txikitan (Andoain, 39 urte). Bere etxean irratia entzun zale ziren, eta pixkanaka, berak ere irratian hitz egin nahi zuela pentsatu zuen. Kazetaritza ikasketak egin zituen Leioan, EHUn, 1996-2000 urteen artean, eta 1998rako praktikak egiten hasia zen EFE agentzian. Teletipotik mikrofonora egin zuen jauzia, Donostiako SER irrati katera, eta bizitzak ematen dituen bihurguneetako batean, Bilbon bidea egiteko aukera handiagoa izango zuela esan zioten. Han ikasi, han lana egin, eta konturatzerako, Bilboko erredakzioko nagusia zen. Bizkaian egunero kontatzen zenaren arduraduna. 2002 urtea zen.

14 urte joan dira orduz geroztik. Miguel Angel Derion bizi da egun, Bilboko erdigunetik 10 minutura. Lan jardunaldi gaiztoa dauka, goiz osoa, eta arratseko 17:00etatik 20:00etara. Lana banatzen du, prebisioak landu, Madriletik eskatzen dizkioten lanak kudeatu. Eta noski, mikrofono aurrean jarri eta mingainari eragin. Erredakzio buru izateak ez baitu kazetari jarduna estaltzen.

Arazorik gabe onartzen du estresatu samar bizi dela. Egunerokoa alboratzea zaila egiten zaiola. Erredakziotik martxa egiten duenean ere preso sentitzen omen da, sakelekoaren erruz. Egun batekoa bukatu berritan, hurrengo egunekoan pentsatzen hasten da Garro (horrela deitzen diote), eta goizeko arduradunarekin biharamunean landu beharreko gaiak aztertzen ditu. Azken urteetan, SER irratiko kazetariek, mikrofono lana eginda, web orria elikatu behar dute, eta horrek estres egoera are gehiago handitzen duela onartzen du andoaindarrak.

Egungo kazetaritzak hainbat hausnarketa eragiten dizkio: "aurrena izan nahi, edo izan behar horrek... Egia esatea garrantzitsuagoa da niretzat, lehenengoa izatea baino". Pasa izan zaio, berriren bat eman, baieztatu gabe, eta damutzea, halakoetan bizkarrekoak arduradunak kolpatzen baitituzte. Kazetari aktiboa da oso Twitter sarean. Andoain eta inguruetan gertatzen direnak ere arretaz jarraitzen ditu, eta informazioa erabili nahi badu, baimena eskatu: "Nik nire lana errespetatzea nahi badut, besteena errespetatu behar dut, ez?"
SER irrati katea hizpide izan da azken hilabeteetan hainbat gairen inguruan. Espainiako politikagintzan izan duen jarrera informatiboagatik, enpresa horretan izan diren langile murrizketengatik... Garrosak gertutik bizi izan ditu egoera gogor horiek: "Ni erredakzio buru naiz, baina beste ezer baino lehenago, langilea. Greba deialdia egin zen kaleratzeengatik-eta protestatzeko, eta nik bat egin nuen deialdiarekin". Etorkizuna nola ikusten duen galduta, ez zaio itxaropentsuegi sumatzen: "Ez dakit... SER enpresa handia da, Bilbon, alor guztiak aintzat hartuta, 40-50 lagun gara, eta batek daki murrizketa gehiago etorriko diren edo ez".

Fibi txakurra, lagun banaezin
Garro oso noizean behin etortzen da etxera, Beatriz ama bisitatzera. Deriotik 50 minutuko bidaia du, erosoa, eta momentuz ez du jaioterrirantz bueltatzeko asmorik. Erredakzio buru jardunean urte asko ez dituela egingo uste du, baina onartua du lanean jarraitu beharko duela, "jende guztiak bezala". Dirua izango balu baserriren batean bizitzen hasiko litzateke, "eta tomateak eta beste landatu lasaitasun osoz". Non bigarren mailakoa litzateke.

Andoain nola ikusten duen galdetuta, segundo batzuetako isiltasuna: "Herri bezala gris samarra da. Kanpotik begiratuta ez dauka oso itxura polita. Ni Goikoplaza ingurukoa naiz, eta han zementoa da nagusi". Inguruak, hori bai, apartak omen. "Pentsa, bizikleta hartu eta egun pasa Leitzaraino joatea Plazaola bidetik, hori altxor ordain ezina da". Hainbat txoko kuttun ditu, eta Adarramendi baino, Txindoki hautatzen du: "Tximistako igoeran aritzen naiz egurrean, Fibi txakurrak lagunduta".

Seme edo alaba baten parekoa da Fibi. 6 urte daramatzate elkarrekin. Mendira elkarrekin joaten dira, eta elurra eta izotza gustuko dituen txakur bizia da. Besabi, Arlegor eta Onddi inguruan betizu asko dabiltza, eta haien aurka ere egin du, bere nagusia haserretzeraino: "Baina ezingo nuke bera gabe bizi, askatasuna sentitzen laguntzen dit". Etxetik gertu, Usabelartza gailurreko magalean ematen du denbora asko. Han haizatu zituzten bere aita zenaren errautsak. Aspaldi hil zen, Miguel Angel umea zela. Basozaina zen, eta aitarekin zaletu zen mendian gora eta behera ibiltzen.

Egoera sozial eta politikoa
Komunikabide bateko burua den neurrian, Garrosak oso gertutik jarraitzen ditu egunero kontu politiko eta sozialak. Euskal Herriaz, argi dio erabakitzeko eskubidearen alde dagoela: "jendeak eskubidea dauka zer izan nahi duen esateko, eta hori hemen erabaki behar da, ez Espainia osoan. Estatutuak ere hemen bakarrik bozkatu ziren, ez?". Halere, ezkor samarra da egoeraren inguruan: "Bi trenen arteko talka bezalakoa da egoera, pertsona gorren arteko elkarrizketa bezala. Batzuek ez dute amore ematen, eta besteek ez dute atzera egiten. Ez dut aukera handirik ikusten". Kataluniara begiratzen du, azalpen gehiago emateko, eta han urte politiko interesgarria datorrela badio ere, ezer ez dela aldatuko uste du.

Gai sozialak ere oso gertutik jarraitzen ditu. Izan errauskailua, edo abiadura handiko trena. Errauskailuaren kasuan, atentzioa ematen dio oraindik orain milaka hondakin tona Gipuzkoatik kanpora eraman beharra. Gaia politizatu egin dela dio, eta horrek dena kakaztu, "irtenbide egokiena bilatzeko orduan". Abiadura handiko tren bat onartuko luke, garapenaren, edo garraiobide hobeen baitan, baina azpiegitura horien erabilera sozialak arduratzen du. Besteak beste, nork erabiliko duen EAEko hiru hiriburuak elkartuko dituen trena, denbora aurrerapen handia suposatzen ez badu, "eta batez ere autobusa baino askoz garestiagoa bada. Horrelako lan itzela egin, eta gero eraginkorra ez izatea... zalantza asko ditut".

Gai horiek bere bidea jarraituko dute. Miguel Angel Garrosa kazetariaren lanak ere bai. Eta helburu batekin: "ahalik eta hizkuntza argigarrienarekin, gai ulergarrienekin mintzatzea entzuleen aurrean. Badut ustea hizkuntza gauzak diren bezala ez kontatzeko, edo ongi ulertzen ez diren gaiak sobera jorratzeko joera dagoela. Ez dakit, Cupoa, adibidez. Jendeari gertuagoko gaiak interesatzen zaizkiola esango nuke. Kaleko hizkuntza dut gustuko, egunero erabiltzen duguna, eta hizkuntza bera erabiltzen saiatuko naiz nire egunerokoan ere".

{{IMG-36957}}

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!