Aiztondoko manifestazioa, bihar

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko abe. 30a, 01:00

Urtero moduan, manifestazioa deitu dute Urtezahar egunerako.'Giza eskubideak. Bakea. Irtenbidea. Euskal presoak Euskal Herrira' lelopean egingo da, iluntzeko 19:00etan Villabonako Errebote plazatik abiatuko den manifestazioa. Aduna, Alkiza, Amasa-Villabona, Asteasu, Larraul eta Zizurkilgo Udalek babesten dute Urtezahar eguneko manifestazioa.

Joxe Mari Luengo, Zizurkilgo alkateak hartu zuen hitza abenduaren 27an egindako prentsa agerraldian: "Aiztondo bailaran, Udal guztien babesarekin, urtero egiten da manifestazioa giza eskubideen alde egin eta euskal presoen egoeraren konponbidea eskatzeko. Villabonako Errebote plazatik aterako da aurten manifestazioa, 19:00etan, eta Joxe Arregi plazan amaitu. Euskal presoen eskubideen alde egin nahi dugu, euren euskalerriratzetik hasita. Bada garaia herri honetan behin betiko bakea eta konponbidea eskuratzeko, baina hori ez da posible izango guztiek eskubideak errespetatu arte. Aiztondoko Udalok eskaera hori berresten dugu eta herritarrei ere parte hartzeko deia luzatzen dizuegu; giza eskubideak, konponbidea eta bakea aldarrikatzeko".

Manifestazioaren bidez egiten dituzten oinarrizko eskaerak zerrendatu zituen Joxe Mari Luengok, udal ordezkari guztien izenean:

"Dispertsioa amaitzea eta Euskal Presoak euskalerriratzea. Beharrezkoa da euskal presoei, euren familiei eta lagunei bidegabeko zigor erantsia ezartzen dien sakabanaketa politakarekin behin-betiko amaitzea.

Gaixotasun larri edota sendaezinak dituzten presoak kaleratzea. Espetxetik irten eta etxetik hurbil dagoen erietxean egoteko eskubide osoa dute. Hau espainiar legedian bertan jasota dago. Beraz, eskubide hau errespetatzea eta larri gaixo dauden presoen berehalako kaleratzea exijitzen dugu

Azkernik, 70 urtetik gora dituzten presoak kaleratzea eskatzen dugu".

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!