Mikel Pagola alkateak adierazi bezala, Udalaren eta bere sozietate publikoen aurrekontua 2016koaren “antzekoa” da eta, “ia kopuru berdinetan” mantentzen dela esan daiteke. Urnietako Udalaren berezko diru sarrerak murriztu egin dira, herritarrei presio fiskala gutxitzeko erabakia hartu delako. Baina Gipuzkoako Foru Aldundiak Udalen finantzaziorako zuzentzen duen diru kopuruaren bidez, sarrera horietan igoera bat egongo dela aurreikusi dute eta, ondorioz, Udalak “bere gastu ahalmena mantenduko du”.
inbertsioak, parte hartze prozesua
Aurrekontu honetan, inbertsioetarako 1.000.000 euro izango direla nabarmendu dute. Gainera, urteko lehen hilabeteetan martxan jarriko den parte hartze prozesu bati esker, 100.000 euro gehiago bideratuko dira. Ondorioz, kopuru honek inbertsioetarako partida handitu egingo du.
“2017ko plan berrien garapenean herritarren partaidetza bermatu nahi dugu”, azpimarratu zuen alkateak. Hala nola, II.Berdintasun Planarekin, Aniztasun Diagnostikoarekin eta Lehen Harrera planarekin.
Horrez gain, Eskualdeko garapen agentziari garrantzia emango diote: “lankidetza hitzarmen bat sinatuko dugu aurrera begira obligazio eta konpromiso batzuk hartzera behartzen gaituena”. Zentzu horretan, enplegua sustatuz eta garapen ekonomikoan lan eginez jarraituko zutela hitzeman zuen alkateak.
Gizarte sailaren erronka nagusia erronka berriei aurre egitea izango da. Menpekotasun eta bazterkeria arriskuan egon daitezkeen herritarren oinarrizko eskubide eta beharrak bermatzea izango da Udalaren ahalegina.
Bestalde, 2016an udaletxearen egunerokotasunean euskararen presentzia areagotzeko urratsak ematen hasiko dira. Era berean, 2017-2018 ikasturtean euskara ikasteko beharrezko baliabide ekonomikoak bideratuko dituzte.
Lurralde mailan egingo diren inbertsio nagusiak Txoritagain auzoko aparkaleku berria eta Urrakako igogailua izango dira. Udal eraikinetan ere zenbait hobekuntza egingo dituzte: “Jostaleku edo Ludotekan mantenimendu lanak, Sarobe nahiz Lekaion jasangarritasun energetikoaren aldeko apustua….”.
Ingurugiroari dagokionez, bilketa selektiboaren portzentaia areagotzeko neurriak hartuko dira. Horretarako, edukiontzi sistemak aldatuko dira. Sarraila elektronikoa duten edukiontziak ipiniko dira eta errefusaren edukiontzien irekiera egunak zenbatera mugatu beharko diren erabakitzeko beharrezko azterketa egingo da.
Bestalde, bizikidetza eta elkarbizitza herrian lantzen jarraituko dute, Baketik-ekin elkarlanean.
EH Bilduren balorazioa
EH Bilduk hainbat desadostasun agertu zituen aurrekontu proposamenarekiko. Itziar Artola bozeramaileak adierazi zuenez, Udalak Fondo Foraletik 300.000 euro gehiago jasoko ditu: “Horrek, aurrekontu osoa %3 igotzea suposatuko luke, baina aurkeztutako aurrekontuetan %0,2ko igoeran islatzen da soilik. Zenbait murrizketa ontzat ematen ditugun arren, 90.000 euro suposatzen duen beste jaitsiera erraustegiaren finantzaziora bideratzearekin ez gaude ados”. Errauskailuaren finantzazioak eta tratamenduak Udalari guztira 8.666.979.90 euro suposatuko dizkiola gaineratu zuen, urteko 247.628 euro hain zuzen.
Etxebizitza arazoari dagokionez, aurre egiteko partidarik zehaztu ez izana salatu zuten. “EH Bildutik argi utzi nahi dugu etxebizitzaren arazoari aurre egin behar zaiola, eta ez beste alde batera begiratu”.
Bestalde, herriko elkarteak herriari nortasuna ematen diotenak direla nabarmendu zuten, “bertan dagoen jendeak herriarentzat egiten duen lanari esker”. Hori horrela, Udalak “proaktiboagoa” izan behar duela uste dute: “Laguntza ekonomiko eskasak jasotzen dituzte eta azken xentimoa ere negoziatzen zaie”.
Desadostasun hauen aurrean, EH Bilduko taldeak hainbat proposamen zehatz egin zituen: “Guk egindako proposamenak entzun dituzue, baina ez duzue proposamen zehatzak negoziatzeko jarrerarik izan”, salatu zuten.
PSE-EEren balorazioa
PSE-EEren izenean, Consuelo Frutosek 2017ko aurrekontua “azken ordukoa” bezala izendatu du, Gobernu taldearen aldetik ez zaiolako “nahikoa” denbora eskaini: “Ezarritako datak betetzen dituen arren, udaletxeko talde politikoei ez zaie parte hartzeko denborarik eman. Gainera, Gobernu taldeak ez dio aurrekontu erreal bat osatzeko nahikoa denbora eskaini. Hala, ideia, proiektuak eta kudeaketa falta dituela eta aurreko urteko aurrekontuaren kopia dela salatzen dugu”. Horrez gain, Legegintzaldi-planari lotutako aurrekontua dela adierazi dute: “Guk Legegintzaldi-planean aurkeztutako 60 proiektuetatik bakar bat ere ez du biltzen”.
Aurrekontu hauetan inbertsio estrategikoak “nabarmentzekoak” direla adierazi zuen: “Gai honetan desadostasun asko ditugu. Esate baterako, herritar guztientzako kiroldegia nahi dugu, eta ez klub batentzat eginikoa. Igogailuari dagokionez, beste modu batera egin daitekeela uste dugu. Hirigintza eta ikusgarritasun aldetik atseginagoa izan daitekeena”.
Aurrekontuak “sinestezinak” direla salatu zuten: “Aurkako botoa emango dugu ez gatozelako Legegintzaldi-planarekin eta inbertsio estrategikoekin bat. Eta, batez ere, Urnietako alkateak eta bere Udal taldeak gaur aurrera aterako dutena beteko ez dutela sinetsita gaudelako”.