Gabonetako eskubaloi txapelketa Urnietan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko abe. 30a, 01:00

Urnieta Kirol Elkarteko eskubaloi sailak Gabonetako eskubaloi txapelketa antolatu du ostiral honetarako. Edizio berri honetan eta Urnietako talde infantil eta kadete neska zein mutilekin batera Leizaran, Tolosa eta Ereintzako jokalariek parte hartuko dute. Partidak kiroldegian eta frontoian jokatuko dira, 25 minutuko iraupena izango dutenak. 

Partidak goizeko 09:20etan hasiko dira.
Eguerdian, 12:50ak aldera, Urnietako Eskubaloi Eskolak Ereintzakoaren aurka 40 minutuko partida jokatuko du. Norgehiagoka honetan alebin mailako neska-mutilek parte hartuko dute. Arratsaldean zehar infantil eta kadete mailako partida gehiago izango da. 
Iluntzeko 19:15etan eskubaloi jaialdiari amaiera emango dion norgehiagoka hasiko da, Urnieta Balergi Harategiko senior mutilen eta estatu mailako zilarrezko mailan aritzen den Tolosa CFren artekoarekin.
Ostiralean, beraz, eskubaloi jardunaldi zirraragarria bizi ahal izango da Udal kiroldegian zein frontoian. Klubetik eskubaloizale guztiak partidak ikustera gonbidatu nahi dituzte.

URIGOITIARI OMENALDIA
Urnieta-Leizaran senior mailako azken partidan Gorka Urigoitia jokalari ohiari omenaldia egin zioten. 42 urteko jokalari hernaniarrak 20 urtez kamiseta gorritxoa defendatu ostean, ekainean erretiroa hartu zuen. Urnieta eta Leizarango taldeez gain, omenaldian Gorkaren taldekide ohi ugarik hartu zuen parte. Horietako batek, Juanjo Agudok, aurreskua dantzatu zion. Victor Rodriguez eta John Sanchezek opariak eman zizkioten, besteak beste, taldeko jokalariek sinatutako kamiseta. Urigoitiak, hunkituta, jasotako txalo zaparrada itzuli zien zaletuei.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!