Akordeoiaren doinuak bidelagun

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko abe. 29a, 01:00

Susana Cencillo andoaindarra akordeoi-jotzaile eta irakasle izateaz gain, ekimen handiko pertsona da. Bere ibilbidearen berri azaldu du ondorengo elkarrizketan.

Noiz eta zerk erakarrita aukeratu zenuen akordeoia?
Zazpi urterekin hasi nintzen akordeoia jotzen. Goiburuko festetara joaten ginen eta han akordeoi-jotzaileak ikusita, txikitandik esaten nuen nik ere ikasi egin nahi nuela. Andoaingo Kinkillerian solfeoa ikasten hasi nintzen aurrena eta Donostiara joan nintzen akordeoia ikastera gero. Kontserbatoriotik igaro ondoren, hainbat master class jaso nuen.

Bide luzea eta zabala egina duzu. Ez zara estilo bakarrera lerratu…
Estilo ezberdinak landu izan ditut, bai. Hasieran akordeoi klasikoan zentratu nintzen gehien, musika garaikidearekin batera. Bolada luze batean lehiaketatan ibili nintzen eta Donostiako Akordeoi orkestrako partaide izan nintzen urte askoan, grabazioak ere egin genituelarik. Gerora, Richard Galliano akordeoi-jotzailearen hariari jarraituz, nik ere bide gehiago zabaldu nahi nituela erabaki nuen. Akordeoi-jazza lantzeko master classak jaso nituen orduan L. Biondini, D. Ithursarry edota V. Prietoren eskutik. Egia esan, jende askorekin ibili nintzen ikasten eta hainbat taldetan hartu nuen parte: Sertäo, Side Folk, Piazzolla Project... Musika klasikotik, tangoak, piazzollak, bossa novak edota bestelako doinuak jotzera igaro nintzen. Probatzea gustatzen zait, ikasteko asko geratzen zaidala uste baitut.

Soinuak musika eskolako gidari zara Andoainen. Zein izan zen eskolaren abiapuntua? Zein erronka?
Soinuak musika eskolaren aurretik, Donostiako Noroabe eskolan aritu nintzen sei urtez lanean. Aurretik, La Salle Berrozpen ere musika irakasle izan nintzen DBHn. Andoainen aurrez bazen beste musika akademia bat eta itxi zutenean, nigana etorri ziren hango ikasleak hartu nahi ote nituen galdezka. Probatzea erabaki nuen; 2000. urtean jarri genuen martxan Soinuak akademia eta orain arte! Oso gustura gaude, erantzun ona izan baitu hasieratik.
Haur nahiz helduak ditugu eskolan. Hiru urteko haurrak musika tailerrean hasten dira eta musika hizkuntza, akordeoia eta informatika musikala ikasten dute batik bat ikasleek. Gure espezialitatea akordeoia da, baina lan asko egiten dugu txikiekin. Egia esan, egun, lan gehiago egiten dugu txikiekin, akordeoiarekin baino.
Pertsonalki, oso gustura sentitzen naiz txikiekin; musika-tresna edo doinu berri bat erakutsitakoan liluratuta geratzen baitira. Nik ere horixe bera sentitu nahi dut musikaren baitan ematen ditudan pausoetan.

Giroa sustatzen saiatzen zarete Andoaingo hamaika ekimenetan, eskolatik kalera ateraz sarritan…
Herriko ekimen ezberdinetan parte hartzen saiatzen gara. Musika ikasteaz gain, ikasleek musikaz disfrutatzea eta bizipen musikalak izatea oso garrantzitsua baita. Pieza bat ikasi eta etxean jotzea ondo dago, baina baita besteekin erlazionatu eta zabaltzea ere, naturaltasunez eta disfrutatuz. Inauteriak, Santakrutzak, Sanjuanak edota haurren euskal jaialdia hitzordu finkoak dira guretzat, baina aldian behineko ekimenetan ere hartzen dugu parte: Andoaingo Gudua, Euskareren Eguna…
Gure metodologia kalera begira pentsatutakoa da. Euskal kanta eta erritmoak lantzen ditugu –kalejira, fandango, ari-arinak…–, kalera ateratakoan eskaintzeko, nahiz eta, horrez gain, beste erritmo batzuk ere ikasi eta lantzen ditugun.

Urte hauetan guztietan akordeoi-jotzaile ugari aterako zen Soinuak eskolatik…
Jende asko pasa da eskolatik eta atera dira batzu-batzuk! Andoaindarrez gain, Alkizako, Asteasuko edota Villabonako ikasleak ere baditugu. Ordizia edo Lazkaokoak ere izan ditugu…
Gure eskolan zortzi urterekin has daitezke gaztetxoak akordeoia jotzen ikasten, baina adin ezberdineko ikasleak ditugu eta helburu ezberdinekin gerturatzen dira. Batzuk akordeoia ikastera, beste batzuk kontserbatorioko froga teorikoak prestatzera… Bestalde, beti akordeoia jotzea gerorako utzi izan duten jubilatu ugari animatu zaigu eskolara azken boladan.

Andoainen ez ezik, Donostian ere bazara irakasle!
Azken bi urteotan Donostiako Francisco Escudero kontserbatorioan akordeoi eta ganbera irakaslea ere banaiz. Egun erdiz aritzen naiz.

Ez zara geldirik egoteko pertsona. Nondik ateratzen duzu halako energia?
Gustukoa, egin egiten da; etxekoen laguntzarekin, noski. Azken boladan osasuna eskatzen dut gehien, osasuna edukita, aurrera egiten baita guztiarekin. Hala ere gogorra da musikarion lanbidea, emanaldi bakoitzaren atzean ikusten ez diren entsegu ordu asko baitago.

Akordeoirik jo gabeko egunik imaginatzen al duzu?
Ez, akordeoia afinatzen ez badaukat behintzat! Egia esan, kontzerturik ez badut ere, egunero jotzen dut akordeoia etxean. Nire momentua izaten da eta gustura sentitzen naiz.


Susana, musikari

 

Irakasle aritzeaz gain, hainbat musika ekimenetan hartzen du parte Susana Cencillok. Hauexek abian dituen emanaldi horietako batzuk:

  • SK efimeroak:
    {{IMG-36830}}
    Koldobika Jauregi eskulturgilearekin batera, artelana eta musika uztartuz, performanceak egiten ditu. “Lan asko egiten dugu, guztiz lan ezberdina! Lan interaktiboa da eta inprobisazioan oinarritua”. 2014an Donostiako KUR arte galerian hasi ziren proiektuarekin eta aurrera doaz. Azken saioa Bilboko Guggenheimen egin zuten Euskararen Egunaren jaiaren harira. “Oso gustura aritzen naiz ekimen horretan eta oraindik ere bide luzea izan dezan espero dut. Beste diziplina batzuk ezagutzeko aukera ematen dit eta asko ari naiz ikasten”, adierazi du.
  • Konpasetan, Bidaia intimo bat emakumeen istorioetan zehar:
    {{IMG-36831}}
    Garazi Kamio andoaindar idazlearekin batera, hitza eta musika oinarrian hartuta prestatutako ikus-entzunezkoa. “Garazik emakume batzuen istorioak eta bizipenak kontatzen ditu emanaldian zehar. Musikariak dira gehienak. Proiektuaren hasieran, emakumeenak ziren edo haiekin lotura duten kantuak aukeratu nituen nik eta Garazik oso testu politak osatu zituen”. Gustura dabiltza. Berriki 2016 Donostiako Hiriburutzaren itxiera jaialdian hartu zuten parte eta baita Zizurkilgo Liburuaren Astean ere.
  • Akordeoia eta tronpeta:
    {{IMG-36832}}
    Jabi Perez tronpeta-jotzaile zizurkildarrarekin ere badu emanaldi berezi bat. “Euskal kantak jotzen ditugu, doinuak ezagutzen ditugun bezala aurrena eta inprobisaziora joaz gero. Jabi fenomenoa da eta berarekin jotzea gozamena da niretzat!”.
  • El síndrome de Stendhal: Gasteizko taldean hartu du parte azken urteetan, akordeoi-jazza eginez. “Aurten bukatu dut, baina oso gustura ibili naiz, primeran sentitzen naizelako akordeoi-jazza jotzen. Zehatzago esan, jazz manouchea jotzen genuen eta izugarri disfrutatu dut. Beste mundu bat da, beste musika mota bat”.
  • Akordeoia eta biolina:
    {{IMG-36833}}
    Mirari Irurzun biolin-jotzailearekin emanaldia eskaini berri du Basteron, “Oso gustura aritu ginen eta etorkizunera begira beste emanaldiren bat egiteko asmotan gara”.

www.susanacencillo.com web orria sortu du, bertan eskaintza guztien berri emateko.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!