Ictusak gogor kolpatu zuenetik, Hiazinto Fernandorenak Andoaingo San Juan bataiatzailean eman zituen azken urteak. Urtarrilaren 5ean zorigaiztoko eroriko baten ondorioz kolpe handia hartuta ondoezik geratu zen. Ordu gutxira hil zen, urtarrilaren 7an. Hurrengo ordu eta egunetan Hernaniko tanatoriora eta Urnietako elizara dozenaka lagun hurbildu zen azken agurra ematera.
Bertsoak
Herrikide eta lagun zuenari bi bertso eskaini zizkion Argiñarenak, pasa zen urtarrilaren 9ko hileta elizkizunean.
Fermin Argiñarena:
Errautsetatik sortua
eta errauts bihurtua
Iritsi zaizu ordua.
Ikastolaren lemazain zintzo
ta ez beti onartua.
Urnietarrok ez gera damu
Jaxinto ezagutua (bis).
Jakinduriz abilena,
giza legez zebilena,
babesten zun debilena.
Ta herrigintzan, hor daude obrak,
militante langilena.
Malkoa nola irri bihurtu
lanean ibili zena (bis).
Jon Unanue euskaltzalea
“Agur eta ohore Hiazinto
Agur, Hiazinto: Elkarrengandik banatu gaituen azken ordu honetan eskerrak eman nahi dizkiagu, bihotz-bihotzez, hire lagunok, Euskal Herri osoan barrena, Gipuzkoan barrena, Goierrin, Beterrin edo batek daki non, Urnieta, Lazkao, Hernani, Donostia eta herri zein toki zerrenda luze batean barrena sortu, astindu, eragin hituan hamaika ekimenetan uztartu gintuan adiskide eta lagun guztiok, hain zuzen ere. Maitasunez, eskuzabaltasunez eta goxotasunez, hik herorrek gauza gehienak halaxe egin hituan-eta.
Euskal izatasuna bere buruaren jabe izan dadin hik adina lan egin eta eragin duenik gutxi izan da gure artean.
Euskal izate horren funtsa den hizkuntza bizirik iraunaraztearren egin deken ahalegina, neurriz eta edukiz, bakana dek, eta eredugarri.
Baina hobe ez nabarmentzea... Ez huan batere maite besteengandik gailen eta bereiz ibili beharra, besteekin ahal zela adiskidetasunean bat eginik baizik...
Euskaldun askok eta askok zor diate euskaraz bizi eta hazi ahal izana, zalantzarik ez, ikastolen sortzaile bezalaxe beste hamaika alor eta eginkizunetan ibili baihintzen. Hire adiskide min batek esan zuen bezala, adar ugaridun arbola hintzen.
Eta beti gizatasunez, eskuzabaltasunez, elkartasun gogoz ibili ere.
Maite huen herriak hi ere maite hau, Hiazinto, maite hituen bidelagunek beti izango haute gogoan, arrasto handia utzi baitek gu guztiongan.
Eta, besterik ez bada, azken ordu hontan, haserretu gabe utziguk, laster arte esatearekin batera ohorez agurtzen. Mila esker eta ohore hiretzat, Hiazinto!!”.
Imanol Aldaregia apaiza
aHiazintok adiskide zuen Imanol Aldaregia apaizak egin zuen sermoia hileta-elizkizunean, eta besteak beste, hark ictusa jasan osteko azken urteak eta egunak izan zituen gogoan.
“Azken lau-bost urte hauetan Hiazintok nahiko gorabeherak izan du, azkenaldian batez ere beherakada, eta azken kolpea ezin gainditu! Maite zuen bizia, maite. Izan dezala mugarik gabeko bizitza betea. Hori opari diogu, bihotzez. Abenduaren 23an ikusi nuen eta elkarri besarkada beroa emanez elkar agurtu genuen laister arte esanez.
Ustekabeko deia jaso nuen ostegun goizean, eta berehala joan nintzaion. Lehen nekez eta kostata ateratzen zitzaion hitz bakarra, edo eta irribarre samurra edo algara goxoa, horiek jada ez zitzaizkion ateratzen.
Arnasa zainduta, eta erabat mutututa zegoen. Isilean zenbat oroitzapen eta zenbat galdera kolkoratu…
Hiazinto, zu bazoaz, baina nora? Norengana? Hemen bukatzen al da guztia? Horretarako hainbeste saiatze eta ahalegin? Gure goramenak eta laudorioak ez diote ezer erantsiko, baina gure maitasunaren ezaugarri eta esker onaren agerpen dira. Atzo tanatoriotik pasa zen jendetza, eta gaur hemen gaudenok, horrelako zerbait adierazten du. Mundu honetatik haratago doa gure senidea. Mundu aldi hau bukatu du. Zenbat aldiz gure aurrekoengandik ikasita esan izan ote dugu: jaiotzak heriotza zor…
Izan gaitezen benetan ziur. Gure senide, lagun eta adiskide: Jainkoaren maitasunean eta errukian murgildurik bukatu duen uste osoa badugu. Izan zoriontsu eta bakea! Hori da opa dizuguna. Laster arte, Hiazinto”.
Euskararen alde tinko aritu zen gizon nekaezina
Ikastolen lemazain, egile eta eragilea, iraultzailea, bide urratzailea, euskaldunak eta euskaltzaleak sortzeko makina… Maizegi entzuten dira antzeko laudorioak hil berria den pertsona batengatik.
Hiazintoren kasuan, baina, bera bizi zela adierazi izan dira goraipamen horiek. Eta bere ibilbidea aztertuta, ez dirudi gehiegikeria direnik.
Urnietarra ezagutu zutenek azken urteetan egindako definizioak dira horiek, haren ibilbideaz galdetu zaienean. Izan ere, “adar ugariduneko arbola” izan zen Hiazinto, eta jorratu zituen eremu denetan utzi zuen bere izaera ekintzailearen arrasto sakona.
Hiazinto Fernandorena Setien Urnietako Aranzibia baserrian jaio zen, 1930eko maiatzaren 30ean. Bost senideetatik azken bigarrena izan zen bera. Gaztetatik piztu zitzaion erlijioarekiko bokazioa, eta 1948an abiatu zen Salamancako apaiztegira. Saturraran eta Donostian bukatu zituen apaiz ikasketak. Ordurako hasia zegoen bere nortasuna nabarmentzen, eta eliza barruan kexati agertu izan zen eman ohi ziren dogma eta moraleko ikasgaiekin.
Ikaskide izan zuen Dionisio Amundarainek 2014an Hiazintori bere lagunek eskaini zioten omenaldi ekitaldian adierazi zuen bezala, “Hiazintoren gogoa biziari lotua zen, bizitza zehatzari, lurrari”. Apaiztu eta Lazkaoko parrokian egin zituen urteetan, katekesia irakasteko, esaterako, “ez zen hasten zeru-goitik behera, baizik eta behetik gora”.
Ikastolen eragile
60ko hamarkadaren hasieran, poliki-poliki herriz herri sortzen hasi ziren ikastolen bultzatzaile nagusi bilakatu zen. Alde guztietako euskaltzaleak elkarte batean biltzen tematu zen; ezinbestekoa ikusi zuen guztiak batzea, elkarri laguntzeko eta kontrakoa zen testuinguru politiko-sozial frankistan indartsu jokatzeko.
Handik gutxira, ikastolen lehenbiziko udalekuak jarri zituen martxan, euskara aisialdiko eremu guztietara zabaldu behar zela sinestuta, ohartuta gainera oporraldian ikasle askok euskararekin kontaktua galtzen zuela. Ikastolen mugimendua berritzailea zen, eta nonahi piztu zituen errezelo eta beldurrak. Giro horretan, bere-berea izan zuen goxotasunez eta eskuzabaltasunez jardun zuen ikastolako giza komunitatea osatzen zuten andereño eta maisuekin zein haur eta gurasoekin, Dionisio Amundarainek adierazi zuenez. Irakaskuntzan euskaraz eskola emateko irakasleak falta zirenean “konfiantza osoa jartzen zuen pertsonengan, eta begiz jotzen zituenekin “zarenarekin aski duzu” esanez animatzen zituen ikastolen parte izan zitezen.
Zein hobea hori berresteko, Lazkaoko lehen andereñoa izan zen Maixabel Aldasoro baino: “1963an Hiazintok sortu zuen Goierriko lehen ikastola, Lazkaon bertan. Herrian berak zuzentzen zuen euskal antzerki taldeko kidea nintzen, 16 urterekin, eta behin, esan zidan: “Maixabel, ikastola irekitzera goaz, eta etorri gurekin”. Nik, harrituta, zera erantzun nion: “Nola joango naiz andereño bezala, ez badaukat titulurik!”. Izan ere, hamaika urterekin eskola utzi behar izan bainuen, eta geroztik jostuna nintzen ogibidez. “Ez da eskolarik behar, kantatzen badakizu, eta umeekin esku ona daukazu!” erantzun zidan. Horrela joan zen ereiten ikastola Lazkaon”.
“Gurasoei ere nortasun handia aitortzen zien hasierako ikastola haien etorkizun lainotsuan, haurrak ikastolara bidaltzeko eskatu zienean” esanez jarraitu zuen Amondarainek omenaldiko ekitaldian egin zuen mintzaldian. “Eta haurrak. Txundigarria zen bere ikuspegia: ez egurra emanez, baizik eta goxo-goxo hartuz; ez 30eko taldean, baizik eta 1-12ko taldeetan. Eta ez beti gela txiki batean, baizik noizbehinka landara, mendira eramanez”.
Gizarte eragilea
Hiazinto ezagutu dutenek beti aitortu izan diote aparteko trebezia jendea euskal kausara erakartzeko orduan, Maixabelek gogoratu bezala, “bazeukan abilidade hori, seminarioan ikasitako dialektika erabiliz, hemendik eta handik eramanda, jendea konbentzitzeko”.
Elgoibarko ikastolako fundatzaileetako bat izan zen Felix Etxeberriak, Hiazintoren ezinbesteko figura bide urratzailea azpimarratu izan du: “Herriz herri ikastolak irekitzeko asmoz genbiltzanak, euskaltzaleak bai, baina langile hutsak ginen, formazio gabeak. Aldiz, Hiazinto pertsona jantzia zen. Bera izan genuen gidari, berak ireki zizkigun ateak, eta berak asetu euskararen aldeko egarria”.
Ikastolen aldeko ekimen nekaezin horretan, pausoz pauso joan zen bidea urratzen, unean uneko premiek eskatu ahala. Hurrengo pausoa, lehen irakasleak akademikoki formatzeko Donostian eskola irekitzea izan zen, eta horrekin batera, euskarazko ikas materialak sortzeko Gordailu argitaletxea ere sortzea; artean euskaraz jorratuta ez zeuden zientzia eta letretako gaiei heldu zien argitaletxeak; horien artean, UZEIrekin batera eta Iribar atezainaren aldeko omenaldian lortutako diruari esker, kiroletako euskarazko lehen hiztegia osatu zuten. Alfabetatze-euskalduntzearen arloa ere kontuan hartu zuen argitalpenak.
Geldiezin ibili zen Hiazinto urte haietan, eta Donostialdean itzulpelgintzako taldea sortzeko beharra ere ikusi zuen.
Urte horietan beste makina bat ekimenetan sartuta ibili zen Hiazinto, euskal kultura zabaltzeko asmoz betiere. Konparazio batera, garai batean Euskal Herriko sukalde gehienetan egundoko arrakasta eduki zuen Boga, boga euskal kantuen liburuaren bultzatzaileetako bat izan zen. Olentzeroren figuraren zabalkundean ere funtsezko funtzioa bete zuen; bera ibili zen herriz herri irakasle, guraso eta euskaltzale orori hitzaldiak ematen, euskaldunek euskal erreferentzia historiko eta kultural propioak eduki behar genituela aldarrikatzeko, eta Olentzeroren kasuan, pertsonaje paganoa zelakoan sortuak ziren erreparoak uxatzeko.
Urtetan aurrera, beste zenbait arlotara eraman zituen bere indarrak, apaiza izateari utzi eta gero. Konparazio batera, eta Urnietara etorrita, gogoratu behar da bertako euskaltzaleen Iñistorra elkartearen sortze prozesuan hartu zuela parte biziki, eta bazkide ekintzaileenetakoa bihurtu zen, ictusak gogor kolpatu zuen arte.
Euskaltzaindia akademiak euskaltzain urgazle izendatu zuen 1967an, eta harekin kolaboratu zuen hizkuntzalaritzaren arloan.
Itzultzaile izaki ofizioz, Hernaniko Udalak 1981ean sortu zuen itzultzaile lanpostua lortu zuen. Bertan, itzultzaile lanez gain, toponimikoari heldu zion bizkor, Euskal Herrian nahiko aitzindaria bihurtuz Hernaniko kale eta txokoen izenak euskaratzeko garaian. Euskal kulturara ez ezik, ukitu sozialagoa zuten ekimenetara bideratzen zituen ahaleginak, Hego Amerika nahiz Afrikako herrialdeen garapenaren mesedetan.
Hiazinto beti agertu izan zen sentibera ingurumenarekin, eta bide horretan, erle munduak erakarri izan zuen ikaragarri. Erlegintza jorratuz, liburu eta artikulu dibulgatiboa idatziz eta erlezainen elkartea bultzatuz erakutsi zuen zaletasun hori.
Benetan emankorra izan zen idazlearen zereginetara jarrita, konta ezin ahala liburu eta artikulu argitaratuz honetaz eta hartaz. Azken urteetan, Aiurri astekariko zutabegile gisa nabarmendu zen.
Iraultzailea
Maixabel Aldasorok, jakin du laburbiltzen Hiazinto ezagutu zuten guztiek egunotan egin duten gogoeta: “Iraultzaile puru-purua izan da Hiazinto. Beste mundu bat egingarria dela pentsatu izan du, eta pentsamendu horri eutsi dio beti. Euskal Herrian pertsona gutxi ezagutzen ditut Hiazintok adina merezi dutenak omena, euskararen eta euskal kulturaren alde egin duen lanagatik”.
Bizirik zegoela aitortza ugari jaso zuen
Bere bizitzaren azken urteetan, Hiazinto Fernandorenak aitortza bat baino gehiago jaso zuen. Lehena izan zen beharbada hunkigarriena, 2014ko otsailaren 4an haren lagunek eta senideek ezustean Andoaingo Martin Ugalde Kultur Parkean eskaini ziotena. Eguneroko pasiera izan behar zuena, jendez beteriko omenaldi ekitaldia izan zen.
Ekitaldi hartan Gordailun eta Hernaniko udaletxean kide izandako Koro Etxeberriak omenaldiaren arrazoiak azladu zituen mikrofonoaren aurrean: “Gaurko ekitalditxo honek euskararen alde, Euskal Herriaren alde zure lan eskergaren eta laguntasunaren errekonozimendu bat baino ez du izan nahi, zuk baino gehiago guk behar duguna eta bihotzez antolatu nahi izan duguna. Tarte xumea, goxoa, adiskidetasun eta maitasunez betea. Ez gara izen handiko jendea baino bai zurekiko esker ona eta maitasuna soberan duena.
Zu, Hiazinto, beste batzuekin batera, pieza inportante bat, ezinbestekoa izan zara Ikastolen sorreran, udalekuen martxan, irakasle erresidentziaren jaiotzan edo eta Gordailuk egindako lan aberats eta emankorrean.
Zu, Hiazinto, izan zara itzulpengintzatik haratago eraman gaituzuna, Euskara eta Euskal kulturaren berezko izaera erakutsi diguzuna.
Zu, Hiazinto, borrokalari sutsu zara, gizon osoa eta koherentziaz betea. Mila proiektu abian jarri eta beste hainbestetan inplikatu eta konplize izan eta zarena. Zu, Hiazinto, elkartasuna zer den praktikan jarri duzun eredua zara. Apaiz, irakasle, langile, militante, idazle edota lagun moduan”.
Urtebetera “Jaxinto, ikastolen lemazain” liburua aurkeztu zuten. Pello Aranburu izan zen erredakzio taldearen arduraduna. Aranburuk azpimarratu zuenez, Hiazintok berak idatzitako atalak dauzka liburuak, bere haurtzaroa eta gaztaroa agertzen dutenak bereziki. Hortik aurrera, hogei pertsonen ekaprenak biltzen dira: batzuk atalak idatziz, besteak testigantza emanez. Liburu batzuk eskuragarri daude Aiurriko Andoaingo egoitzan.
Liburu aurkezpen hartan, Aiurri astekariak hainbat lagunen iritziak bildu zituen. Eta horien artean azpimarratzekoa da Mila eta Karmele Mujika ahizpek adierazitakoa: “30 urte dira joan ginela gure jaioterritik, Urnietatik. Baina betidanik ezagutu dugu Hiazinto, eta nahiz eta elkarrengandik urrun bizi, beti mantendu izan dugu harremana. Oraindik ere, tarteka, etortzen gara berari bisita egitera. Guretzat zuzendari izpiritualaren parekoa izan da. Bere nortasuna egin zaigu azpimarragarria betidanik. Iraganean, euskararen alde lanean ari zela bagenekien zer edo zer, baina azken urteetan ari gara jakiten euskara goratzeko zenbat egitasmo eraman dituen aurrera”.