Galdeketari begira sinadura emateko azken egunak

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko urt. 12a, 01:00

2017ko martxoaren 19an, Tolosaldeko 28 herrik, –tartean Aiztondo bailarako Amasa-Villabona, Zizurkil, Asteasu, Aduna eta Larraul–, erabakitzeko eskubidea gauzatuko dute.

Udaberriko galdeketari begira, sinadurak biltzen ari dira Tolosaldeko Giltzarria ekimeneko kideak. Herriz herri bildu dituzte erabakitzeko eskubidea defendatzen duten herritarren sinadurak, galdeketa hori zilegiztatzeko. Dagoeneko ehunka sinadura jaso dituzte eskualdean, baina oraindik eman nahiko lukeenik balego, jakin dezala urtarrilaren 15ean, igandearekin, amaituko dela horretarako aukera. Bezperan, urtarrilaren 14an, Villabonako Malkar plazan izango da sinatzeko tartea, 11:00tatik 13:00etara.

Azpeitia eta Antzuolako esperientziak
Martxoko galdeketari begira, Tolosaldeko Giltzarriako kideak motorrak berotze bidean dira eta dagoeneko egin dituzte herria eta herritarrak girotzeko hainbat ekintza. Besteak beste, herriz herri sinatzeko mahaiak jarri dituzte azken hilabeteotan eta abenduaren 29an, Antzuola eta Azpeitiako Gure Esku Dago ekimeneko kideak Villabonako Aljibean izan ziren euren herrietan galdeketa burutu zenean jarraitu zituzten pausoak nahiz euren bizipenak azalduz.

‘Pedalkadaz erabaki’ festa
Otsailaren 11, larunbatari begira, bestalde, Tolosaldeko Giltzarriako kideak ‘Pedalkadaz erabaki!’ festa erraldoia antolatzen ari dira. Taldekideek azaldu dutenez, “AEKk antolatzen duen Korrikaren formatua jarraituz, Tolosaldeko herriek osatzen duten bost adar ezberdinetatik (Gure Esku Dagoren ‘eskua’ irudikatuz) eta ordu berdintsuan (10:30-11:00), bost bizikleta martxa herrikoi abian jarriko dira. Herriz herri festa giro bikainean, jendeak ongietorria egingo dio bere herritik pasatzean ‘erabakitze’ pelotoiari eta ondoren berari batuko zaio”. Bost pelotoi festazale horiek Tolosako Triangulora iritsiko dira 12:00ak aldera. Adar guztiak batzen direnean, kalejira erraldoia egingo dute eta amaieran, Tolosaldeko 28 herrien erabakitzeko eskubidea gauzatuko dute hautetsontzi erraldoi batean. “Ondoren, Trianguloan bertan edo Alondiga plazan, 500 lagunentzako bazkari herrikoia antolatuko da (estalpean eta berogailuarekin), musika, bertsoa eta dantza tartekatuko direlarik gaueko 21:00ak arte”. Estalpean haurrentzako puzgarriak ere egongo direla jakinarazi dute antolatzaileek eta bizikletak Kultur Etxean utzi ahal izango direla zaintzapean, 21:00ak arte.

Ekintzak, udaberrira arte
Sinadura bilketen epea amaituta, galdeketari begira giroa eta ilusioa pizteko kanpainari ekingo diote aurrerantzean. Udaberrira bitartean ekintza ugari antolatuko da Tolosaldeko herrietan, erabakitzeko eskubidearen alde.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!