Txuringadi errotako hotsak bizirik dirau oraindaino

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko abe. 30a, 01:00

1988 urtean itxi zituen ateak Larraulgo Txuringadi errotak, baina Joxe Anjel Zumeta nagusiak, mimoz mantendu du martxan gaurdaino.

Baserritarrek etxeko artoa zakuetan sartu, asto gainean kargatu eta Txuringadira etortzen zireneko garaiak ondo gogoan ditu Joxe Anjel Zumeta errotako nagusiak. “Artoa ekarri, balantzan edo baskulan pisatu, eta ehotzeko uzten zuten bertan. Normalean hurrengo egunean etortzen ziren artirinaren bila, baina batzuetan momentuan bertan ere egiten zitzaien. Errotaren hotsa, jendearen joan-etorria, hautsa, eskaratzean pilatutako zakuak…, horiexek dira nire haurtzaroko oroitzapenak”. Irribarretsu azaldu du Joxe Anjelek, errotan lanean aritzen zirenean goitik behera zurituta ateratzen zirela, artirinez estalirik.
Laka izaten zen garai bateko errotariaren jornala; baserritarrek ehotzera ekartzen zutenaren %10a. Joxe Anjelek azaldu duenez, “horrekin osatzen zen etxerako taloak egiteko irina, edota etxeko abereei emateko arto txikitua, txerriak gizentzeko irina…, etxean artoa erein gabe moldatzen ziren errotariak. Litekeena da kaleko jendea ere errotetara joatea irina erostera, baina hori ez dut gogoan”.

Errota odolean
Betidanik lagundu izan zuen Joxe Anjelek errotako lanetan, etxeko guztiek bezelaxe. “Aita eta osaba aritzen ziren gehien, baina ama ere gerturatzen zen errotara eta baita lau senideok ere. Errotarriaren gainaldean depositu txiki bat egoten da. Artean ume ginela, artoa botatzen genuen bertara, errotarriek eho zezaten. Errotak egiten zuen hotsagatik nabaritzen genuen depositua hutsa zegoela eta berriz ere bete beharra zegoela”. Ume koskorretan hasi ziren lan horietan eta hamabi bat urterekin, gurdia kargatu, eta Joxe Anjelek berak eramaten zuen irina Asteasuko kalera.
Garai bateko errota gehienak bezala, Txuringadi ere elkartean ustiatzen zuten. “Hamar bazkiderena zen garai batean. Nire aiton-amonak ezkondu zirenean, hamar zati horietatik sei erosi zituen aitona zenak. Aitak egin zuen geratzen ziren gainerako zatiak erosteko saiakera, baina ez zuen lortu. Urte batzuk geroago, neroni geratu nintzen errotan, eta lau zatien jabetza lortu nuen”. Joxe Anjel da, beraz, Txuringadiko nagusia eta mimoz zaintzen du. Ordu askotako lana eskaintzen dio errotari. “Odolean daramat errota, eta eutsi egin nahi diot”, dio.

Larraulgo errota
Asteasuko plazatik kilometro eta erdira badago ere, Larraulgo errota da Txuringadi. Hala azaldu du Joxe Anjelek: “1840an banandu zen Larraul Asteasurengandik. Garai hartan, oso garrantzitsua zen herri bakoitzak errota edukitzea, eta Txuringadi Larraulgo errota izendatu zuten. Gure inguruko baserri guztiak Asteasu dira, baina Txuringadi Larraulgo sailen barruan dago. Etxe inguruan ditugu bi herriak banatzen dituzten mugarriak”. Larrauldarrak dira Txuringadiko kideak, baina Asteasun egin izan dute bizimodu gehiena. “Ni neroni Asteasuko eskolara joaten nintzen umetan, eta baita nire seme-alabak ere. Larraulen egin izan ditugu, ordea, elizarekin lotuta gauzak: bataioak, jaunartzeak…”. Larraulgo Udaleko zinegotzi ere izan zen Joxe Anjel agintaldi batean.
Asteasu inguruan zazpi errota izan ziren martxan garai batean; Petesagasti, Urmategi, Txuringadi, Kañoerrota, Txuloko errota, Pello errota eta Beheko errota. “Oso garrantzitsuak ziren errotak, behar-beharrezkoak. Pixkanaka, ordea, bizimodua aldatzen joan da, gehienak itxi arte. Oso gutxi dira egun martxan jartzeko moduan daudenak”. Gipuzkoa 600 errota izatera ere iritsi zen, duela mende inguru.

Artoa, garia, garagarra
Txuringadiko errotarriek gehienbat artoa ehotzen zuteneko garaia bizitu zuen Joxe Anjelek, baina bestelakorik ere izaten zen. “Baba txikituak estimazio handia izaten zuen baserritarren artean. Traktorerik ezean, idiek lan handia egiten zuten garai hartan, eta baba txikitua ematen zitzaien. Garia ere eho izan dugu, baina gutxiago”. Errota martxan izan zen azken 25 urteetan garagarra ehotzen izan zuten lanik handiena. “Haziendarentzat izaten zuten baserritarrek, estimazio handia izaten zuen garagar irinak”. Asteasuko baserritarren kooperatibak ekartzen zuen garagarra Nafarroatik. Berrogei bat baserritarren artean sortu zuten kooperatiba hura. “Gogoan dut garagarra nola ekartzen zuten kamioian zakuetan sartuta, haiek bizkarka ibili behar izaten genituen. Aurrerago, trailerrean ekartzen hasi ziren, soltean”, azaldu du. Errotan moldakuntza batzuk egin behar izan zituzten garagarra errotaraino garraiatu ahal izateko. Errotarritik pasatakoan, irina zakuetan zuzenean kargatzeko sistema ere sortu zuten Txuringadiko kideek. Urtean 140.000 kilo garagar ehotzera iritsi ziren, eta horrek, ahalik eta ondoen prestatzera behartu zituen.

Usarrabiko ura
Usarrabi errekako urak eragiten die mugimendua Txuringadiko errotarriei. Kanal edo ubide baten bidez iristen da etxe atzera. Hantxe pilatzen da ura, lau metro eta erdiko sakonera duen botana edo ur-biltegian. Beharrezkoa da sakonera handiko biltegia izatea, errota lanean jartzeko nahiko indar izan dezan. “Turtuki handiak mugiarazten ditu urak, eta hark eragiten die errotarriei”. Urtean zehar, ordea, izaten ziren ur gutxiko boladak, eta horrek zailtasunak ekartzen zizkien garai bateko errotariei. “Lehorte garaian, errekak ur gutxi ekartzen zuenean, berehala husten zitzaigun botana, eta pare bat ordu behar izaten zituen berriz ere betetzeko. Bi errotarri ditu Txuringadik, eta biak martxan jarrita, segundu bakarrean 300 bat litro ur jaisten da botanatik behera. Botana handia izanagatik, berehala husten da”.

Zerrategia ere bai
Joxe Anjelen aitona zena, errotaria izateaz gain,  arotz ona ere bazen, eta baita aita ere. Horren lekuko, Txuringadiko zerrategi ikusgarria. Uraren indarrak mugitzen ditu tresna guztiak; zerra, arrabota edo zepiladora, esmerila, taratulua…, oso ikusgarria da polea eta zinta bidez denak batera nola mugitzen hasten diren ikustea. “Txuringadik bi errotarri zituen. Garai batean, garia ehotzen zen batean, eta artoa bestean. Garia urritu zenean, zerra jarri zuten haietako batean. Aitona zena asko aritzen zen han; artoa ehotzen ari zen bitartean, zerran lan egiten zuen berak”.
Argindarra egiteko modua ere moldatu zuen Joxe Anjelen anaia Jexuxek, gaztetxo zirenean. Ordurako bazegoen argindarra sortzeko zentrala Asteasun, baina uraren indarra erabiltzen zuen, eta lehorte garaietan, egunean ordu gutxi batzuetan bakarrik egiten zuen lan. “Ordutegi horretatik kanpo, kandelekin moldatu behar izaten genuen. Anaia oso mekaniko ona da, eta umetatik hasi zen froga ezberdinak egiten. Uraren indarra aprobetxatuz bi bonbilla pizteko modua egin zuen. Ezer ez denean gauza txikiek garrantzia handia izaten dute, eta guretzat handia zen bi bonbilla haien argitasuna”.

Mantentze lanak
Lan handia egiten du Joxe Anjelek Txuringadi mantentzen. Errota barruko elementuak zaintzeaz gain, etxetik kanpora ere aritu behar izaten du: “Berrehun metro inguruko luzera duen kanalean behera etortzen da ura gurera. Garbi mantendu behar da, eta ur isuriak konpondu. Horrez gain, botana ere urtean behin hustu eta garbitu egiten dut. Lokatz handia pilatzen zaio azpialdean, eta beharrezkoa da ondo garbitzea. Losazko paretak eta zorua ditu, eta haiek ere eskatzen dute euren mantenimendua. Gustuko dut lan hau, eta horregatik eusten diot”, azaldu du. Dozena bat errota dago orain martxan Gipuzkoan eta urritzen joango direla iruditzen zaio Joxe Anjeli: “Ezer ematen ez duen zerbait mantentzeko, lan handia eskatzen duelako”.

Bisitariak
Bisitari mordoska hartzen dute urtean zehar Txuringadin. Donostiako ikastetxe bateko ikasleak etortzen zaizkie urtero, eta horrez gain, baita jubilatu elkarte, lagun talde edo inguruko ikastetxeetako kideak ere. “Gustura ikusten dute errota, eta nik ere gozatu egiten dut erakusten”. Hitzordua hartuta, errota eta zerrategia erakusteko zain izango dute bisitariek Joxe Anjel. Etengabe berritu eta hobetzeko lanak egiten dizkio, gainera, errotari. Esaterako, garai batean artoa eta irina pisatzeko erabiltzen zuten balantza zaharra martxan jarri nahi luke berriz ere, erakusgai jartzeko. Errotekin zerikusia duten tresnak erostea ere gustatzen zaio: “Bisitariak etortzen dira gurera, eta pixkanaka, osatuz joan nahi dut museo txiki bat egiteko”.
Errotei lotutako tresnen bilaketa horretan, bitxikeriak ere topatu izan ditu Joxe Anjelek. Argindarra erabiliz martxan jartzen den errota bat erosia du, esaterako. “Gerra garaian, bailaraz bailara ibiltzen zuten. Errotak itxiarazi egin zituzten garai hartan eta hark egiten zituen hainbat herritako lanak. Txuringadi bera ere prezintoa jarrita egon zen. Tristea izango zen etxean artoa izan eta ezin taloa jatea, errotak itxita zeudela eta”. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!