Amasamendi auzolanean txukun mantentzeko deia

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko abe. 30a, 01:00

Aizkardi mendi taldeko kideek, mendi irteerak antolatzearekin batera, urteak daramatzate Amasamendi eta inguruak txukun mantentzeko auzolandegiak antolatzen.

Aizkardiko kide edota gertuko pertsonekin harremanetan jarrita bideratu izan dituzte aipatu auzolandegiak orain artean. Orain, ordea, deialdia herritarrei zabaltzea erabaki dute, orduan eta talde handiagoa osatu, orduan eta ekimen gehiago abian jartzeko aukera izango dutelako. “Mendi elkarteko kideez gain, herritarrei zabaldu nahi diegu Amasamendi ingurua txukun mantentzeko auzolandegietan parte hartzeko aukera. Gerturatzen den jende kopuruaren arabera ikusiko genuke zein lani emango geniokeen lehetasuna”, adierazi dute Bixente Iguaran eta Juan Luis Irazusta Aizkardiko kideek. Izan ere, inguruan zeregina badagoela uste baitute eta urtarrilaren 10ean Aizkardiren egoitzan 20:00etan egingo duten bilerara gonbidatu dituzte herritarrak.

Landaketa eta berrikuntza
Aizkardiko kideek eginiko azken lanak aipatzearren, teilatua eta egitura oso baldintza txarrean zituen Amasamendiko Praxkuren borda berritzen amaitu dute aurten. “Borda berritzearekin batera, Villabonako Udalak emandako diru-laguntzarekin, Amasamendiko hainbat bide, –PRko ibilbideak barne–, txukun mantentzeaz arduratzen gara, tartean bide berriren bat ere egokitu dugularik. Toponimiari garrantzia ematen diogu eta leku-izenak egoki seinaleztatuta edukitzen ahalegintzen gara; pena bailitzateke  betiko izenak galtzea”, diote. Lasturgo parajearen gainaldean zuhaitz landaketa ere burutu dute 2016 urtean, Aizkardiren baitako Ttonttorrez ttonttor ekimeneko guraso nahiz gaztetxoen laguntzarekin. “Zuhaitz landaketaren aurretik, noski, ingurua garbitu genuen. Larretoki bezala izendatuta zegoen arren, larra besterik ez baitzegoen han”. Hiru urtetan, hiru puskatan burutu da zuhaitz landaketaren egitasmoa. Haritza eta pagoa landatu dituzte bereziki, baina, besteak beste, baita gereziondoak edo astigarrak ere. Ia mila ale, guztira.

Etorkizuneko asmoak
2017 urtean Lasturko errekastoaren gainean zubia eraiki nahiko lukete, alde batetik bestera erraz pasatzeko. “Jende asko ibiltzen da oinez inguru horretan eta errekan ur dezente datorrenerako behintzat, oso lagungarria litzateke zubia”, argitu dute. Bestalde, Kanalen inguruan harria xehetzeko erabiltzen zen Makinetxeko makina erorita eta sasipean dagoela azaldu dute, “inguru hori garbitu eta estalpe batekin egokitzea gustatuko litzaiguke, eta bukatutakoan, ondoan paneltxo bat jartzea. Aurtengo neguan inguru hori garbitu behintzat egin nahiko genuke”, aurreratu dute. Ohi denez, Amasamendiko bideak eta PR ibilbideak txukun eta ondo seinaleztatuta egon daitezen arduratuko dira. “Gure ideia ez da hamabostean behin txukunketa edo berritze lanak egiteko elkartzea, urtean hiru bat bider baizik. Ez da ardura lotuegia izango, beraz”, zehaztu eta herritarrei ingurua txukuntzeko auzolanetan parte hartzeko deia egin diete Aizkardiko kideek.

Ezagutu beharreko altxorra
Juan Luis eta Bixenteren ustez, oro har, kaletarrek ez dute baloratzen Amasamendi ingurua. “Amasamendikoak herri sailak dira, baina herritar gehienak ez dira ohartzen zer nolako altxorra dagoen gainalde horretan. Gehiengoak ez du inguru hori baloratzen eta eremu zabala denez, oso zaila da mantentzea”. Aizkardik orain arteko ahalegina egingo du inguru hori txukun mantentzeko, baina herritarren laguntza eskatzen du, bi eskurekin bakarrarekin baino hobeto egiten baita lan. Bestalde, inguru hori ezagutzen ez duen herritar asko dagoela uste dute eta etxean bertan dauden paraje ederrez gozatzera, gerturatzeko deia luzatu dute.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!