Gabon kantari Andoainen

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko abe. 29a, 01:00

Aita Larramendi ikastolako eta La Salle Berrozpe eta Ondarretako ikastetxeetako irakasle eta ikasleek ez zioten hutsik egin Gabon kantuen usadioari, beste urte batez. 

Kronika:

 

Alaken, Olentzero eta Mari Domingi, Hator, Hator, Horra Mari Domingi, Kas kas atean, Olentzero… Eguberriekin lotutako euskal kantagintza Andoaingo bazterretan nonahi entzun ahal izan zen abenduaren 24an. Hiru ikastetxeetako kantarien taldeek ikasleen gurasoak eta musikariak ondoan izan zituzten, eta bi ordu pasako jardunaldia burutu zuten herriko kaleetan zehar. Ondarretako taldeak Bastero plazan egin zuen lehen geldialdia, eta bertan errepertorio alaiari ekin zion. Ondoren, Kale Nagusian barrena jarraitu zuen; Zumea plazaraino iritsi eta berriro ikastetxerako norabidea hartu zuen.
La Salle-Berrozpeko taldea ere gogotsu irten zen kalera, eta ederki urratu zituzten eztarriak bere kideek. Aurrez pentsatutako ibilbidea amaitzeko zorian zirela ikastetxeko bidea hartu behar izan zuten, euriaren mehatxupean. Jolastokian bildu ziren taldeko guztiak, eta bertan txokolate beroaz gozatzeko aukera eduki zuten.
Azkenik, Aita Larramendi ikastolako taldeko kideak, Txistokiko pasealekutik abiatu eta Zumea plazan eta Kale Nagusian kantu erronda egin ostean, Goikoplazara igo ziren.
Hiru ikastetxeez gain, makina bat lagun talde aritu zen gabon kantuan. Horien artean, azpimarratzekoa da baserri-giroko auzoetara hurbiltzen den koadrila, bertako biztanleen pozerako.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!