Olentzero eta Mari Domingi gogotsu etorri ohi dira Urnietara, eta inguruko herrietara abenduaren 24an joaten direnez, patxada handiz hartu ohi dute Urnietara egindako bisitaldia. Arratsaldeko 18:00ak aldera Berrasoeta aldetik han agertu ziren, astoa lagun. Eta hortik San Juan plazaraino lagunez inguratuta egin zuten bidea. Dantzari eta musikari finak alboan, ia hiru orduko saioa egin zuten kalez kale. Edu Muruamendiarazek zuzenduta, Egapeko gurasoek saio ederrak eskaini zituzten. Idiazabal kalean, Zubitxo plazan edota, Etxeberrieta plazan aritu eta gero, San Juan plazara igo ziren. Hara iristerako ilara luzea zuten zain. Haur eta guraso asko baitzegoen Olentzero eta Mari Domingirekin argazkia ateratzeko gogoz.
Mari Domingiren mezua
Idiazabal kalean Aiurriko kazetariak Mari Domingiren adierazpenak jaso zituen, Urnietako haurrei eskainitakoak: “Urnietako haurrak zoriontsuak izan! Nahiz eta egun hauetan opariak banatzen lan asko izan dugun, gu ere zoriontsu gara. Aurten Urnietako haurrak oso jator portatu dira, opari ugari izango dituzte”.
Adierazpen horiek eta kalejirako une gehiago Aiurri.eus gunean ikusgai daude, irudiz eta bideoz.
Gabon kantari herrigunean
Olentzero eta Mari Domingi Urnietara iritsi eta biharamunean Gabon kantari irten ziren ikastetxeak eta lagun koadrila ezberdinak. Eguerdiko 12:00ak iristear zirela, euriaren mehatxupean, Txanbolin taldeak kalejira gidatu zuen San Juan plazatik abiatuz eta amaituz. Kalejira itxiz, Lurdes Iriondo musika eskolako trikitilariak gogotsu aritu ziren.
Olentzerori omenaldia
Egape ikastolaren 50. urteurrenarekin batera, abenduaren 24an Olentzerori omenaldia egin zioten. Izan ere, ikastolakoek bidalitako oharraren arabera, Olentzero duela 50 urte Urnietako kale eta baserriak alaitzen hasi zen, Egaperen eskutik.
Fermin Argiñarenaren bertsoak:
Abenduaren hogeitalaua
irrikaz dugu espero.
Egape sortu zen egunetik
txintxo etortzen urtero.
Bihotz oneko eskuzabala,
ezagutzen onezkero
Urnietako ume guztiek
maite dute Olentzero.
Berrogei eta hamar urteak
alperrik ez dira pasa,
neska-mutiko euskal hiztunez
beteta herriko plaza.
Ikatza bezain beltza geroa,
ez nago batere lasa.
Hitz egitea gerta liteke
euskerarentzat arnasa.
Neguko azoka
Abenduaren 23an Egape ikastolak ikasturteko lehen hiru hilebeteari amaiera eman zion Neguko azokaren antolaketarekin. Aurtengo edizioak ukitu berezia izan zuen, Ikastola 50 urteurrena ospatzen ari delako. Hori dela eta egitarauan jarduera berriak agertu ziren. Horietako bat Urnietako baserrien erakusketa izan zen. “Baserriko epeletik urnietarron bihotzera” lelopean, Ikastolak Urnietako baserriak omendu nahi izan zituen. Hamazazpi baserrietatik hurbildu ziren azokara: Adarrazpi, Aierdi, Altzibar, Altzibar Berri, Arizmendi, Azkonobieta, Enbutegi, Garmendi, Goibieta, Goiburu, Montefrio, Oiamar, Oiarbide, Ormazarreta, Pagolerdi, Sagasti eta Xabordegi.
Ikasleek mota ezberdinetako jardueretan parte hartu zuten: Gabon kantak, trikitixa, bertso emanaldiak, irrintzi lehiaketa, txorimaloen erakusketa, herri kirolak…