Antton Pebet Oroimenezkoaren final handia iritsi da

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2017ko urt. 5a, 01:00

Larunbat honetan, urtarrilaren 7an, jokatuko dira V. Antton Pebet Memorialeko finalak Villabonako Bearzana pilotalekuan. Arratsaldeko 17:30etan hasita bi partida izango dira. Kronika (Iñaki Otaegi):

Lehenengo partidan, gazteen mailakoan, Matak eta Cordonek Alberdi eta Eskiroz izango dituzte aurkari. Lehenengo bikotea finalaurrekoetan murgildu zen txapelketan. Riol – Aranguren bikotea ordezkatu zuten eta baita ederki egin ere. Matak partida ikusgarria jokatu zuen eta Ansoketa Aizpuruk osatutako bikotea hartu zuten mendean 22 eta 14ko emaitzarekin. Aurkariak, Alberdi eta Eskiroz, bi partida eder jokatuta iritsi dira finalera.

Lehenengoan Elola eta Gaskue erraz hartu zituzten mendean, eta bigarrenean, Zubizarreta eta Mariezkurrena bikote indartsuari nagusitu zitzaion partida borobila jokatuta.

Hasiera batean, Alberdi eta Eskiroz izango dira faborito, baina Matak lehengo eguneko jokoa erakusten badu, eta Cordonek laguntzen badio, kontuan hartu beharreko bikotea izango da. Dena den, partida zaila izango dute. Eskiroz baita bere adineko atzelari onenetarikoa eta Alberdi berriz, pilotari seguru eta saiatua.

Nagusien mailak ez du indar eta emozio faltarik izango. Urretabizkaiak eta Santxezek, Santxo eta Arratibelek osatutako bikotea izango du aurkari. Lehenengoek, Espinal eta Gorrotxategi izan zituzten aurkari final laurdenetan. Bigarrenean berriz, Prado eta Etchegoin izan zituzten aurkari. Bi partidetan kolpe handia dutela eta pilota gutxi galtzen dutela erakutsi dute biek ere, eta bikote gogorra osatuko dute finalari begira. Santxok final laurdenetan Garmendia izan zuen lagun eta Larrañaga eta Lizeagak osatutako bikoteari nagusitu zitzaion partida estua jokatuta. Final erdietan, Arratibelek ordezkatu zuen Garmendia, eta Arrietak eta Aizpitartek osatutako bikote hernaniarra hartu zuten mendean. Final parekatua espero da bai indarrez, eta bai jokoz.

Urretabizkaiak lehen mailako kolpea du, inork pilotalekuan hutsunerik sortzen badu, hori bera da. Errematerako ausardia azaltzen badu, partida bereganatzeko aukera asko izango ditu. Santxezek momentu oso onean dagoela erakutsi du orain arteko partidetan, eta bikote gogorra osatuko dute. Aurrean duten bikotea ordea, ez da nolanahikoa; Santxok pasa den urtean erakutsi duen mailari Arratibelek bere jokoarekin laguntzen badio, partida aurrera ateratzeko aukera handiak izango dituzte.

Honenbestez, abenduaren 9an hasi zen memorialari amaiera emango zaio. Goi mailako partidak ikusteko aukera izan da Villabonan Behar Zana pilota elkartearen eskutik.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!