“Mugimenduan dagoen gizartean, eliza ere mugimenduan dago”

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2016ko abe. 29a, 01:00

Irailaren 4an, Bittor Gorria agurtu ondotik, Villabonako apaiz berria da Pedro Luis Uranga Urteaga zumaiarra (1975). Luze-zabalean jardun da elizaz edota gizarteaz.

Zumaiarrak ditu gurasoak eta aitak Donostian lan egiten zuenez, Andoainera etorri ziren bizitzera Pedro L. Urangaren gurasoak. Andoaingo Juan Bautista Erro kalean igaro zituen bere bizitzako lehen bi urteak eta Zumaiara itzuli ziren gero. Bertan hartu zuen apaiz egiteko erabakia.

Villabonan bizi zara egun. Zer moduz kokatu zara herrian?
Kokaten ari naiz oraindik. Leku berri batera egokitzeko bi urte behar direla esaten dut beti. Lehenengo urte horretan urtearen aldi bakoitzean zer nolako ekintzak dauden ikasi behar da eta bigarrengoan, neurria hartzen zaie ohiturei. Noski, berritasunak beti egongo dira eta egon daitezela!
Jendea ezagutzeko prozesua ere mantsoa da. Gauzak gertatzen diren heinean ezagutzen da jendea, pixkanaka. Baina lehen inpresioa oso ona izan da. Herria oso irekia eta anitza iruditu zait. Parrokia ere bizia eta oso abegi onekoa. Pertsona askok hartzen du parte.

Zein ibilbide egin duzu aurretik?
Orain hamabi urte apaiztu ninduten eta Arrasate izan nuen lehenengo destinoa. Han bost urte egin ondoren, Erromara joan nintzen Teologiako lizentziatura eta doktoretza ikasketak egitera, beste bost urtez. Ikasketak bukatutakoan, Azpeitira bidali ninduten. Azpeitian bi urte egin ditut eta Villabonara etorri naiz orain. Destino dezente, denbora gutxian.

Teologiako ikasketez gain, Zientzia zehatzak ere ikasi zenituen aurrez…
Seminariora sartu aurretik Matematika ikasi nuen. Orain ahaztu zaizkit zertxobait, baina oso gogoko nituen eta asko disfrutatu nuen karrera egiten. Nire bizitzaren hasierako ametsak ildo horretatik zihoazen.

Baina beste bide bat hartzea erabaki zenuen …
Prozesu luzea izan zen. Betidanik egon naiz herriko parrokiari lotuta, besteak beste, sendotza ondorengo gazteen taldeetan. Zumaiako parrokoak txikitandik esaten zidan apaiza izango nintzela. Askotan esaten zidan, ni haserretu arte. Mesedez, berriz ez esateko eskatu nion, hori planteatuz gero, dagoeneko ez bainekien egiazko bokazioa izango ote zen edo berak hainbeste aldiz esan ondoren, nire buru barruan sartutakoa. Karreraren erdialdean, hirugarren mailan, Caritasen Aterpe egoitzan edota udalekuetan izandako hainbat esperientziaren inguruan, galdera sendotuagoa etorri zitzaidan udan. Galdera hori serio hartu eta hausnartzea erabaki nuen. Egun Tolosako parroko den Joxe Mari Arrietarekin hizketan aritu nintzen denbora luzean, baita nire bizitzako bide ezberdinak kontrastatzen ere, unibertsitatean ere ate bat zabalduta baineukan. Azkenean, apustua egin eta seminariora joan nintzen, unibertsitateko atea erabat itxi gabe hasieran. Seminarioko bigarren urtean nahiko garbi ikusi nuen hura zela nire tokia.

Bizitzako hainbat aukera alde batera utzita, ez da erraza izango erabaki hori hartzea…
Bizitza osoa hartzen duten erabakiak ez dira errazak. Ezkontzea ez da erabaki erraza ezta bikote batek haur bat izatea erabakitzea ere. Erabaki ederrak dira, baina erantzukizun handikoak. Erabaki batzuek norabide berria ematen diote bizitzari eta norabide berri horrek nolabaiteko koherentzia.  

Egun oso gazte gutxik aukeratzen du apaiz izatea. Zergatik uste duzu?
Gizartea asko aldatu da eta egia da elizaren tokia bestelakoa dela gaurko gizartean. Orokorrean, ez da bakarrik gazte gutxi joaten dela seminariora. Elizarekiko harremana ere aldatu egin da; lehen jende guztia zen eliztarra, baina ez gaur egun. Kristau elkartea demografikoki ere aldatzen doan neurrian, horrek eragina dauka sakramentu ezberdinetan: bataioetan, jaunartzetan, sendotzetan…, eta baita apaizgoan ere.

Zein egoeratan ikusten duzu egun eliza?
Gizartea aldatu egin da eta baita eliza ere. Gure aiton-amonei edo gurasoei galdetuta, Kontzilio II.aren inguruan elizak ere aldaketa handia egin zuen gure garai modernoetara egokitu nahian. Momentu horretan eliza jabetu egin zen gauzak aldatzen ari zirela eta etorkizunean bere tokia ez zela izango aurrez izandakoa. Dena mugimenduan dago. Gizartea gero eta azkarrago doa aldaketen aurrean eta gizarteak berak ere ez du aurkitu bere lekua. Krisi hitza egunero entzuten da gure artean hezkuntzaz, baloreez edota ekonomiaz hitz egiten dugunean. Gure gizarte bizitzaren arlo guztietan erabiltzen dugu krisi hitza, aldaketa sakon bat gertatzen ari dela adieraziz. Krisi horren barruan, eliza ere krisian dago; berak hots egin beharreko berri on hori herritarrei helarazteko zailtasunak dituela ikusten duelako. Akaso ez du asmatzen berri on hori nola helarazi, nola lagundu gaur egungo gizarteari Jainkoarekin bat egiteko. Elizak aldatu beharreko kontu batzuk egon daitezke eta asko ikasi beharko dugu birkokapen prozesu horretan, baina mugimendu orokor horren baitan. Mugimenduan dagoen zerbaiten baitan, egonkortasunaren ametsa, ametsa da; amets nostalgikoa edo utopikoa izan daiteke, baina mugimenduan dagoen gizarte batean, eliza ere mugimenduan dago. Ikusiko da.

Gazteengana iristea izan al daiteke etorkizunera begira elizak duen erronka nagusia?
Askotan aipatzen da hori gure artean eta bai, gazteak badira elizaren erronka, gizartearena diren bezala. Gazteak gure gizarteko ahaztuak direla entzun nion behin norbaiti, gizarteak ez dakiela zer egin gazteekin eta teknikaren eta komunikabideen eskuetan geratzen direla. Gazteengana iristea gure proiektua izan liteke, baina haiekin zubiak aurkitzeko zailtasunak ditugula onartu behar dugu. Bestalde, kristautasuna, fedearen edertasuna helduek ezagutu zutelako zabaldu zen. Geroztik familia izan da fedea transmititzeko gune espeziala. Polonian, esaterako, komunismoa zegoenean errosarioa errezatzen zuten amonei esker mantendu zen fedea. Ez dakigu etorkizunak nondik joko duen. Nik uste ditugun aukera guztiak aprobetxatu behar ditugula, bizitzak batzuetan galdera xelebreak sortzen dituelako. Gaur egun ez dira batere ohikoak Jainkoaren inguruko galderak. Gure herriak ez dirudi Jainkoaren beharrik duenik eguneroko bizitza aurrera eramateko, baina batzuetan, ohikoak ez diren kezkak, ulertzen ez ditugun sentimenduak edota haserreak sortzen dira eta pertsona sentsibleago bihurtzen da fedearekiko. Kasu horietan pertsonari zer esnatu zaion ulertarazten saiatzen gara. Beti ere, pertsonaren askatasuna errespetatzen dugu, ez baitago federik askatasunik gabe. Denbora gutxi daramat, baina hainbat pertsonek euren barrua askatuz, konfiantza adierazi didate eta oso gauza ederra da hori.

Zer bultzatu edo eragin nahiko zenuke Villabona mailan?
Oraindik ez daukat erantzun garbirik horretarako. Denbora beharko nuke. Parrokia lanean ari da. Caritasek funtzio garrantzitsua betetzen du herriari begira eta parrokiak ere hainbat ekintza antolatzen du: Erregeen kabalgata, danborrada… Parrokiaren barneko bizitzak –katekesi familiarra, eukaristiak…–, eragin ezkutu eta xumea du, baina badu eguneroko bizitzan. Hala ere, oraindik ez nuke Villabonan zer bultzatu behar den esaten jakingo.

Eguberri garai betean gaude, sinesmenari begira zentzua galdu al dute data horiek?
Eguberriak aldatu egin direla garbi dago eta gizarteari begira, kristau sinesmenak zuen zentralitatea orokorrean galdu egin dela. Iragarkietan ikus daiteke hori. Olentzero bihurtu da Eguberrietako protagonista, pertsonaje zentrala. Azpeitian entzun nuen Olentzeroren kantuaren letra aldatu egin dela Jesus ez aipatzearren. Esan bezala, gizartea aldatzen ari da eta ez elizak eta ez kristau fedeak ez dauka lehen zeukan zentralitaterik. Kontestua aldatu egin da, baina kristau elkarteak Jesusen jaiotza oroitzen eta ospatzen du. Baldintza berri horietan kristau elkarteak bere bidea aurkitu behar du, funtsezkoa eta bere pozaren arrazoia duen hori ospatzeko. Elementu berriak agertuko dira: hainbesteko zarataren erdian isiltasuna, kontsumismoan ez erortzeko puntu kritikoa… Betiere erronka bat da. Orain ez da hainbeste aditzen, baina Eguberriak kristau zentzuan asmatu zirenean ere, festa paganoak ziren. Azken finean neguko solstizioa ospatzen zen eta kristautasuna Erromako inperioan zabaltzen ari zenean, orduan kristautu zuen solstizioaren festa hori. Kristau fedea gizartean desagertzen edo leku berri batean kokatzen ari bada, kristau festak berrasmatzea datu koherentea da gertatzen ari denarekin.

Zer eskaini beharko lioke elizak gizarteari?
Kristau elkarteak Jesusengan agertu zaigun Jainkoarekin bat egitea du bere funtsa eta erronka. Hori da bere izatea, hori eskaintzen dio herriari eta hori du erronka. Ez bakarrik besteei trasmititzea, gu ere sinesten dugunarekiko gero eta lehialago izatea baizik. Eta guk ere Jainko hori bilatu eta ezagutzea, nahiz eta egungo gizartean askotan ezkutatuta dagoela iruditu. Guk, ordea, hor dagoela sinesten dugu.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!