Bizikidetza oinarri, hiru dokumental eskainiko dituzte Basteron

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko urt. 10a, 01:00

Andoaingo udalean ordezkaritza duten alderdi politiko guztiek hiru dokumentalez osatutako zinema zikloa antolatu dute urtarriletik martxoa bitarte.

Zikloa aurkeztu dute udal batzar aretoan, eta Ana Carrere alkateak adierazi duenez, Azken urte terdian, bakea eta bizikidetza oinarria duen orainaldi eta etorkizun batekin sakontzeko elementuak identifikatzeko lanketan ibili gara. Jabetzen gara gertatutakoaren inguruan, bizipen ezberdinak eta banatzen gaituzten desadostasunak ditugula. Hala ere, desberdintasun horietatik abiatuz, bizikidetza berri baten alde lan egitea posible dela sinesten dugu”.

Alderdiak abian jarrita daukaten elkarrizketa prozesu horren baitan, bakea eta bizikidetza ardatz dituen zinema ziklo bat adostu dute, esan bezala.

Carrerek Andoaingo herritarrei gonbidapena luzatu die, Basterora hurbil daitezen hiru dokumentalak ikustera, eta iritzia eman dezaten emanaldiaren ostean sortuko den eztabaida tartean.

Hiru dokumentalak Bastero kulturgunean ikusi ahal izango dira, 19:00etatik aurrera.

 

 

Egitaraua:

- Glencree. Urtarrilak 19, osteguna.

Jatorri ezberdinetako indarkeriaren biktimen arteko lehenengo esperientzia.

- Heriotzaren triangelua. Otsailak 16, osteguna.

Astigarraga eta Andoainen egindako zortzi erailketen kontakizuna.

- Reconciliación. Martxoak 16, osteguna.

Gertatutakoa gainditu eta bizikidetzan oinarritutako etorkizuna planteatzea lortu duten hainbat biktimen arteko elkarrizketa.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!